Hiru pantaila erraldoi, bozgorailuekin egindako dorre altu bat, eta onartutako dezibelak gainditzen dituen musika zaratatsua. Basamortuan antolatutako rave bat bilakatu dute Donostiako Tabakalera kultur zentroko 2. erakusketa aretoa. Oliver Laxe (Paris, 1982) zinemagilearen lana da, eta Egin dantza inor begira ez balego bezala izena darama. Madrilgo Reina Sofia museorako sortu zuen Laxek, eta iazko urrian estreinatu zuten; orain, Tabakaleran kokatu dute, egokituta. Gaur aurkeztu diete lana hedabideei, eta nondik norako guztiak azaldu dituzte. Bertan izan dira Laxe, Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Julia Moraindera Reina Sofia museoko ikasketa zuzendaria eta Chema Gonzalez Reina Sofiako zinema eta medio berrien arduraduna. Bihartik urriaren 12ra bitarte egongo da ikusgai instalazioa.
Bi elementu nagusik osatzen dute aretoa. Alde batetik, gelara sartu bezain pronto, piramide baten gisa kokatutako bozgorailu mordoa dago, eta oso ozen proiektatzen dute musika, aretoko hormak dardara batean jartzeraino. Laxek atsegin du bibrazio hori, eta, bitxikeria gisa, Reina Sofian gertatutako anekdota bat kontatu du Gonzalezek: «Egun batean, zaharberritze lanak egitera etorri ziren museora, eta eskatu ziguten musikaren bolumena jaisteko, Picassoren Gernika koadroa dar-dar egiten ari baitzen». Tabakaleran kokatu behar zutenean, aretoaren inguruan zer zegoen begiratu zuen Laxek. Liburutegi bat zegoela esan zioten, eta aitortu du hasieran beldurtu egin zela, bolumena jaitsi beharko zuela pentsatu baitzuen. Egoitza bisitatu ostean, berriz, gainean jolas areto bat zegoela ikusi zuen; beraz, «lasaitu» egin zen.
«Egun batean, zaharberritze lanak egitera etorri ziren museora, eta eskatu ziguten musikaren bolumena jaisteko, Picassoren Gernika koadroa dar-dar egiten ari baitzen»
CHEMA GONZALEZ Reina Sofia museoko zinema eta medio berrien arduraduna
Bestetik, basamortuko irudiak proiektatzen dituzten hiru pantaila handi daude, eta horietan tenpluak, bozgorailuak eta dantzan ari diren gizakiak ageri dira. Laxek berak azken hamar urteotan Iranen eta Marokon grabatutako irudiak dira, eta Sirat bere azken filma ikusi duen orori ezagunak egingo zaizkio bai kokalekua, bai pertsonaiak; izan ere, filmarekin harreman zuzena dute. Hamabost minutu inguru irauten du pantailetan ageri den bideoak, eta behin eta berriz erreproduzitzen da.
Zinemagile bat artista bilakatuta
Zertan lagun diezaioke arteak zinemari, eta zinemak arteari? Galdera horixe jarri du mahai gainean Reina Sofia museoko ikasketa zuzendariak, eta zinemagilea hari erantzuten saiatu da. «Niri kosta egin zait hegemonikoa izatea zineman, oso kontserbadorea, industriala eta garestia baita esparru hori. Hortaz, zaila da esploratzea eta bertan galtzea. Uste dut oso aberasgarria dela zinemagileei aukera ematea artearen bidez esploratzeko». Hori dela eta, iritzi dio artean ez duela zertan gauzak justifikatu, zineman egin behar duen bezala. «Hemen ikusten duzue nolakoa den artista bat, zer den artista izatea eta nola jokatzen duen», zehaztu du. Zinemagilea artista bilakatu da, eta arteak Laxeri ematen dion askatasuna aski ongi islatzen du obrak. Izan ere, artistaren iruditeria pertsonala eta unibertso sortzailea argi eta garbi ikus daitezke bertan.
Artea eta zinema batzeko asmotan, Tabakalerak eta Reina Sofia museoak elkarlanean abiatu zuten egitasmoa, eta helburua «zinemaren, ikusizko arteen eta bestelako praktika garaikideen arteko gurutzaketatik sortzen diren proiektuak sustatzea» dela azaldu dute Tabakalerako kideek. Bi eragile horiei Donostiako Zinemaldia ere batu zaie, sorkuntzarekiko konpromisoa eta erakusketa formatu berriak bultzatzeko asmoz.