Basquiat eta Warhol: elkar elikatu zuten bi artista plastiko

Arrakasta lortzearekin batera, elkarlan ugari egin zituen Basquiatek.Andy Warholekin batera artelan ugari sinatu zituen

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ibilbide motza izan zuen Jean-Michel Basquiat artista estatubatuarrak. Hala ere, gaur egungo artean oraindik ere eragin sakona utzi duela nabarmendu dute Guggenheimeneko erakusketako bi komisarioek. Berehala sartu zen garaiko New Yorkeko arte zirkuituetan, eta diziplina ezberdinetan ere egin zuen saialdia. Musikan, esaterako, rap talde batean aritu zen, eta Polaroid argazki kamera batekin ere lan ugari egin zituen, eta ikus-entzunezko zenbait proiektutan ere parte hartu zuen. Hala ere, haren artelanen jatorria kaletik zetorren. Hori zuen bere izaera, eta horrela jarraitu zuen galerietara salto egin zuenean ere. Kaletik jasotzen zituen materialak bere artelanak osatzeko erabiltzen zituen. Berdin zen ate bat, leihoa edo apar-goma zatiak. «Sorkuntza handia zeukan», dio Dieter Buchhart komisarioak. Marrazteko zuen moduak eta sorkuntzarako zuen azkartasunak freskotasuna ematen zioten bere lanei «lehen begiradan sumatzen da hori». Eta horretaz garaiko artistarik garrantzitsuenak ere jabetu ziren. Horren ondorioz, elkarlan ugari egiteko aukerak suertatu zitzaizkion.

Basquiatek hastapenetik izan zuen elkarlanerako joera hori, ordea. SAMO© kolektiboan bertan Al Diazekin batera egiten baitzituen bere lehenengo grafiti kontzeptualak. Behin arrakasta lortzen hasi zenean, ordea, bestelako artista batzuk ere inguratu zitzaizkion, eta eurekin lan egiteko aukera eskaini zioten. Kaith Haring, Francesco Clemente edo Andy Warhol bera lirateke horien artean izenik ezagunenak. Guggenheim museoan jarri duten Jean-Michel Basquiat: Bada garaia erakusketan hiru artista horiekin izan zituen elkarlanen zenbait obra ikus daitezke.

Harreman horien guztien artean, ordea, Warholekin izan zuena izan zen bereziena. «Basquiatek miretsi egiten zuen Warhol, eta konfiantzazko aholkulari bat topatu zuen haren baitan. Kontrara, Warholek inspirazio iturri gisa hartu zituen Basquiaten energia eta sormen emankorra», dio Alvaro Rodriguez erakusketako komisarioak. Eta galdera egiten du ondoren. Zein izan zen zeinen sustatzaile eta eragile? Elkarrekin lan ugari egin zituzten, eta 1985ean bi artistek erakusketa bateratu bat ere antolatu zuten New Yorken. Bi izen ezagun batera, baina arrakasta handirik ez zuen lortu erakusketa hark. «Warhol urte horietan gain behera zegoen, arte kritikari gehienentzat, eta egiten zuen guztia kritikatu egiten zioten». Horrek guztiak eragina izan zuen Basquiatengan, eta Warholen maskota izatea ere leporatu izan zioten behin baino gehiagotan.

Edozein modutan, bi artisten arteko elkar eragina handia izan zen. Hainbeste, pop artearen sortzailea berriz ere marrazten hasi zela, Buchharten arabera. «Ordurako Warholek margotzeari utzia zion, baina Basquiatekin lanean hasi zenean berriz hartu zuen marrazteko grina hori». Oinarria marrazten zuen berak lehenengo, eta, ondoren, elkarren arteko inolako komunikaziorik gabe, Basquiatek horren gainean egiten zuen interpretazio marrazten zuen. «Lan inpultsiboak izan ziren, baita aberasgarriak ere».

Harreman horien bidez, bi artistek izan zuten elkarrengandik aberasteko eta edateko aukera. Warholen azken urteetako inspirazio iturri nagusia izan zela dio Rodriguezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.