'UKITU'
Artista:Â Maider Lopez.
Lekua:Â Kutxa Kubo aretoa, Donostia.
Noiz arte:Â Otsailaren 1era arte.
Â
Orain dela aste pare bat idatzi nuen kritikan, Maider Lopezek bere jaioterrian aurkeztutako azken banakako proiektuaren bitxitasuna aipatu nuen, bi instituziotan banatutako erakusketa baita. Erdia Tabakaleran dago. Eta beste erdia, berriz, Kutxaren Kubo espazioan. Kasu hartan lehen erdiaz idatzi nuen, partzialki ikusitako erakusketa bat aztertzeko ausardiarekin eta beste erdia ere ikusiko nuen promesarekin. Promesa bete dut, eta Kutxa Kubo espazioan ere izan naiz.Â
Erakusketa baten erdi gisa hartu beharrean entitate propioko mostratzat hartuz gero, Kutxako proposamena jostagarria da, eta umorez blaitua. Tabakalerako erakusketan bezala, eta Lopezen jarduna ezagutuz gero jakina denez, hainbat lanek izaera dokumentala hartzen dute erakusketa aretora ekarrita. Baina, orokorrean, izaera dokumental hutseko obrek hainbesteko presentziarik ez dutenez, beste lan osagarri moduan funtzionatzen dute; zenbaitetan, gainera, erakusketa aretoan beren izaera dokumentalaz haratago joateko ariketa interesgarria egiten da, eta proposamenak berraktibatzen dira.Â
Horien artean, Hierba en movimiento (2022) proiektua azpimarratu daiteke, belar moztua menditik baserrira ekartzeko keinuaren inguruan gauzatzen den proposamena, zeinetan erakusgai dauden emaitzek ekintza jakin baten dokumentazio huts gisa baino gehiago, entitate propioko lan gisa funtzionatzen duten. Halako zerbait gertatzen da (TelĂ³n.) (2015) piezarekin ere. Kasu honetan, antzoki baterako proiektatutako teloi dantza aretora ekarri du, eta mugimendua kenduz, bisitariek espazioarekin duten harremanaren hautematea baldintzatzen duen pieza monumental bilakatu. Teloien arteko pasilloetatik igaroz, piezaren erraietara sartzeko aukera eskaintzen du artistak. Eta, Hemen, hor, han (2023) lana aretora ekartzeko modua ere aipagarria da; izan ere, eta nahiz eta parte hartzaileen esperientzia ezberdina izan, ekintzaren errotiko esentzia aktibatzea lortu baitu aretoan: behaketa-bilaketa jolasa.Â
Azkenik, aipagarria da artistak erakusketa aretoan zuzenean egindako esku hartzea ere: kolore biziak erabiliz aretoaren zati bateko hormak nabarmendu eta haien dimentsioak izkiriatuz egindakoa. Erakusketa aretoetako pareta zuri horiek, maiz oharkabean igarotzen direnak nabarmendu, eta, beraz, espazioa osatzen duten elementuetara eramaten du gure arreta. Bertol Brechtek esaten zuen moduan, gorriz pintatutako larreek, berdez pintatutakoek ez bezala, gure arreta piztu eta haien inguruan gogoeta egitera bultzatzen baitute.
Instituzio bakoitzak bere egiteko moduak ditu; mostrak ulertzeko erak eta baita bisitariekin komunikatzeko bitarteko propioak ere. Eta hori oso agerikoa da erakusketa honetan, zati bakoitzak bere izaera eta lorratz propioak baititu. Hala, Kubo espazioan barneratzean, instituzioan sortutako beste ohiko erakusketa bat bisitatzeko sentsazioa dago, Tabakaleran gertatzen den bezalaxe. Eta, ondorioz, erakusketa beraren bi erdi ikusi izanaren irudipena baino gehiago, artista beraren bi erakusketa independente ikus izanaren sentsazioa nagusitzen da. Erakusketa batera sartuta, bisitariak ez du, inondik ere, erakusketaren erdia soilik ikusten ari delako sentsazioa; alegia, beste erdia huts egiten ari delakoa.
Apustu sendoago baten falta dago; intentzioaren benetako materializazio falta. Esaterako, bi espazioetan eskuorriak eta sarrerako testua berberak izateak errepikapen sentsazioa iradokitzen du, erakusketa beraren bi zati ikustearen sentsazioa transmititu ordez.  Â
Instituzio bakar batekin erakusketa bat kudeatzearen zailtasunez jabetzen naiz, eta ez dut imajinatu ere egin nahi proposamen hau bi instituzio ezberdinekin kudeatu behar izatearen konplexutasuna zenbatekoa izan den. Baina behin halako proiektu ausart eta handia eskuen artean izanda, erabaki guztiek horren araberakoak behar dute izan, erdibidekoetara joz gero mostra ere erdibidean gelditzeko aukerak baitaude, tamalez.
Detaileak detaile, zalantzarik ez dago Maider Lopezek tamaina honetako erakusketa berezi bat merezia zuela bere jaioterrian; erakusketa huts bat izan beharrean, ospakizunen artean, haren ibilbidearen omenaldi itxura ere hartzen duena.Â