Ricardo Bastidak 1925ean Sukarrietan (Bizkaia) altxaturiko eraikin multzoa babesturiko kultur ondareizendatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Euskal Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu du, kultur ondasun eta monumentuen atalean, BERRIAk jakin duenez. Abiñako auzo elkarteak, Iñaki Uriarte arkitektoak eta PPk, nork bere aldetik, eginiko eskaera onartu egin du Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta baztertu egin ditu Bizkaiko Aldundiak prozedura horren aurka aurkezturiko alegazioak. Bi hilabeteko epea du orain aldundiak EAEko Auzitegi Nagusian Jaurlaritzaren erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko.
Auzitegiak Jaurlaritzaren erabakia atzera bota ezean, aldundiak ezingo du han eraiki Guggenheim museoa. Ez orain ez etorkizunean. Ezta EAJk Jaurlaritzara itzuli, eta proiektua berreskuratzea erabakitzen badu ere.
Europan beste Guggenheim bat irekitzeko Bilboko Guggenheim fundazioko kide diren hiru aldeen oniritzia ezinbestekoa da, Jaurlaritzarena barne. Hain zuzen, Bilboko Guggenheimeko estatutuetan jasotako oinarri horri heldu zion iazko ekainean Patxi Lopezen Jaurlaritzak aldundiaren egitasmoa gerarazteko.
Alabaina, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak ez du inoiz baztertu proiektuari berriro ekitea, hartarako aukera izandakoan. Lopezen Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin, baina, ezingo du Sukarrietako sail horretan eraiki.
Iazko maiatzean abiatu zuen Jaurlaritzak Bastidaren eraikina eta inguruko eremu osoa babesteko prozedura. Modu horretan, Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietan egitea eragotzi zion aldundiari. Eta abuztuan aurkeztu zituen alegazioak aldundiak.
Aldundiarentzat «gehiegi»
Eremu osoa babestea «gehiegi» iruditu zitzaion Josune Ariztondo Kultura diputatuari. Batzar Nagusietako Kultura batzordean eginiko agerraldian Ariztondok esan zuen Bastidaren eraikin guztiek ez dutela balio berbera, eta ondorioz auzitan jarri zuen eremu osoa legez babesteko erabakia. Izan ere, Jaurlaritzak abiarazitako izapideek ez zuten BBKren haur udalekuen eraikin nagusia kontuan hartu soilik. Ondoko eraikinak zein aldameneko zelai, baratze eta lorategiak ere kultur ondare izendatzeko prozedura hasi zuen Jaurlaritzak. Hala onartu du azkenean, eta ez ditu aintzat hartu aldundiak aurkezturiko zuzenketak.
Joan den martxoaren 28an argitara emandako ebazpenean Jaurlaritzak dio «egokiagoa» dela eraikin eta lur sail hori babestutako monumentu izendatzea, Aldundiak eskatu bezala kulturgune izendapena ematea baino.
Halaber, eraikinaren hegoaldeko eremua izendapenetik kanpo uzteko eskatu zuen aldundiak, alegia, eraikin nagusiaren atzeko lorategitik aurrerako eremua. Eta Jaurlaritzak erantzun dio eraikineta inguruaren arkitektura eta ingurumen balioak zaintze aldera, eremu osoa babestea beharrezkoa dela, Busturiari dagozkion lur horiek barne.
Urdaibaiko Guggenheim museoa Sukarrietako zein Busturiako lurrak hartzen dituen sail horretan eraikitzeko proiektua 2008ko udan aurkeztu zuen Jose Luis Bilbaok. Ez Ariztondok ez Bilbaok inoiz ez dute argitu Bastidaren eraikina eraisteko asmorik ba ote zuten. Nolanahi den, Josep Maria Montaner arkitektoari azterlan bat egiteko eskatu zioten. Eta Montanerrek osaturiko txostenaren arabera, Bastidaren «lan txikietako bat» da Sukarrietakoa; «arkitekto horren lan ospetsuek baino maila kaskarragoa dauka», zioen arkitektoak txostenean.
Horrez gain, arkitektura ideien nazioarteko lehiaketara deitzekodata ere jarri zuen aldundiak.
Bastidaren Sukarrietako sail osoa babestea erabaki du Jaurlaritzak
BBKren haur udalekuetako eraikinak eta eremua kultur monumentu izendatu dituBizkaiko Aldundiak ezingo du han eraiki Urdaibaiko Guggenheim, etorkizunean proiektua berreskuratzea erabakitzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu