75. Musika Hamabostaldia. Elena Barbe. Sopranoa

«Batzuetan, gehiago jakiteak gutxiago aditzea dakar»

Musika klasikoa entzutea eta hartaz gozatzea ez dagoela maila kultural edo sozial jakin bati lotuta aldarrikatzen du Elena Barbek. Musika Aitzakia zikloan, horretarako aukera eskainiko du gaur, Zumaian.

MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Iker Tubia.
2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Oier Etxaburu pianista lagun duela, Monteverdi, Mozart, Bizet, Liszt eta beste hainbat musikagileren lanak emango ditu gaur, 20:00etan, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean, Elena Barbe sopranoak (Donostia, 1983), Hamabostaldiaren Musika Aitzakia zikloan. Ikasketak nagusiki Euskal Herrian egin bazituen ere, han eta hemen jasotako heziketari esker lortu du gaur egun duen maila. Kanpoan ere aritzen da. Hainbat sari jaso ditu, hala Herrialde Katalanetan (Camprodongo eta Callosa d'en Sarriako jaialdietan) nola Espainian (Logroñoko nazioarteko kantu lehiaketan).

Ez zara berria Hamabostaldian.

Aldi bakoitzean proiektu berri bat da, eta izugarrizko ilusioarekin hartzen duzu. Are gehiago, kontuan hartuta geroz eta zailagoa dela Hamabostaldiaren antzeko jaialdi batean egotea. Urtetik urtera gehiago baloratzen duzu.

Zer iritzi duzu jaialdi honi buruz?

Meritu handia duela uste dut, geroz eta baliabide gutxiago ditu, eta, beraz, teorian emanaldi gutxiago izatea eta kalitatea jaistea litzateke normalena. Baina ekoizpen maila eta zuzendaritza lana bikaina da, eta orain arteko mailari eustea lortu dute, baita igotzea ere. Gainera, publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da.

Zer eskainiko duzu?

Errezital pixka bat ezberdina aurkeztuko dut. Izan ere, nire lau ikasleren laguntza izanen dut: Leire Belloso, Ander Sanz, Xabier Anduaga eta Eneko Sebastian. Donostiako Orfeoian eta beste toki batzuetan ere kantatzen dute bakarlari gisa. Bakarrik eskaini ezin nezakeen errepertorioa kantatzea zen nire helburua: duoak, hiru mutilek nirekin kantatzen duten saioa... Hala, publikoarentzat ikusgarriagoa eta atseginagoa izanen da. Hiru mutilekin La mente de la ninfa eginen dut, Claudio Monteverdirena. Wolfgang Amadeus Mozarti buruzko blokea ere prestatu dugu, eta duoak eta ariak eginen ditugu. Bigarren zatian, kantu frantses bat abestuko dut, baita aria frantses bat ere. Azkenik, zarzuela, etxe aldera hurbiltzearren. Publikoarentzat zerbait freskoa eta ikuserraza izanen delakoan nago.

Obra hauek prestatzean, zein zailtasun izaten dituzue?

Berez, dena da korapilatsua, baina agian programa zehaztea kostatu zaigun gehien. Abeslariak ordu bete eman behar du kantatzen, eta askotarikoa eta publikoaren gustukoa izatea nahi duzu. Dena den, zure ahots gaitasunetarako egokia behar du izan. Musikagile batetik bestera eta estilo batetik bestera igarotzeak asko pentsatzea eskatzen du, askotan probatzea eta trantsizio horretan ahotsak ongi funtzionatzen duela baieztatzea. Nire ikasleei dagokienez, Hamabostaldi Solidarioan kantatu dute, eta trebatzen ari dira. Orfeoiarekin ere bakarlari gisa ari dira; beraz, ez didate lanik ematen, are, asko laguntzen naute. Haiekin batera taularatzeak energia ona ematen dit.

Egile eta estilo askotarikoak aukeratzeak arazoak sortzen ditu?

Zure proposamenaren eta lehentasunen arabera. Hasieran programa perfektu bat egin nahi duzu, trantsizio kronologiko perfektu bat dirudiena, dena gai beraren bueltan duena. Baina gero publikoarengan pentsatzen duzu. Aditua ez den publikoan pentsatzen dut, kontzertu motarengatik.

Hemen ikasi zenuen, nahiz eta kanpoan ere aritua zaren. Beraz, hemen bada zer eginik musika klasikoaren alorrean.

Nik neuk toki askotan ikasi dut. Donostian hasi nintzen 14 urterekin, eta Donostiako Orfeoian sartu nintzen. Nire heziketa zabaldu behar nuela erabaki nuen, maila eman ahal izateko, eta Iruñera abiatu nintzen ikasketa arautuak izateko, eta Musikenen bukatu nuen. Horrekin batera, beti saiatu naiz eskola magistralak jasotzen abeslari garrantzitsuekin: Maria Bayo, Isabel Rey, Montserrat Caballe... Profesionalez inguratu naiz, egiten dudanari buruz duten iritzia jakiteko, hobetzekoak argitzeko, landu beharreko errepertorioari buruzko aholkuak jasotzeko, eta abar. Horiek bideratzen zaituzte egokien. Dena den, gehien lagundu nauen pertsona Ana Luisa Chova Valentziako irakaslea izan da. Antzoki batean zerk funtzionatzen duen aski argi du, eta teknika menperatzen du. Oso ongi bideratu nau.

Sariak ere jaso dituzu. Egindako lan luzeak jaso du aitorpenik.

Pribilegiatua naiz. Etxean asko maite naute, eta aintzat hartua naiz. Aurten proiektu ederra dut Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin; gainera, bakarlari gisa hainbat kontzertutarako deitzen naute, Hamabostaldian ere aintzat hartzen naute, eta hemendik kanpo ere ari naiz gauzak egiten. Pozik nago aukerak baliatu ditudalako. Egindako lana baloratzen dutenez, lanak agertzen dira. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Zein egoeratan dago musika klasikoa?

Toki guzietan bezala, hemen ere zailtasun handiak daude. Kulturan sekulako murrizketa egin dute, eta horrek guziongan eragin du; alor guzietan, gainera. Ez soilik soldatan, baita egin ditzakegun entsegu kopuruan, proiektuetan, eskaintzan... eta abarretan ere. Orain, asko pentsatu behar da proiektu bat albo batera utzi aurretik; ezin da aukerarik galdu, gutxi baitira. Dena dela, hemen nahiko serioak garela uste dut, eta eskaintzen dizuten lana benetan nahi dutena da, ez dago aldaketarik. Beste herrialde batzuetan, adibidez, Italian, ez dira hain serioak. Denen ustea da kanpoan egoera hobea dela, baina errealitatea bestelakoa da: asko dira Espainian eta Euskal Herrian kanpatu nahi dutenak.

Publikoaz zer esan dezakezu?

Ez dakit, ez dakit zer motatako publikoa dugun, asko dakien edo gutxi. Hala ere, gakoa jendearengana ailegatzea da, haien maila kultural eta musikala edozein delarik ere. Edozeinen bihotzera helzaitezke, edozein hunkitu dezakezu. Batzuetan, gehiago jakiteak gutxiago aditzea dakar; transmititzen dizutena sentitu baino, baloratzen aritzen zara eta.

Musika klasikoa eliteentzako delako ustea bukatzeko gogoa duzula esan izan duzu.

Aurrekoan Hamabostaldiko lagun bati aditu nionez, jaialdiko publikoa maila handikoa dela esan ohi da. Agintarien begietara, ez dakit zenbateraino direnjakitun Hamabostaldira etortzen den jendea askotarikoa dela. Baina nork pentsa lezake norbaitek sarrera ordainduko duenik soilik egoteagatik? Irrigarria da.Jendeak sarrera ordaintzen badu, horretaz gozatu nahi duelako da, eta horrek ez du zerikusirik maila kultural eta sozialarekin, pertsona horren gogoarekin baizik.

Bide horretan, zer egin liteke?

Mundu guziarengana ailegatzen saiatu behar da, Hamabostaldiaren inaugurazioan egiten den bezala, kontzertuak kalera atereaz, adibidez. Ez dadila beti izan butakan eseri eta ikustea. Bestalde, haurren gogoa piztea ezinbestekoa da, eta publikoa eta harrobia sortzeko haientzako emanaldiak eskaintzea. Bide horretan ongi ari gara, eta publikoa izaten jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.