Errolda egin zuten urtean jaio zen Larbi Lehbib (Aaiun, 1974). Hizketan ari den bitartean, makina bat aldiz marraztu duen lehoiaren silueta egin du beste behin ere koaderno batean. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan, ezerezaren ezerezean, egunak eternalak dira: «Amarekin eta amonarekin egin genuen ihes bonbardaketatik. Amonak kontatu zidan bi aste pasatu genituela hona iritsi arte. Mercedes kamioi batean etorri ginen. Rabunin ikus daiteke oraindik ere kamioi haren eskeletoa, abandonatuta... Bucrako fosfatoa garraiatzeko erabiltzen omen zuten». Lehbibek urtebeterekin utzi zuen jaioterria. Mendebaldeko Saharako hiriburua atzean utzi, eta ekialderantz abiatu ziren. Haima batena da haren lehen oroitzapena: «Haima beltz bat zen, gizon bat gerturatu, besoetan hartu eta musukatzen hasi zitzaidan. Musker bat oparitu zidan. Gerora jakin nuen aita zela. Ikusi nuen azkeneko aldia izan zen».
Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko gerra bete-betean zen garaiaz ari da artista: «Aita Tukateko batailan hil zuten, 1976an. Mohamed Abdelazizekin zegoen, gure presidentea izango zenarekin». Miresmenez begiratzen dio arte gune xumearen atarian paratu duen aitaren argazkiari. Lehbibek, artean, ume baten begirada dauka. Lehen aldian bezala begiratu dio hamaikagarrenez marraztu duen lehoiari: «Arteak dena esan nahi du niretzat, nire bizitza da».

Smarako Sorkuntza Artistikorako Zentroan, heriotzorri, mihilu, zumintz eta basailen artean, hainbat obra ikus daitezke han eta hemen sakabanatuta; muralak, eskulturak... Herri sahararraren sinboloak dituzte ardatz artelan guztiek: «Gure herriaren identitatea eta kultura ezagutzera emateko tresna gisa ulertzen dut artea; gure herriaren borroka aldarrikatzeko modu bat da, gure memoria bizirik mantentzeko modu bat. Herri duin bat gara, harroa...».

Mendebaldeko Sahararen forma duen pieza hartu du esku artean. Tailerrean dena dago pilatuta; paperak, liburuak, taulak, margoak, hondarrez betetako ontziak... Lehbib hondarrarekin margotzen duen artista da. Desertuan hondar mota ezberdinak daudela dio eta bakoitzak izen bat daukala: «Dunetako hondarra erabiltzen dut gehien, guerd; oso hondar fina da, arin-arina. Nabga, berriz, zakarragoa da, ilunagoa, eta sansal hondar zuria da». Basamortuko paisaiak egiten ditu ñabardura ezberdineko hondar aleekin: «Sahara hitzak basamortua esan nahi du. Hondarra gure herriaren sinboloa da; basamortua bera erabiltzen dut sortzeko», dio, irribarrez.
Marrazkiak egiteko erabili zuen lehen elementua, baina, ez zen hondarra izan: «Hemen ezertxo ere ez zegoen iritsi ginenean, jatekorik ere ez genuen. Txizarekin marrazten nuen, txiza egitean. Ez nuen besterik, eta txiza ez da amaitzen. Txoriak marrazten nituen, eta bestelako animaliak ere bai».
Klarionak eta eskola
Gerora etorri ziren klarionak. Artistak erranairu arabiar bat ekarri du gogora klarionek sortu zioten lilura adierazteko: «Inoiz ez duzu gau berde bat ikusi». Lehbibek maiz sentitu izan du lehen aldiaren txundidura: lehen eskola ikustean, lehen arbela ikustean, lehen mahaia ikustean, lehen izozkia ikustean, lehen txinalak ikustean. «Wilaya bakoitzean eskola bat eraiki zuten. Nik ez nekien zer zen eskola bat. Klarionak ikustean zoratu egin nintzen. Txizarekin marrazten nituen animaliak marrazten zituen irakasleak arbelean. Orduan jakin nuen artista nintzela. Orduak pasatzen nituen klerei begira, laztandu ere egiten nituen, euren hautsa jasotzen nuen... Gela garbitzea festa bat zen niretzat».

Orduan ikusi zuen estreinakoz arbelean irakasleak trazatutako lehoiaren silueta hura. «Sorginduta geratu nintzen. Harrezkero, askotan marraztu dut: lurrean pintatzen nuen, gero arbelean eta geroago paperean...».
Eskolako margolaria izendatu zuten hirugarren mailan: «‘Larbi marrazkilaria da’, esaten zuten, eta horrexegatik oso errespetatua nintzen. Orduan deskubritu nituen koloreak, pintzelak, akuarelak...». 14 urterekin, lehiaketa batera bidali zuten haren marrazki bat. «Afrikako 55 herrialdetako ikasleak lehiatzen ginen. Nelson Mandelaren irudia marraztu nuen. Hirugarren geratu nintzen, eta agintari sahararrek ez zekiten zer egin; banderarik ere ez zuten. Amari elkarrizketa bat egin zioten irratian».
Kubako garaia etorri zen orduan. Arte Ederretan lizentziatu zen, eta hamazazpi urte eman zituen uhartean. Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara itzultzean kostatu egin zitzaion kokatzea, berriz ere bizimodu horretara moldatzea, erritmora, ohituretara, kodeetara, baina argi izan zuen artea izango zela bere herriaren alde ekiteko modua. Bojadorko Arte Eskolako irakasle izan zen urte luzez, eta, 2016an, bere gune propioa zabaldu zuen, beste artisten obrentzat ere irekita dagoen espazioa.

Bitartean sortzea izan du kezka. Eskultura enblematikoak egin ditu kanpalekuetan eta baita hainbat mural eta obra ere. Artearen bidez egin du erresistentzia, eta artearen bidez aldarrikatu du bere herriaren askatasuna, inoiz ez baitu ahaztu nor den: «Martiri baten eta ama iraultzaile baten semea naiz. Espainiako kolonialismoaren garaian manifestazioetara joaten zen ama, eta, okupazio garaian, nazio askapenerako mugimenduan sartu zen. Atzerrian ibili zen gure borroka ezagutarazten. Ni 2015ean sartu nintzen lurralde okupatuetara, aitarena izan zen etxea berreskuratzera. Saharako ikurrak eraman nituen ezkutuan».
Okupazioa eta errepresioa
Haurtzaroko oroitzapenak errenkan datozkio: «Biluzik eta oinutsik, zorriz beteta, gosez, bizirik irauten, harik eta nazioarteko diru laguntza iritsi zen arte. Libiatik ekarri zuten gure haima txikia. Ilargi Gorriak datilak eta latak banatzen hasi zen orduan. Ez dut sekula ahaztuko nire lehen baloia, ezta emakumeen garrasiak ere gerran semeren bat galdu zutela jakiten zutenean».
Saharako gatazkak erabat zeharkatu du artistaren bizitza; exodoa, erbestealdia, gerra... «Baina gure iraultza sendoa da, gure gerrillariek aurkariaren hegazkinak suntsitu zituzten, eta hori apenas zutela armamentua, eta emakume sahararrek beste iraultza bat egin dute; nire miresmen osoa daukate». Egungo egoerarekin ere kezkatuta dago, berriz ere gerran direlako, prezioak izugarri garestitu direlako, gazte askok sakelakoei begira pasatzen dutelako eguna... Eta ez da ahaztu lurralde okupatuetan bizi diren sahararrekin: «Mendebaldeko Saharan errepresioa itzela da, gero eta kolono gehiago dago, eta gure baliabide naturalak kentzen dizkigute. Marokok gure memoria eta gure kultura deuseztatzen saiatzen ari da, gure izenak debekatu ditu...».
Iruñetik ari da hizketan orain. Civicaneko atarian haima berezi bat paratu zuten otsailean; gizateriari argi egiten dion haima. Sandship elkartearen proiektuaren aurreneko ekintza izan da; eta bertan tailer bat eman zuen Lehbibek: koloretako hondarra erabili zuen paisaiak eta lehoiak margotzeko.