‘La ópera de tres centavos’
Egileak: Bertolt Brecht, Elisabeth Hauptmann. Musika: Kurt Weill. Musika zuzendaritza: Miguel Malla. Argiak: Juan Gomez-Cornejo. Eszenografia: Mario Vega. Jantziak: Elda Noriega. Mugimendua eta ahots aholkularia: Oscar Martinez-Gil. Antzezleak: Coque Malla, Andra Guasch, Carmen Barrantes, Paula Iwasaki, Cristina Garcia, Miquel Mars, Omar Calicchio, Pablo Novoa, Nestor Ballesteros. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 14.
Bertolt Brechten Die Dreigroschenoper duela ia ehun urte estreinatu zen Berlinen, Kurt Weillen musikarekin beste batzuetan bezala, eta muntaiaren esku-programan aipatu digute Brechtek Elisabeth Hauptmannen kolaborazioarekin idatzi zuela obra enblematiko hau. Hauptmann Ekialdeko Berlinen zendu zen 1973an Meritu Patriotikoaren Ordena jasota, baina ia beste daturik ez dugu haren inguruan, Brechten kolaboratzaile ohikoa zela dioten aipuez aparte.
Egunotan Bilboko Arriaga antzokian ikusi dugun muntaian ekoizpen handien ezaugarriekin etorri da, eta baliteke arrakastaren arrazoia izatea Coque Malla delako izar espainiarrak Mackie protagonistaren rola hartu izana.
Esan bezala, lehengo begiradan musikal handi baten aurrean aurkitu gara, eta denbora osoan eutsi diote maila horri: zortzi musikarik osatutako orkestra txikiak bete du agertokiaren atzeko eta goiko aldea, eta haien artean hamasei instrumentu jo dituzte, Kurt Weillen sarrera interpretatuz eta abestiak lagunduz. Bide batez esanda, ondo dago azpimarratzea musikaren izaera gozakaitza, batzuetan kabaretetik hurbil dagoena eta beste batzuetan zakartasunetik, argumentuaren garraztasunaren konplizitatean.
Eremu eszenikoaren diseinuak soiltasunera eta praktikotasunera jo du. Ohol mehez egindako lau egitura mugikor handirekin girotu dira argumentuko eszenak, eta haien leiho, ate, eskailera, balkoi eta plataformen erabilerak dinamismoa eta barietatea eman diote tragikomediaren garapenari. Bestetik, eta Miguel Mallaren zuzendaritzapean, efikazia handiz jardun dute haiek guztiek, ekipo trinko eta ondo koordinatua osatuz eta umore pasarteak han-hemenka tartekatuz, miseriak, esplotazioak eta zinismoak sortutako umore beltza izan arren. Hala ere, nekagarriak egin zaizkit umorearen izenean antzezleek rol berri bakoitzaren hasieran egin dituzten aurkezpen esplizituak, Brechten distantziamendu izpirituarekin bat etor zitezkeenak, baina egiatan didaktikoegiak suertatu direnak.
Amaiera aldera, eta erreginaren koroatzearen egunean Mackie urkatu behar dutenean, Brechten esaldi famatuetariko bat diosku protagonistak: «Azken finean, zer da gaiztoagoa, banku bat lapurtzea ala hura fundatzea?». Eta ideia horrekin batera Frederic Bastiat XIX. mendeko baionesaren beste hau etorri zait burura: «Legea ez da inoiz zapalduen babeslekua, boteretsuen arma baizik».