Basarri kazetari gaztearen lanak

Bertsolariak 1931 eta 1936 artean idatzi zituen kronikak bildu ditu liburu batean Joxemari Iriondok

Inazio Eizmendi Manterola Basarri, Jose Ariztimuño Aitzol-engandik oroigarri bat jasotzen, Zarauzko batzokian 1935eko urtarrilean egin zioten omenaldian. BIDEGILEAK BILDUMA.
Juan Luis Zabala
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Inazio Eizmendi Manterola Basarri bertsolariaren jaiotzaren lehen mendeurreneko ekitaldiekin bat eginez, hark 36ko gerra hasi aurretik argitaratutako kazetari lanak bildu eta argitaratu ditu Joxemari Iriondok Basarri. Zarauzko berriak, 1931-1936 liburuan (Gipuzkoako Foru Aldundia). Auspoa bildumako 327. liburua da Iriondok Basarriren artikuluak bilduz apailatu duena.

Euzkadi egunkariaren Errijetatik sailean 1931ko azaroaren 11n argitaratutakoa da liburuan jasotako artikulurik zaharrena, Gudari, Basarrik 18 urte bete aurretik idatzitakoa. Azkena, berriz, Pagotako eguna, egunkari bereko sail berean 1936ko maiatzaren 21ean argitaratua da, 36ko gerra hasi baino aste gutxi lehenagokoa. Liburuan jasotako testu denak jatorriz Euzkadi eta El Día egunkarietan argitaratutakoak dira. Orotara, 84 dira bildutako artikuluak.

Liburuari ezarri dion hitzaurrean, honela deskribatzen du Iriondok Basarrik garai hartan kazetari gisa egin zuen lana: «Aldi hartan kazetaritza-lana honelatsu banatu zuen, argitalpen ezberdinetan, beti ere 'euskaldun fededun' sinesmen haundiko eta kazetari freelancer autonomo bezala, bere iritzia argi eta garbi azalduz».

Iriondok liburuan jasotako Basarriren kronika gehienak Zarauzko berri emanez idatzitako ohar laburrez osatuak dira. Oso baliagarriak dira garai hartako Zarautz nolakoa zen jakiteko. Zarauzko argazki zaharrak ere bildu ditu liburuan Iriondok, testuen ilustrazio moduan. Horregatik guztiagatik, liburua bereziki interes handikoa da, Iriondoren ustez, adin nagusiko zarauztarrentzat.

Basarriren kazetari lanak biltzen eta argitaratzen jarraituko du Iriondok, eta udaberrian bi liburuki argitaratzeko asmoa du. Aurretik ere Basarriren lanekin hainbat lan argitaratua da, denak Auspoa sailean.

Bertsolari kazetaria

Basarrik 1929an argitaratu zuen bere aurreneko bertsopapera, Euzkadi egunkarian; azkena, berriz, 1994an, El Diario Vasco egunkarian. Bertsolarien Txapelketa Nagusia irabazi zuen 1935ean, eta Txirritaren ondorengo bertsolaritzaren aita pontekotzat jotzen dute adituek. Baina bertsoak ez ezik hitz lauz idatzitako artikulu asko ere argitaratu zituen denbora tarte zabal horretan Basarrik, Iriondok liburuan azaltzen duenez: «Gerra aurretik, Euskal Herriko gizartearen eta euskararen egoeraz, politikaz, bertsolaritzaz, herri kirol eta herri mugimenduez…». Prentsan artikuluak idazteaz gain, irratirako ere lan asko egin zuen berri-emaile eta komentarista gisa.

Beste ogibide batzuetan aritu beharra ere egokitu zitzaion: ertzain eta gudari izan zen 36ko gerra hasitakoan; eta Landesko (Frantzia) pinudietan baso-mutil lanetan aritu zen ondoren, 1937tik 1940ra bitarte.

Basarrik idatzitako artikuluak liburuan biltzean, «aldaketa txikiren batzuk» baino ez ditu egin Iriondok testuetan, ortografia kontuei dagokienez, eta horien berri zehatz-mehatz eman du hitzaurrean. Aldaketa guztiak irakurleari «bidea errazteko» asmoz egin ditu Iriondok, eta «Basarriren onerako» izango direlako pentsatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.