Baztarrikaren 'Babeli gorazarre'-ren iruzkin kritikoa dakar 'Jakin' berriak

Euskal digitalizazioari eta postmodernismoari buruzko artikuluak ere biltzen ditu 185. zenbakiak

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Jakin aldizkariarenen 185. zenbakiak ez du gai nagusirik jorratzen. Horren ordez, hiru artikuluk osatzen dute Gaiak saila. Honako hauek dira, hurrenez hurren, artikulu horietan aztertutako gaiak: euskal liburutegi eta proiektu digitalen bilakaera 2009-2011ko urteetan: Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika; postmodernismoa egungo mundurako filosofia berri gisa.

Lehenengo artikuluan, Gerardo Luzuriagak eta Roberto Kerexetak azken bi urteotan Euskal Herriko liburutegi eta funts digitalen panoraman agertu diren proiektu berriak aurkezten dituzte. Artikulu horrek 2007an eta 2009an argitaratutako beste biri jarraipena ematen die (Liburu digitalak, 'Jakin 160'; Euskal liburutegi digitalak: 2007-2009, 'Jakin 172'). Aurreko bi artikulu horietan bezala, proiektu digital horien helbide elektronikoak eta ezaugarri nagusien deskribapena eransten dituzte.

Daniel Escribanok, bigarren artikuluan, Patxi Baztarrikaren Babeli gorazarre (Alberdania, 2009) liburuaren iruzkin kritikoa eskaintzen du. Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen 2005-2009 urteetan. Liburu hori, Escribanoren aburuz, eusko jaurlaritzaren hizkuntza politikaren eta EAEko zein Espainiako Erresumako esparru juridiko-linguistikoaren defentsa hutsa baino ez da.

Hirugarren artikuluan, azkenik, Iraitz Urkulok, postmodernotasunaren kontzeptua bere testuinguru historikoan kokatu ondoren, korronte horren ezaugarririk behinenak azaltzen ditu, bizi garen garaiari potsmoderno deitzeko arrazoi sendoak daudela argudiatuz. Ondoren, zenbait filosoforen ekarpenak biltzen ditu, bai postmodernismoan jardun direnenak, baita korronte horretan eragina izan dutenenak ere. Azken lerroetan, postmodernismoaren etorkizuneko irauteari buruz egiten du gogoeta.

Egunen gurpilean saileko idazlanak datoz azken orrialdeetan. Azken hilabeteotako berrien iruzkin labur eta biziak egin dituzte Haizea Barcenillak arteari buruzko atalean, Inaki Irazabalbeitiak teknozientzian, Goizalde Landabasok Literaturan, Lionel Jolyk soziolinguistikan eta Josu Larrinagak glokalian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.