KRITIKA. Artea

Bazterraren bazterretik erdigunera noiz?

Erakusketaren irudi bat, Ziudadelako Arma aretoan. IRUÑEKO UDALA
Erakusketaren irudi bat, Ziudadelako Arma aretoan. IRUÑEKO UDALA
2026ko otsailaren 17a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Emakumeen Genealogiak Pilar Citolerren bilduma berrian'

Non: Ziudadelako Arma aretoan, Iruñean. Noiz arte: Maiatzaren 17ra arte.

Otsail osoan arte garaikideari buruzko ziklo bat prestatu dut Elena Olaberekin batera, Iruñeko Laban. Hilabeteko asteazken guztietan esparru artistikoan faltan sumatzen ditugun gaiei espazioa emateko nahiak bultzatuta antolatu dugu, eta, aldi berean, diskurtso horiek euskaraz ere garatu daitezkeela aldarrikatzeko asmoz.

Ez da bide erraza gurea. Praktika garaikideekiko ikuskera mesfidatia dagoelako euskal kulturaren zenbait esparrutan, are gehiago euskal arteari buruzko ikuspegi kritikoa sustatu nahi denean. Nor gara gu Oteiza, Txillida edo Basterretxearen jeinutasuna zalantzan jartzeko, ezta?

Aurreko astean Ane Lekuona gonbidatu genuen solasaldi batera, Euskal Herriko artearen historia feminista baten bila. Genealogia berriak josten (1950–1972) izeneko tesian eta ondorengo liburuan planteatutako hausnarketen inguruan gogoeta egiteko asmoz.

Hark azaldu zigunez, maiz eraiki den Euskal Artearen genealogia androzentrikoaz harago, bestelako ibilbideak ere egon dira; genealogia ofizialek baztertu eta ia ezabatu dituztenak. Eta, kasualitatea ez bada ere, bazter horietan kokatu izan dira gehienetan emakumeak. Horregatik, genealogia horiez hitz egitean burura datozkigun lehen izenek berek agerian uzten dute hutsune hori.

Solasaldi hartan argi geratu zen genealogia berriak eraikitzeko eta zaharrak berrikusteko premia, oraindik ere gure arte-sisteman eta bertan formulatzen diren diskurtsoetan oso erritmo motelean txertatzen ari dena.

Izan kasualitatea, izan patua... Iruñeko Ziudadelan ikusgai dagoen erakusketak gaztelaniaz Genealogías femeninas en la Nueva Colección Pilar Citoler eta euskaraz Emakumeen genealogiak Pilar Citolerren bilduma berrian du izenburua. Horregatik, aurreko asteko solasaldian plazaratutako ideiek bultzatuta, eta izenak berak erakarrita, bertara hurbildu nintzen.

Dena dela, aitortu beharra dut tituluak dudak sortu zizkidala, femenino eta emakume hitzak ez baitira sinonimoak. Beraz, ez neukan argi femeninotasunari ikuspegi performatibo batetik helduko ote zion mostrak, edo sinpleki hainbat emakume artistaren obrak bilduko ote zituen.

Mostran sartu baino lehen aurkezten zen testu kuratorialean argitzen zuen Pilar Citoler bildumazalearen pieza pribatuek osatzen zutela erakusketa, eta piezek iruditeria artistikoaren berrirakurketa feminista proposatzen zutela. Hala, behin hori irakurrita, hainbat artistaren obrez osatutako mostra bat zela ondorioztatu nuen.

Hots, mostraren parte diren piezen kalitatea zalantzan jarri gabe, proposatzen den irakurketa feministaren barruan kokatzen zailak diren lan batzuk ere txertatzeak diskurtsoa lausotu egiten du. Izan ere, irakurketa feminista neurri batean gainazalean geratzen dela iruditu zitzaidan. Emakume artisten obrak eta emakumeak irudikatzen dituzten zenbait gizonen lanak uztartzean, planteamenduaren norabidea ez baita erabat zehazten.

Zehazki, bilduma pribatu bateko emakume egileen lanak batera aurkezteak, bere horretan, ez du genealogiarik osatzen. Are gehiago, sortzaileak jatorri eta garai desberdinetakoak direnean, eta euren arteko lotura bakarra emakume izatea denean, proposamena ahul geratzeko arriskua dago.

Horren harira, galdera bat sortzen zait: emakume artisten lanak biltzen dituen erakusketa bat egiteaz harago, ez al litzateke beharrezkoagoa irakurketa hori egituratuko lukeen proposamen sendoago eta koherenteago bat planteatzea? Alegia, genealogia baten logikak eta tentsioak agerian utziko lituzkeen egitura bat, bereziki genealogia kritikoen presentzia eskatzen duen testuinguru artistiko batean.

Genealogien beharra badugu, bai; baita lekukotasunarena ere. Ez baita gauza bera Euskal Herriko artearen genealogia feministari buruzko diskurtso kuratorial bat eraikitzea edo Errusiako testuinguruari buruzkoa. Testuinguru bakoitzaren berezitasunak, gatazkak eta sakontasun historikoa kontuan hartzea ezinbestekoa da, genealogia horiek benetan errotu eta eraginkor bihurtu nahi badira.

Eta honekin ez dut esan nahi etengabe Euskal Herriko genealogia feministei buruzko erakusketak egin behar direnik. Aitzitik, esan nahi dudana da genealogia horiek kontuan hartu beharko liratekeela erakusketak osatzerakoan; ez diskurtso ofizialetik aparte kokatzeko, baizik eta hura problematizatzeko eta bere arrakalak agerian uzteko bide gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.