Beñat Gaztelumendi bertsolari gazteak irabazi du aurten ere Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, iaz erakutsitako nagusitasuna berretsiz. Bigarren, berriz, Xumai Murua azkaindarra sailkatu da, iaz bigarren gelditu zen Miren Artetxe hendaiarrari aurre hartuta. Lapurdiko bi bertsolariek azken urtea izan dute hau Eskolartekoan, baina ez dute lortu txapela janzterik, Gaztelumendi bikain aritu baita lanean.
Txikien mailan, berriz, iaz txapeldunorde geratu zen Hodei Iruretagoienak jantzi du txapela. Haren atzetik, Maialen Valverde zumaiarra sailkatu da. Txikien mailan aipagarria izan da Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteek erakutsi duten maila bikaina, ateraldi politak entzuteko parada izan baitute ikus-entzuleek. Igor Elortza bertsolariak Mungiako pilotalekuan zuzendu duen saioan giro polit eta beroa izan da, eta are gehiago berotu da bi txapeldunek 'Berria' egunkari jaioberriari txapela eta azken bertsoa eskaini diotenean.
Bertsolaritza