Idazlea

Karmele Mitxelena: «Batzuetan, haur literaturan ahaztu egiten da istorioa»

'Aitona Floren' liburuak arreta handirik jaso ez zuen arantza izan du Mitxelenak, baina Haur eta Gazte Literaturako Euskadi sariarekin arantza hori kendu duela esan du idazleak.

Karmele Mitxelena idazlea, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Karmele Mitxelena idazlea, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko urriaren 6a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain artean sari eta beken babesarekin kaleratu izan ditu bere literatura lanak Karmele Mitxelena idazleak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988). Peru Abarka album lehiaketa irabazita kaleratu zuen lehen lana, 2019an: Erakusleihoan (Erein). Donostia Hiriko Kutxa literatura saria lortu zuen Haragizko mamuak ipuin bilduma (Elkar) argitaratzeko, Mikel Zarate sariaren zigiluarekin kaleratu zuen haurrentzako Marrubizko uda eleberria (Elkar), eta Agustin Zubikarai bekarekin osatu zuen Zoriona, edo antzeko zerbait helduentzako nobela (Elkar). Kontrako bidea egin du orain Aitona Floren liburuak. Bere kasa hasi eta orain jaso baitu Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria.

Aurrez saririk edo bekarik izan ez duenez liburuak arreta handirik jaso ez zuen inpresioa zenuela esan duzu. 

Bai, baina agian inpresio okerra izan da, sariak erakusten duelako norbaitek jaso duela, eta, gainera, sekulako aitortza egin diola. Orain arte kaleratu ditudan lan gehienak sari edo beka bat jasota edo lehiaketa baten ondoren atera dira. Komunikabideetan agertzen dira horrelakoak, baina oraingoan ez du halako oihartzunik eduki, eta banuen horrekin arantza txiki bat, mimo handiz idatzi bainuen eta Aitona Floren-en kontatzen den istorioa oso gustuko baitut. Arantza hori kendu dut orain.

Heriotzari eta doluari buruz idazteko gogoa zenuela esan duzu. Hasieratik izan duzu argi nola kontatuko zenuen?

Idazten jarri aurretik jada nahiko argi izaten dut guztia, eta, buruan gehiago kabitzen ez zaidanean, idatzi egin behar izaten dut bai ala bai. Oso modu naturalean idatzi dut. Banekien ze ahotsekin kontatu nahi nuen, eta hasi eta buka egin nuen.

Halako gai handietan, pedagogia egiten hasi beharrean literatura egiten jarraitzea izaten da erronka. Nola egin duzu?

Heriotzaz zuzenean hitz egin gabe kontatzen da heriotza liburuan. Horrek hartzen du protagonismorik handiena, baina istorio bat izan zedin nahi nuen. Batzuetan, haur literaturan ahaztu egiten da istorioa. Poza lantzeko liburuak ateratzen dira, adibidez, marrazki oso alaiekin, baina gero ez dago istoriorik. Hortxe egin dut ahalegina.

Haurren artean bizi zarela ere esan duzu. Zertan eragiten dizu horrek idazterakoan?

Irakaslea naiz Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Haurrak maite ditut eta etxean ere badauzkat, eta, azken batean, eguna haurrez inguratuta pasatzen dut, eta beti izaten dut oso gertu haur literatura ere. Helduen literatura baino askoz gehiago kontsumitzen dut haurrena, nire eguneroko lanaren parte delako.

Eta nola ikusten duzu euskarazko haur eta gazte literatura?

Asko argitaratzen da, eta denetarik dago, baina iruditzen zait azken urteetan kalitatezko lan asko ari direla ateratzen. Haurren literaturari beste ikuspegi bat emateko ahalegin bat ikusten dut. Batzuetan badirudi haurrentzat idazten den literaturan denak oso xehetuta egon behar duela, bestela ez dutelako ezer ulertzen, baina ulertzen dute. Ematen du haur literaturak erraza izan behar duela, eta azken urteetan ikusten dut badagoela beste zerbait ere egiteko ahalegin bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.