Kezkatu egin ziren, eta baita harritu ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko EOSeko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko BOSeko musikariak urtarrilaren 28an, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak epe ertain edo luzera bi orkestrak bateratzea proposatu zionean Iñigo Urkullu lehendakariari. Batetik, eta aurrezteko intentzioarekin, instituzioek bi elkarteei ematen dieten diru kopurua gutxitzea da Bizkaiko Diputazioaren helburua; eta bestetik, orkestra nazional indartsu bat sortzea, Euskadi marka nazioartean zabalduko duena.
Diru faltagatik nortasun oso ezberdineko bi orkestrak bateratzea, aldiz, «astakeria bat» iruditzen zaio EOSen eta BOSen lana gertutik jarraitzen duen aditu bati —ez du bere izena agertzerik nahi izan—. «Musikariekiko errespetu falta bat da, gainera». Juan Navarro EOSeko langile batzordeko kideak uste du Bilbaok ez dakiela orkestra bakoitzak zein «lan handia» egiten duen. BOSeko langile batzordekoa da Asier Arabolaza: «Ona edo txarra izan daiteke bat egitea, baina ez dago proiektu zehatzik. Dena da hain lausoa...». Bien bitartean, musikariek jotzen jarraitzen dute, baina orkestrak zuzentzeko batuta haien zuzendarien eskuetan beharrean, beste batzuenetan dago.
Musikarien etorkizuna bezalaxe. Bat egiteak kaleratzeak ekarriko lituzke, halabeharrez. Datozen lauzpabost urteetan orkestra bakoitzeko dozena erdi bat musikari erretiratuko dira, baina hori kontuan hartuta ere, 150 bat musikari edukiko lituzke balizko orkestrak, eta kopuru horri eustea, areago aurreztu egin nahi denean, ia-ia bideraezina da. Hortaz, plantila bakoitzaren %40 inguru murriztu beharko litzateke. Musikariei gehitu behar zaizkie, gainera, kontu administratibo eta teknikoetan lan egiten duten 28 pertsonak. Adibide moduan, Espainiako Orkestra Nazionalak 100 musikari ditu, eta Bartzelonako Sinfonikoa eta Kataluniako Nazionala ez da 90era iristen. Munduko orkestra onenetako bi, Vienako eta Berlingo filarmonikoak, berriz, 120ren bueltan dabiltza.
Horregatik uste du adituak talde bakoitzaren erdia kaleratu beharko litzatekeela bat egitea gauzatuz gero. «Mahler jotzeko, adibidez, 80-90 musikari behar dira gehienez, eta 40-60rekin pasa dezakezu denboraldi osoa, berriz, Mozart, Beethoven edo Brahmsen musika jotzen». Azkeneko bi urteetan EOSek ez Mahler eta ezta Brucknerren obrak ere ez dituela jo nabarmendu du. «Zergatik? Orkestra oso handiak behar direlako horretarako, eta EOSentzako gastu handia delako». Arabolazaren ustez, bat egitea modu ez-traumatikoan egitea oso zaila da. «Jendea sobera egongo da»
EOSeko zuzendaritzako kideak musikariekin bildu ziren joan den astean, eta adierazi zieten lasai egoteko, gauzek berdin jarraitzen dutela. «Honek ez duela aurrera egingo, politikarien gauza bat dela esan zien Iñigo Alberdi zuzendariak musikariei», jakinarazi du adituak. Ez EOSeko ez BOSeko zuzendaritzek ez dute adierazpen publikorik egin nahi izan aferaz.
Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak, berriz, BOSeko musikariekin hitz egin zuen lehengo astean. Haiek lasaitzera joan zen, Arabolazaren esanetan. «Eskertzen diogu detailea, baina ez dago proiektu zehatzik, eta ezin duzu kezka guztia gainetik kendu. Esan digu proiektua gurekin kontsultatu nahi dutela...». Ariztondok berak adierazi zuen Europan, krisiagatik eta aurreztearren, gertatzen ari direla orkestren arteko bat egiteak. Orain gutxi iragarritako Stuttgarteko Irratiaren Orkestraren eta Baden-Baden eta Freiburgeko Orkestra Sinfonikoaren arteko bateratzea baliatu zuen adibide gisa. Arabolazak, baina, hitz egin du Alemanian dituen kideekin. «Esan didate hura proiektu artistiko handia izango dela. Fitxatu behar dituztela zuzendari artistiko eta kudeatzaile bana, izarrak direnak, orkestra irauliko dutenak». Hasi dira 2018 rako programatzen, eta gauzak «modu serioan» egiten ari dira.
Brasilen ere orkestra handi baten eredu bat badela esan diete aldunditik. Orkestraren musikari batzuek birak eta grabaketak egiten dituzte, eta beste batzuek kamera orkestra txikiago batean jotzen dute. Arabolazaren iritziz «askotarikoak» izan daitezke ereduak. «Hemen badu borondatea diputazioak, baina komunikabideetan ez da hitz egiten balizko orkestraren proposamenaz, kudeatzaileaz, zuzendaritzaz... Ez. Hemen hitz egiten da egoitzaz eta horrelakoez, eta bakoitzak bereari begiratzen dio».
Lurraldea, kulturaren gainetik
Esplizituki esan ez arren, inplizituki alde bateko edo beste politikariez ari da. Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotziak, esaterako, zera adierazi zuen pasa den astean: «EOSen egoitzaren balizko lekualdatzeak kezkatzen nau». Eneko Goia EAJren Donostiako Udaleko bozeramaileak ere EOSek Gipuzkoako hiriburuan jarraitu beharko lukeela adierazi zuen herenegun. Eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak zera bota zuen joan den astean. «Bizkaitarrak gara bi orkestrak mantentzearren gehien ordaintzen dugunak». Bien bitartean, musikariak dira «ilarako azkenak», Arabolazaren ustez.
Adituaren iritziz, ez da baloratzen orkestrek egiten duten lana. EOSek abonu denboraldi bat dauka, jarduera didaktikoak egiten ditu, edo bestelako emanaldiak eskaintzen, besteak beste; BOSek ere badu abonu denboraldi bat, OLBErekin kolaboratzen du, zarzueletan, ohiz kanpoko kontzertuetan... Eta bakoitzak bere publikoa du. «EOSek, esaterako, bi kontzertu ematen ditu segidan Kursaalean, eta goraino betetzen da! Esaten da halako komunitate txiki batentzako gehiegi dela bi orkestra edukitzea, baina badago eskaria». Hori dela-eta, Arabolazak badaki zaleak haserretu egin direla bat egitearen kontuagatik. «Haien beroa sentitu dugu eta badakigu haiek guk lanean jarraitzea nahi dutela».
«Kanpotik ikusita», adituari iruditzen zaio politikariek ez dutela orkestra bakoitzaren historia ezagutzen. «Mahai gainean zer zegoen ikusita, pentsatuko zuten: 'biak elkartuko al ditugu?'. Ez daukate zerikusirik. Bakoitzak bere funtzioa du». Beraz, elkartuz gero batak zein besteak musikalki lortutako garapena «pikutara» joango litzatekelakoan dago.
«Ez da neurriz kanpokoa»
Musikariek soldata altuegiak dituztela —35.000 eta 45.000 euro artean urtean— esan izan da. Navarro ez dago ados: «Ez dut uste neurriz kanpokoak direnik». Gainera, 30 urteren ondoren orkestrak «garestiak edo merkeak» direneko kontuarekin ibiltzea tokiz kanpo dagoela iruditzen zaio. «Politikariek ez dakit egoera zein den ba ote dakiten».
Halere, hiru aldeak —Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Bizkaiko Diputazioa— ados jarriz gero, proiektuak aurrera egingo duelakoan dago Arabolaza. «Maila oso oneko bi orkestra ditugu, baina goi mailako bat egin nahi dute». Dena den susmo txarra hartzen die orkestra arranditsuei. «Begira Palau de les Arts nola hasi zen. Sekulako soldatekin, Zubin Mehta zuzendari bezala jarrita, Espainiako orkestra onena izateko asmoarekin... Baina ikusten ari dira gastu horri eustea oso-oso zaila dela». Navarrorentzat badago euskal orkestra nazional bat. «Gurea da hori». Baina, bien bitartea, musika gidatzen duen batuta beste batzuen eskuetan dago.
Batuta, beste batzuen eskuetan
Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoko kideek ez dute argi ikusten bi elkarteen bateratzea. Iruditzen zaie irizpide musikalak eta sozialak kontuan hartu gabe egin diola proposamena Bizkaiko Diputazioak Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu