Baina hau pelikula bat izan beharrean goi mailako literatur lan bat izango balitz, pertsonaien psikologian barneratzeko prest eta egoeraren sakontasun moralean igeri egiteko kapaza, istorioa hilabete batzuk lehenago hasiko litzateke ziurrenik. Akzio gutxiago, akaso, baina hausnarketarako parada handiagoa, seguru.
Tokia, berbera. Dagoeneko hain ezaguna zaigun Marceau hiribidea eta 11. zenbakian zutitzen den etxe elegantea. Pertsonaiak ere, berdintsuak, baina oraingo honetan, antzerki espektakular guztia zabaldu beharrean (fuera Gestapoa eta rausch eta Achtung), ganbera-pieza batekin konforma gaitezke. Zerbait txikia baina intentsoa. Fokua itxi eta, aukeran, dagoeneko ezagunak zaizkigun bi pertsonaiarekin geratuko ginateke.
Bata akzio betean ikusi dugu jada. Bestea pasadaz baino ez da aipatua izan.
Hauek dira ganbera-pieza honetako protagonistak orain:
Urraca eta Agirre.
Aurrez aurre. Polizia frankista eta Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria. Biak daude Parisen 1940ko hasieran. Are gehiago, biak daude Pariseko etorbide berean garai bertsuan. Errepideak baino ez ditu banatzen. Marceau etorbidearen 11. zenbakian, esan dugu jada, Eusko Jaurlaritzaren erbesteko egoitza dago. Parez pare, Marceau etorbidearen 22.ean, berriz, Espainiako enbaxada. Handik, beste bilbotar bat, José Félix de Lequerica Erquiza, Francoren enbaxadorea, Frantzia erbesteratutako errepublikazalez garbitzearekin tematu da. Hilabeteak daramatza beste euskaldun batekin, Jean Ybarnegarai diputatu baxenafar eta faxistarekin, errepresio horretarako konspiratzen, eta ez gutxik Gurseko kontzentrazio esparruan amaitu dute haiei esker. Txalogarria benetan Euskal Herriko bi aldeetako anaia hauek elkarrekin burutzen ari diren lana.
Onena, baina, heltzear da. Alemaniarren okupazioak, ekaineko ezusteko ekaitz horrek, dimentsio berria emango dio errepresio-misioari: hor egingo du dir-dir euskaldun hauen lanak. Alfonbra gorria jarri dio Lequericari munstroak, eta alfonbra zapaltzera doa segituan bilbotarra.
Baina hori gero izango da, orain atzera egin dugu eta 1940ko urtarrilean edo otsailean gaude. Nazien etorrera itxaroten du Lequericak, eta halaxe egiten du haren txakur ondo entrenatuak ere, zorioneko Pedro Urracak, lagunentzat –lagunik balu– Perico, alemaniarrentzat Unamuno. Zain eta zain, lagun alemaniarra noiz helduko, ordena noiz berrezarriko.
Bereziki mingarria behar du izan, itxaronaldi honetan, Marceau 11ko jauregitxoa begi bistan edukitzeak etengabe. Jauregiko azken pisura igota, ikurrinaren gainetik, Espainiar enbaxadaren ikuspegi ezin hobea dute Eusko Jaurlaritzako kideek ere, bereziki lorategiarena. Hara ateratzen da sarri, paseoan, Lequerica bera. Saiatzen da enbaxadore biboteduna 11. zenbakira ez begiratzen. Zertarako. Benetako erregimen bateko enbaxadorea da bera, Europa osoa konkistatzear den ideologia baten ordezkari. Euzkadi izeneko amesgaizto horretan sinistu duten txorimalo horiengan arreta jartzea makurtzea litzateke. Urracak, aldiz, plazer sadiko bat hartzen du lorategitik Euzkadiko gizontxo horien joan-etorriei begira. Oldarkor, jauregitxoaren leihoetara begira geratzen da, eskuak poltsikoetan, txistuka. Badaki, jakin, euskaldunak koldarrak direla izatez. Ondo ezagutzen du jendilaje hori. Bertara sartuko den eguna du helburu. Txiza egingo du alfonbra lodi horien gainean, gustura egin ere. Baina horretarako imajinaezina dena gertatu behar da. Eta imajinaezina ez da ekainera arte gertatuko.
Pazientzia, beraz.
Tarteka, Pedro de Basalduak abisatzen dio Agirre lehendakariari:
—Hortxe dago berriro.
Agirre ere saiatzen da ez begiratzen, nahiz eta batzuetan tentazioa handiegia suertatu. Paper batzuekin gerturatzen da leihora eta gauza inportanteen erdian egotearen plantak egiten ditu Urracarentzat. Esku batean zigarreta eta bestean txosten bat. Gero, beste zigarreta bat eta beste txosten bat. Agian ez da itxurakeria, sekulakoa baita bere lan erritmoa egun horietan, beti izan den bezalakoa. Aberrira bueltatzeko prestatzen ari da, Frankismoaren erorketa definitiboan pentsatzen: Europako gerrak zabaldu du aukera argia, mundu librea faxismoaren aurka, eta ez luke denbora gehiegi galdu behar historiako istripu tamalgarri horrekin, momentu horretan Urracaren itxurapean agertzen zaiona, lorategi dotore horretan.
Pazientzia, beraz.
Hirugarren pertsonaia batek, urrundik, bi gizon horiek behatuko balitu, lorategiko boxeolaria eta leihoko erretzailea, oso antzekoak direla esan lezake, ez anaiak, baina bai lehengusuak akaso: ile beltza atzerantz orraztua eta soilguneak bistan, sudur inportanteak, belarri handiak eta konplexio fuertea. Hala ere, itxuraz harago, zaila da mamian eta ariman bi gizon desberdinago irudikatzea. Emango luke mundura heldu direla antzeko kartekin, eta gero, estreinako arnasa hartzearekin batera, izugarrizko ahaleginak egin dituztela partida ahalik eta estilo ezberdinenarekin jolasteko.