Marcos Lopez. Argazkilaria

«Batzuetan esaten dut Rivera eta Warholen sasikumea naizela»

Bere irudietan bortizkeria «argidun zerbait» bilakatzen saiatzen da artista argentinarra, eta ironia baliatzen du maiz Latinoamerikako estereotipoen inguruan aritzeko.

JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS.
Getxo
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Orain sei urte bere argazkiak Getxophotoko jaialdiaren lehen aldian erakutsi zituen Marcos Lopez argazkilariak (Argentina, 1958). Urte hauetan guztietan jaialdiari eta Getxori lotuta jarraitu du El sireno del Río de la Plata obraren bidez. Argazkiaren instalazioa Algortako Portu Zaharreko paisaiaren parte bihurtu da dagoeneko, urte eta erdi inguru baitarama berton kokaturik. Lopez Getxophoton izan da, tailer bat ematen, eta BERRIArekin bildu da Ereaga hondartza aurreko taberna batean. Silvio Rodriguez eta Antonio Floresen kantak entzun daitezke bozgorailuetan: «Leku eta musika ederrak», esan du itsasoari arreta kendu gabe.

Pop realismo criollotailerra eman duzu Getxophoton. Baina zertan datza hori?

Pop realismo criollo-a txantxa bat da. Creole hitzak Argentinan autoktonoarekin, nekazari inguruarekin, nazionalarekin, du zerikusia. Nolabait, pop artea hartzen dut, eta hegoamerikanizatzen dut errorearekin, aurrekontu txikiekin. Batzuetan, esaten dut Diego Rivera eta Andy Warholen arteko sasikumea naizela. Nire obrarekin, berez sortzen zait eraginak gurutzatzea. Dokumentalismo zuzenaz aspertu nintzen,eta eszenak sortzeari ekin nion.

Eta zer egin duzue tailerrean?

Ikasleei proposatu nien Olinpiar Jokoekin zerbait egiteko. Nazionalismoen amesgaiztoa izan dira, hainbeste bandera eta ereserkirekin. Gaztetxo gimnastak tango kantariak balira bezala makillaturik ikusteak inpresionatu ninduen. Ideia hori ikasleei transmititu nien, eta antzerki bat egin genuen benetako egoera horrekin.

Argazki dokumentalaz nekatu zarela diozu. Zer ematen dizu orain lantzen duzun beste argazki mota horrek?

Gauzekin aspertzen naiz, eta horietara bueltatzen naiz gerora. Orain pintatzeari eta marrazteari ekin diot, zineman ere lan egiten ari naiz. Irudiak hartzeaz aspertu naiz, eta irudiak antzezten ditut, uste dut nire errealitate propioa sortzen dudala horrela. Orain, bidaiatzen ibili naiz, Peruko oihanean, Bolivian… eta gustatzen zaizkidan argazki dokumentalak egin ditut. Bestalde, auzi digitala ere bonba atomiko baten modukoa izan da argazki lengoaian.

Zer ekarri du auzi horrek?

Irudien saturazioaren arriskua dago. Horregatik, uste dut marrazten eta akuarelarekin margotzen hasi naizela, akuarelak eskulangintzazko zera hori ematen dit. Teknologia berrien kontrako martxa bat, mundua gero eta okerrago dagoelako, gero eta gizarte alde nabarmenagoak daude. Ez dakit zer ekarri dioten teknologia berriek munduari. Irtenbiderik ez daukat, baina, ahal den neurrian erabiltzen ditut, samurtasun keinu bat komunikatzeko. Latinoamerikako bortizkeria sozioekonomiko eta soziopolitikoarekin elikatzen naiz. Energia hori nire obran azaleratzen da, baina argira eramaten saiatzen naiz.

Nola itzultzen da zeure lanera?

Filtro modukoa egiten saiatzen naiz, eta energia ematen dit eta sumindura, baina haserre hori argidun zerbait bihurtzeko energia ematen dit. Dibertitzen ere saiatzen naiz. Sorkuntza egikeran norberak bere haur aldearekin konektatzea osasuntsua da.

Obrari zintzotasuna ematen al dio lotura horrek?

Nire argazkiak arte garaikideko merkatuan dabiltza. Arte garaikideko merkatua moda eta publizitatearen antzekoa da, oso arriskutsua da zeure lana salgai bihurtzea. Desira espresiboan zintzotasuna bilatu behar da beti, merkatuak beste gauza bat eskatu arren. Niri eskatzen didate oraindik pop latinoaren inguruko txantxak egin ditzadan, graziadun estereotipoak.

Horiekin lan egiten duzu asko.

Lan asko egiten dut aberriaren, arrakastaren, nazionalitatearen, sudaka-ren… estereotipoekin.

Ironia apur batekin beti.

Ironia genero bat da, mundua hain zaila da, bizitzeko hain zakarra… Ironiak umorearen bidez hainbat gairen inguruan aritzeko aukera ematen dit.

Potentzia ere bilatzen duzu irudietan. Nola lortzen da hori?

Batzuetan hitz egiten dut Latinoamerikako mestizajearen indar basatiaren inguruan, afro, indigena, europar immigranteak... Nahas-mahas hori konkista espainiarrak isuritako odolarekin nahastatuta. Indarrak nolabaiteko desordena dakar, desordena hori gustatzen zait. Batzuetan nire alde erdi basati horretaz hitz egiten dut. Bilboko Guggenheimera joan naizenean ezin izan dut sinetsi hainbeste diru eta perfekzioa hain metro karratu gutxitan bildurik egon daitezkeenik. Nire etxeko izkinarekin alderatuta, hau beste mundu bat da. Horrek ere motibatzen nau. Hockneyz asko gozatu dut, asko gustatzen zait.

Zer iruditu zaizuerakusketa?

Asko gustatu zait, Hockneyk liluratzen nau. Artista handia da, bideo horiek egiteko duen soiltasuna, pintatzeko modu libre hori… Hori da norberaren haur aldearekin konektatzea, Hockneyren pintatzeko modua. Zahartzaroan bere haurtzaroko herrira bueltatzen da, bide soil bat eta argia pintatzera. Poz-pozik jarri ninduen Getxophotora etortzea, erakusketa ikusteko aukeragatik, tailerra emateagatik, baita sirenoa ikusteagatik ere.

Nondik dator sirenoa?

Sirenoa La Plata ibaitik dator (Buenos Aires, Argentina) eta Kopenhageko (Danimarka) sirenatxoan inspiraturik dago. Esan daiteke neopopean inspiratzen dela, baina arte latinoamerikarrak sexua aldatzen dio, eta La Plata ibaiko ur poluituetan jartzen du. Hona ekartzeak migrazioen metafora bat dakar, Hego Amerikara joan ziren europarrak, hona lanera datozen langile hegoamerikarrak eta hona datorren sirenoa ere bai.

Mitoak, abesti popularrak, klasikoak izaten dituzu mintzagai…

Bai, mitoak asko gustatzen zaizkit, batez ere santu hegoamerikarrenak. Santuzaletasun afrikarra kristautasun katoliko eta ortodoxo kontserbatzailearekin uztartzen dituztenak. Argentinakoa izanik,beti gustatu izan zait Amerikara igotzea, Amerika indigena bilatzera. Zinema ikasi nuen Kuban, 1987an, Gabriel Garcia Marquez idazleak sortutako eskolan. Horrek eman zidan ikuspuntua izan zen Latinoamerika osoko ikaslea nintzela.

Nola sortzen dira irudi horiek? Ze prozesu jarraitzen duzu?

Irudiek etengabe bonbardatzen naute. Horien artean aukeratzerakoan, badago zoriarekin zerikusirik duen zerbait, kapritxoarekin, araurik ez izatearekin, kaosarekin... ideia bati jarraitzearen obsesioa dago.

Baina kaos hori guztia oso ordenaturik agertzen da zure lanetan…

Kaos hori ordenatu egiten da. Kolorean, eszenografian, kontrolarekiko obsesioa dago.

Obsesio horrek ba al du zerikusirik zure pintore bokazioarekin?

Bai, badu. Argazkiak ateratzen dituen pintorea naizela diote pertsona batzuek.

Pentsatu duzu noizbait argazkilaritza utzi eta pintatzea?

Bai, etengabe ari naiz esaten utziko dudala, baina ondo egiten dut,eta horrekin ateratzen dut bizia. Zinema ere egiten dut, baina lazgarria da. Urteak daramatzat editorearekin eztabaidan; nire lehen eta azken pelikula da.

Zeren inguruko filma da?

Alto Paranako musikari eta poeta baten biografia egiten ari naiz, Ramon Ayalarena, baina bat-batean beste gai batzuetara jotzen dut, gizarte egoerarekin zerikusia dutenetara. Nik uste autobiografia bat egiten ari naizela.

Autobiografia?

Bai, norberaren inguruan hitz egiten da beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.