Barakaldoko Libreramente liburu dendak salatu du «faxistek» eraso diotela

Dendaren erakusleihoko kristalak zulatu dizkiete asteburuan. Liburuzainak «tristezia» azaldu du, baina irmo adierazi du erasoak ez duela kikilduko batere.

Erasotzaileek zenbait zulo egin zituzten Libreramente dendaren erakusleihoko kristalean. LIBRERAMENTE
Erasotzaileek zenbait zulo egin zituzten Libreramente dendaren erakusleihoko kristalean. LIBRERAMENTE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko martxoaren 26a
11:00
Entzun

Barakaldoko Libreramente liburu dendaren erakusleihoa zulaturik esnatu zen larunbat goizean, kristala puskaturik, eta honela adierazi zuen jabeak handik ordu gutxira: «Ez dakit erasoa den tristea, edo tristea den pentsatzea berandu gabe egin diotela eraso beste liburu denda bati. Ematen baitu jomuga argia garela faxista nabarrentzat». Irmo, erasoaren erantzuleak «faxistak» direla salatu dute Libreramenteko kideek.

Ezagun da dendaren eta bertan antolatzen diren askotariko jardueren izaera antifaxista eta feminista, eta, hain zuzen, bide berean segitzeko grina berretsi dute erasoa salatzearekin batera. «Egin diezagukete eraso behin eta berriz, milaka aldiz; beste mila urtez segitzeko adinako kemena daukat», esan du jabe eta liburuzainak. Erakusleihoan egin dieten zuloetako bat estaltzeko hartutako pegatinan ere bistaratu dute gogo hori: Libreramente antifaxista.

Erasoa salatu dutenetik, dozenaka herritarrek, elkartek eta proiektuk adierazi diete elkartasuna Libreramentekoei. Besteak beste, erasoa gaitzesteko ohar bat plazaratu du Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak. «Sakonki tristatzen gaituzte eraso negargarri honetan agerian gelditutako biolentziak eta intolerantziak», adierazi dute, eta nabarmendu Libreramente «konpromisoz betetako» espazio bat dela, «ideien aterpea, aniztasunez betea». Gainera, salatu dutenez, «ezagutzarako eta kultura partekatzeko leku bati eraso egitea gizarte aske eta demokratiko baten zutabeei eraso egitea da». Heinrich Heineren aipu bat erantsi dute, azkenik. Honela dio: «Liburuak erretzen diren tokian, gizakiak ere erretzen dira azkenerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.