ORCHESTRE DES CHAMPS ELYSEES
Ludwig van Beethovenen sinfonia guztiak biran eramateko asmoa ia-ia betea du Philippe Herreweghe zuzendari belgikarrak, historikoki informatutako interpretazioaren aitzindarietakoa izandakoak. Errepertorio barrokoak eskatu dezakeen berrikuspen lan eskergatik urrun dago Bonneko piezen interpretazioa, baina Herreweghek eta bere taldeak obrak konposatuak izan ziren garaian entzun zitezkeen moduan interpretatzeko asmoa mantentzen dute. Hala, tronpa eta tronpeta naturalak (pistoirik gabeak, alegia) zein zurez egindako zeharkako txirulak baliatzen dituzte kontzertuetan. Egungo orkestra erromantikoen osaerarekin alderatuta, erabaki historizista horrek kolore samurragoak janzten dizkio jada erromantizismoan murgiltzen hasia den musikari.
Une pertsonal eta profesional arras desberdinetan idatziak dira bigarrena eta zortzigarrena, baina Beethovenen katalogo sinfoniko oparo eta irudimentsuaren barruan, nolabait, albo batera geratutakoak dira biak. Ez dute hotsandiko izenbururik, ez garapen erabat berritzailerik ere. Badituzte, ordea, ordenaren zentzu irekia, sortzailearen asmamen izpiak eta, noski, baita lirikotasunerako zein dramatismorako joera bizia ere. Herrewegheren batutarekin ere badute antzik: neurria dute gidari, ez dute espantu handirik behar, eta, aldi berean, indar, kontraste, umore eta askatasun iturria dira.
Hortaz, esan genezake sortzaileak, obrak eta interpreteak bat egiten duten puntuaren erakusle izan zela asteazkeneko kontzertua, eta musikari guztiak zeudela batasun horri begira lanean. Eta horren adibide asko izan ziren: hariek eta haizeek 2. sinfoniaren Larghetto barean esaldiak nola zabaltzen zituzten, Allegro molto-aren bizitasunean gailendu zen sendotasun kutsua. Eta 8. sinfonian, esaterako, lehen mugimenduan ondo kokatutako azentuen bidez hedatu zen optimismoa, minuetean tronpen parte-hartze itzela eta Allegro vivace-aren frenetismoan azaleratu ziren irmotasuna eta oreka. Hori bai lan zaila: batasun jatorrizkoaren gainean ñabardura ugari eta askotarikoak eraikitzea.