KRITIKA. Musika

Belar moztu berriaren usaina

marcia
Andoni Tolosa.
2025eko ekainaren 29a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ANA MARCIA

'Márcia' 

Bairro da Musika.

Emakume ahots ederrez beteta dago musika portugaldarra, eta ez da topiko bat. Egia da gizonezko ahots ederrez beteta ere badagoela, baina badirudi, ohikoan gertatzen denaren kontrara, errazago iristen zaizkigula emakumezko kantari portugaldarren lanak. Bejondeiela. Finean, elektronikatik herri-musiketara, azken hamarkadetan Europako eszena musikal interesgarrienetako bat gertatzen ari da bertakoa, eta horren beste seinale bat baino ez da aipatutakoa. Joan den mendearen amaieran fadoak eta haren berrirakurketa ugariek seinalatu zuten bidea, eta hango musikari gazteekiko arreta piztu zuen. 

Hortik aurrera, Europa, Afrika eta Amerikaren arteko bidegurutze askotarikoaz elikatzen den ekosistema musikal bat ezagutu genuen. Nortasun musikal propioa eta bi itsasargi nagusi zituena: Jose Afonso eta Amalia Rodrigues. Horregatik, agian, errazegi katalogatu ditugu ondoren etorri diren musikarien lanak, betiere, fadoa ardatz hartuta. Baina ez da hala, eta horren adibide, Márcia kantariaren ibilbidea.

2009an kaleratu zuen bere lehenengo EPa, eta bertako A Pele Que Há Em Mim balada akustiko gozoak egin zuen ezagun. Márciak hanka bat folk anglo-saxoian zuen, eta bestea Brasilgo MPBan, eta melodia hauskorreko kanta delikatuak idazteko gaitasun aparta erakutsi zuen; bai ahotsez eta gitarraz lagundutako kantu akustikoetan, bai pop janzkera ohikoagoz jantzitakoetan. Hortik aurrera, sei disko kaleratu ditu, eta tinko eutsi dio hasieran aditzera emandako norabideari. Elektronikarekin apur bat jolastu da, moldaketa estandar eta konplexuagoekin probatu du, eta kantu sorta aipagarria bildu du bidean, eta holaxe heldu da Ana Márcia honetara, non gitarra akustikoari hautsa kendu, eta orain arteko diskorik folkiena burutu duen.

Sei Lá tempo ertaineko baladak irekitzen du diskoa; baxu gozo batek gidatzen du lelo bikaina duen kantua. Biluzik dator hurrengo Maria Jorge, eta ahotsak laztanduko zaitu, gitarraren arpegioek lagunduta. Urruti antzera dabiltzan slide gitarrek ukitu country bat emango diote Paz Do Sono-ri. O Assunto-k kantariaren alderik intimistena erakutsiko digu, eta ondoren iritsiko zaigu Quem Quer Dizer Adeus, disko honetako harribitxietako bat. Zein luzea den Caetanoren itzala. Pianoak areagotu egiten du Ainda Bem kantuaren giro lainotua. Beste lelo puska bat. Catarina Salinasekin kantatzen du Quem Cá Está, diskoko poperoena; eta, ez da harritzekoa, Sergio Godinho 70eko hamarkadako folk berritzailearen aitzindariarekin Ás Vezes o Amor. Lotarako kantu eder bat, beste bi kantu akustiko, eta beste bi tempo ertaineko balada, eta bukatu da diskoa. Eta ahoan/belarrietan belar moztu berriaren usaina geratuko zaizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.