‘Kaka’
Ekoizpena eta zuzendaritza: Erika eta Xanti. Testua: Kepa Errasti, Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala. Eszena zuzendaria: Espe Lopez. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez. Musika eta hitzak: Liki Likatsu, Leka records. Argiak: Imanol Garcia. Antzezleak: Xanti Agirrezabala, Ainhoa Aierbe, Iñigo Aranbarri, Erika Olaizola. Lekua: Getxoko Muxikebarri aretoa. Eguna: Otsailak 7.Â
Barrenak hustea asko kostatzen omen zaigu euskaldunoi, baina behin eginda lasaiago geratzen gara eta konfiantza handia lortzen dugu gure hustuketaren lekukoa izan denarekin.
Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak osatu duten Erika eta Xanti taldeak eskuratu zuen Korrika Kulturalaren beka duela bi urte, eta haren emaitza da orain ikusi dugun Kaka antzezlana. Ez pentsa, ordea, lanaren bira orain hasi denik, iazko azarotik dabiltzalako eta apirila arte ibiliko direlako Euskal Herri osoko leku askotan antzezten.
Kepa Errastiren hasierako gidoi batetik abiatu ziren Olaizola eta Agirrezabala Kaka honi forma emateko, eta aurkezpen ekitaldian honela aurkeztu zuten: «Norbanako, kolektibo edo herri moduan batzen gaituen baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze festa izango da Kaka». Eta gero gehitu, «komedia bat izango da, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo, jostari, ganberro eta probokatzailean agerian jarriko dituena».
Horra hor planteamendua, beraz, eta lerro hauetatik ezin dut gehiagorik esan. Esan dezaket, ordea, hasierako karteletan beste izen edo aurpegiren bat agertzen zela, baina oraingo taldean Ainhoa Aierbe eta Iñigo Aranbarri daudela, lehen aipatutako Xanti eta Erikaz gain. Hasieratik bertatik transmititu digute segurtasun sentsazioa, eta benetan gozagarriak izan dira lauren antzezpenak, gorputzen keinu egokien, ahoskera garbiaren eta ahots-proiekzioaren bidez. Kontu horietan insistitzen dut, zeren eta aurreko egun batean ikusle batek azpimarratu zidan deklamazioa dela aktore baten tresna nagusia —eta ni, ados— eta, haren aburuz, azken boladan badirudi modan jarri dela ahoskera zabarra, ustezko naturaltasunaren izenean. Eta ni, ados berriro.
Eszenografiaren diseinuak lur azpiko estolderiako hodi potoloak eta haien gurutzaketak irudikatu ditu eta baliagarria suertatu da agertutako kakaren analisien gela eta Ertzaintzak egindako galdeketak itxuratzeko. Gris gamako trajeek benetakotasun puntua eman diote lanari —aurreko eszenetan buzo zuriz jantzita agertu da Aierberen pertsonaia—, eta hoditeriaren arrosa koloreak, ordea, fantasia kutsuz blaitu du printzipioz ezinezkoa zena.
Gaurko euskal musikako pasarte batzuek hornitu dute noizean behin kontakizuna, jatorrizko hitzak aldatuta, eta horrek guztiak egoki bihurtzen du antzezlana bai publiko orokorrarentzat bai AEKren bidez euskaraz trebatzen ari direnentzat. Adi Kaka-rekin, beraz. Barrenak hustu arte!