«Bizitako margoaren beharrean sinesten dut». Horrela mintzatu zen Pello Azketa Madrilen egin zuen lehenbiziko erakusketan. Izan ere, margoa bizitzeko modu bat dela uste du, bizitzaren aurrean izaten den jarrera bat. Hain zuzen ere, bere bizitza eta bizimodua islatzen duen erakusketa zabaldu dute Nafarroako Museoan: Memoria de la mirada (Begiradaren memoria).
Azketak margogintzan egin duen ibilbidea laburbiltzen du erakusketak. Bide horretan izandako eboluzioa ederki islatzen dute ikusgai diren 39 olio margolanek. Zoritxarrez, 30 urtez margotzen ibili ondoren, 2004an itsu geratu zen margolaria, eta ordutik pintura alde batera utzi behar izan du. «Margotzeko modu hau, jarrera hau bukatu egin da niretzat, beraz, nire jarrera birpentsatu behar izan dut, bai alor plastikoan eta baita pertsonalean ere». Orain, «eskuragarriagoa» zaion arte batean aritzen da: bolumenean.
Nafarroako Museoan sartzean,bi haur ikus daitezke baranda bati eusten. Erakusketa irekitzen duen lana da, 1976koa. Haur horiekin hasten da Azketaren bizitzari begiratu bat emango dioen bidaia. Lehenbiziko obretan hiriko paisaiak margotu zituen. Elurrak zuritutako Txantrea auzoa eta Aranzadiko ingurua harrapatu zituen oihalean, besteak beste, hirian bizitakoa islatuz.
Iruñeak aldaketa handia izan zuen urte gutxiren buruan, eta horrek eragina izan zuen Azketarengan. Batetik, hiri berriaren eraikuntza jasotzen duten olio margolanak daude erakusketan, eta, bestetik, esanguratsuenak: bi hiriak agertzen dituztenak. Erakusketako bi lanetan antzeman daiteke bi hiri ereduen arteko kontrastea. Kale zahar bateko 75. atariaren barnean garabia ikus daiteke Donibane auzoa eraikitzen. Pertsiana itxirik duen denda zaharraren alboko atarian ere, hiri berria ageri da.
Haurra zenean ezagutu zuen hiri zaharrarekiko oroimin halako bat antzeman daiteke koadroetan. Bi errealitateren arteko kontrastea beste lan batzuetan azaldu zuen aurrerago, eta bere eboluzio pertsonalarekin zer ikusia du horrek. «Pertsona moduan planteatzen nuen gauzen erlatibitatea azaldu nahi nuen, eta hori da koadroetan agertzen dena», azaldu du.
Naturarekin bat
Kaleko gaia erabat baztertu gabe, mendiari lotutako urte bizi-biziak izan zituen Azketak. Batik bat, Pirinioetan izandako bizipenek eragin zioten bere obran. Horren adibide dira erakusketan ikus daitezkeen Lindus mendi tontorreko, Saioa mendiko eta Belateko margolanak, besteak beste. Nafarroako Hegoaldean erelanean ibili zen, Bardeako paisaiak bere eginez, eta, ikuspegi menditsuez gainera, hondartzan bizitakoak ere gorde zituen koadroetan. Horren adibide da Mutrikuko hondartzaren margolana.
Paisaiak pintatuz, tokian-tokian bizitakoa azaldu nahi izan zuen Azketak. Bidaiak egiten hasi zen orduan, eta horrek ere eragin nabarmena izan zuen harengan, baita haren obran ere. Bisitatu zituen lekuak margotu egin zituen. «Nire mugimenduei buruz nahiko ongi hitz egiten dute margolanek», esan du. Erakusketarako hautatutako koadroetan Erregeen haraneko paisaia ikus daiteke, Egiptora egindako bidaiaren oroitzapena, baita Hammameten etxeen arkupean dagoen txokoa ere, Tunezera joan zenekoa. Ekialde Hurbilean ibilia da margolari iruindarra, eta Nabateo herri zaharra erebere obren bilduman gorde du.
Jarduera gehiago
Mercedes Jover Hernando Nafarroako Museoko atalburuak esan duenez, erakusketan biltzen diren 39 koadroak ez dira inoiz erakutsi, edo behin baino ez. Igandez, bisita gidatuak eginen dituzte 12:30ean.
Erakusketari lotutako hainbat jarduera ere antolatu dituzte; mahai inguruak eta haurrentzako jardunak, besteak beste. LarunbatetanEl cielo gira (zeruak biratzen du) filma eskainiko dute. Pelikulan, Azketa ageri da.
'BEGIRADAREN MEMORIA'
Non: Nafarroako Museoan (Iruñea).
Noiz arte: irailaren 1a arte.
Begirada itsu baten oroitzak
Pello Azketa margolariaren ibilbide artistikoa laburbiltzen duen erakusketa zabaldu dute Nafarroako MuseoanArtistak 30 urtean egindako margolanetatik 39 aukeratu dituzte jendaurrean azaltzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu