Agustin Ibarrola, baso egin zen artista, hil da

Omako basoa sortzeaz gain, Euskal Arte Eskolak sustatu zituen, eta militante nabarmena izan zen frankismoaren aurka lehenik, eta ETAren aurka ondoren.

Agustin Ibarrola
Agustin Ibarrola, Santanderren (Espainia), 1999n. ESTEBAN COBO / EFE
Iñigo Astiz - Uxue Rey Gorraiz
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Agustin Ibarrola margolari eta eskultorea hil da (Basauri, Bizkaia, 1930 - Bilbo, 2023). Osasunagatik urteetan agerraldi publikoetatik urrunduta egon ondotik, orain dela hiru aste artistaren figura eta obra berriz ere izan ziren notizia esanguratsu, Omako basoa berriz irekitzeko ekitaldian. Notizia bestelakoa izan zen atzokoa, goizean goizetik izan baitzen haren heriotzaren berri. Arrasto eta ondare handia utzi dituzte haren begiradak eta eskuek. Edonola ere, heriotza aurrean zuelarik heldu zaio Euskal Herriaren aitortza Ibarrolari. Hainbat urtez, ez zitzaion batere erakusketarik eskaini artistari, eta, hain justu, azken bost urteotan erdietsi du haren izenak presentzia arte albistetan. Esaterako, 2020an, hari eskainitako bi atzera begirako zabaldu zituzten, biak Bilbon: bata Rekalde aretoan, eta bestea hiri bereko Lumbreras galerian. 2021ean, berriz, Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa bat ireki zuen Ibarrolaren Gernika obrari eta haren testuinguruari buruz. 93 urterekin hil da.

Nagusiki, haren semeek lan egin dute aitaren figura lehen lerrora eramaten, eta haiek izan dira artistaren ahotsa aurkezpen eta prentsaurrekoetan. Aitak azken ordura arte lanean jarraitu zuela zehaztu zuen aste honetan bertan Irrintzi Ibarrola semeak. Herenegun, Durangoko Arte eta Historia Museoak (Bizkaia) Ibarrolaren paper lanei buruzko erakusketa bat zabaldu zuen, eta han ikusgai diren lanetako batzuk aurtengoak dira, izatez. Egun pare bat joan dira, eta ez kasualitatez, haren azken lanen erakusketaren irekieraren eta haren heriotzaren albistearen artean.

Agustin Ibarrola artistak etengabe egin zuen talka frankismo sasoiko debekuekin. Bost aldiz eraman zuten espetxera bere sasoi hartako militantzia komunistagatik, jardun artistikoa zentsuratu zioten, hitzaldiak ere zaindu zizkioten, eta eskuin muturreko militanteek baserria erre zioten, baina sortzen jarraitu zuen. Artea eta politika uztartuta joan ziren beti harentzat, eta, Francisco Franco diktadorea hil ostean ere, hori ez zen aldatu. ETAren eta abertzaletasunaren aurka bideratu zuen Franco hil osteko militantzia. Konstituzionalista irmoa izan zen, Ermuko Foroaren sustatzaile, eta Aski Da plataformako kide; ETAren biktimei eskainitako hainbat artelan ere sortu zituen. ETAren jomugan ere egon zitekeelakoan, Euskal Herritik kanpora joan zen bizitzera. Diktadurapean bizitzen jarraitzen zuela esan zion El País egunkariari 2001. urtean, urte hartako Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeen atarian. «Ia helduaro osoa pasatu dut diktadurapean: lehen frankismopean, eta gero abertzaletasunarenean. Gogorra da, baina hala da. Pintzelkada bakoitzean eta eskultura bat lantzen dudan aldiro irabazi behar dut nire askatasuna». Grupo 57 taldearen sortzaile izan zen, Euskal Arte Eskoletako kide eta Omako baso margotuaren egile.

Badu garrantzia Ibarrolaren izenak euskal artearen historian. Funtsezkoa izan zen haren ekarpena, esate baterako, Jorge Oteizak, Jose Antonio Sistiagak, Eduardo Txillidak, Nestor Basterretxeak, Remigio Mendiburuk eta garai hartako beste hainbat artistak bultzatutako Euskal Arte Eskolen proiektuetan. Neurri batean hari zor zaio Bizkaiko artistak biltzekoa zen Emen taldearen sorrera. Ordurako Ibarrola ohituta zegoen militantzian eta sorkuntzan taldean aritzera, eta lurra ereina zuela jaso zuen proposamena.

Indibidualismoaren aurka

1957. urtean, esate baterako, Equipo 57 taldea sortu zuen, Parisen zegoela, Pepe Duarte, Angel Serran eta Angel Duarte sortzaileekin batera. Eta ez zen hor eten haren taldekako ibilbidea, zeren eta, Bilbora itzuli zenean ere, erreferentzia argia izan zen Ibarrola frankismoan estu sentitzen ziren Bizkaiko artistentzat. Indibidualismoaren aurka egitea zerabilten buruan, esaterako, eta, horregatik, Equipo 57 taldeko kideek taldearen izenez soilik izenpetzen zituzten artelanak. Eta taldean jarraitu zuen gerora ere, 60ko hamarkadan Estampa Popular Bizkaia taldea martxan jarri zutenean. Bazuen esperientzia, beraz, eta jakintza horrekin heldu zen horregatik Euskal Arte Eskolen Mugimendura, eta ezinbestekoa izan zen haren ekarpena Emen taldearen sorreran.

Mugimendu sorta konplexua osatu zuten Euskal Arte Eskolek. Eta, nahas-mahas hartan, militantzia antifrankistaren eta abangoardiako arte mugimenduen bidegurutzean kokatu zen hasieratik Emen taldea. Talkak ere ekarri zizkien horrek beste lurraldeetako taldeekin. Hasi, irizpide estetiko zehatzik ezarri gabe hasi baitzen mugimendu hura martxan, eta irizpide estetiko bateratu bat zehazteko lehen saiakeran heldu zen arazoa, Fernando Golvano arte historialariak azaldua duenez: «Abstrakzioaren defentsa egin zuten arabarrek abangoardiako lengoaia garaikide posible bakartzat, eta Emen taldekoen aurkako gurutzada bat hasi zuten horrekin, talde hura asanblearioagoa zelako eta ez zegoelako argi zein zen artista profesionala eta zein artista amateurra, eta nahasi egiten zituztelako arte figuratibo eta abstraktua».

Abangoardiaren ikur bilakatu nahi zuen abstrakzioa Orain taldeak, eta Araban prestatutako erakusketatik kanpo utzi zituen horregatik Emen taldeko zenbait sortzaile. Eta horrek bizkortu egin zuen talde haiek desegiteko prozesua. Eta pasadizoak balio dezake erakusteko Ibarrolak nola bizi zituen artea eta politika.

Esanguratsua da 1966an Etxebarriko (Bizkaia) Bandas lantegiko greban izan zuen rola ere. 163 egun iraun zuen greba hark, eta poliziek 150 pertsona atxilotu zituzten grebaren aldirik gordinenean. Pixkanaka, enpresako arazo zena frankismoaren erresistentziaren ikur bilakatuz joan zen. Ibarrola ez zen urrun ibili, eta espetxean amaitu zuen lagun eta senide batzuekin batera. Ateratzean, ordea, langileen kausaren alde dirua biltzeko hainbat grabatu sortu, eta salgai jarri zituen. Madrilgo Estampa Popular arte taldeko kideei ikasi zien teknika hori, eta maiz baliatu zuen berak ere gerora salaketarako bide hori. Sasoi hartan frankismoaren aurkako borroka eta artea herri xehearen artean zabaltzea baitziren haren kezka nagusietako bi, eta bi helburu horiek uztartzeko aukera eskaintzen baitzion formatu horrek.

Europa osoan egin zen ezagun, esaterako, kartzelako egunerokoa erakusten zuten berrogei grabatuen saila. Eta, Gabriel Aresti poetaren gertuko izanik, berak egin zituen Harri eta herri liburuko grabatuak ere, gerora zentsurak debekatuak.

Baso sorgindua

Edonola ere, Omako baso sorgindua da haren artelanik ezagunena, eta baita haren ibilbideko ekarpen nagusia ere. 1980ko hamarkadan hasi zen Kortezubin —Santimamiñe kobazulotik gertu— zeukan baserri ondoko arbolak margotzen, eta 1991ra luzatu zuen lana. Naturagune osoa bilakatu zuen oihal orduko hartan, eta emaitza ikusgarria izan zen. Itzal modukoak enbor hartan. Pop artearen oihartzun argia daramaten moto gidariak. Enborrez enbor luzatu eta ikuspegi jakin batetik lotzen diren lerro zuzenak... Ibarrolaren artelanak milaka bisitari jasotzen ditu oraindik ere urtero, eta artistaren lanaren ertz ugarien berri ematen du. Erdi natura-interbentzio, erdi margolan, erdi eskultura eta erdi instalazio.

Ibarrola ere ez zen guztiz eroso sentitzen sailkapen horietan. «Bizio bat da, baina haserretu egiten nau Ibarrola eskultorea naizela esaten dutenean, eta ahaztu egiten dutenean pintorea ere banaizela. Diziplinarteko artistatzat daukat neure burua; ez naiz soilik pintorea, eta ezta soilik eskultorea ere, eta are gutxiago, batzuek esaten duten bezala, paisaiaren arkitektoa».

Lan egiteko modu hori baliatu zuen gerora ere. Beste hainbat naturagunetan ere egin zituen Omako basoan esperimentatutako estiloko artelanak. Naturaren erdian. Baina Omako basoa da lan sorta horretako piezarik ezagunena, oraindik ere.

Ibarrolaren historia pertsonal eta artistikoarekin ere lotuta dago baso hori. Azken hamarkadetan hainbat eraso jasan ditu artelanak, eta haren aurkako mehatxuak ere margotu zituzten behin baino gehiagotan. Ibarrola español zioten batzuek. Eta bazen artistaren heriotza eskatzen zuenik ere. ETA, hil ezazu. Eraso horiek eta denborak eragindako kalteak konpontzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak gidatutako talde batek behin baino gehiagotan zaharberritu ditu zuhaitzetako irudiak.

Azken urteetan hainbat omenaldi egin dizkiote. Gure Artea saria jaso zuen 2011. urtean. 2017an, berriz, omenaldia egin zioten, Gabriel Arestirekin egindako lana gogoan hartuz, eta, 2018an, Zentsura At jaialdiak erakusketa bat antolatu zuen haren lanekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.