Berriatuko (Bizkaia) baserri batean jaio zen Angel Ugarteburu idazlea, 1942an. 12 urte bete zituenean, ordea, baserria utzi eta Derioko (Bizkaia) apaiztegira joan behar izan zuen ikasketak egitera. «Apaiztegira joan bai, baina beti bueltatzen nintzen baserrira. Latza zen amari, arrebei, txakurrari agur esatea», gogoratu du autoreak. Haurra zeneko bizipenetan oinarritu zen, zehazki, Milloitik mundura bere lehen liburu autobiografikoa idazteko. 2008an kaleratu zuen, eta landa eremuarekin izandako harremana du hizpide hartan. Aurten, hamazazpi urte geroago, liburu horren jarraipena argitaratu du: apaiztegian eman zuen denborari eta horren ostean egindako ibilbideari buruzko Hegan eta jare eleberria. Igone Etxeberria Labayru fundazioko zuzendariarekin eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruarekin batera aurkeztu du liburua Ugarteburuk.
Bi liburu horiek autobiografikoak izan arren, autoreak ziurtatu du bigarrena ulertzeko ez dela beharrezkoa lehenengoa irakurtzea. «Irakurri duenak, ordea, lehenengo eleberriko oihartzunak aurkituko ditu bigarrenean», aurreratu du. Hain zuzen, «hari fin batek» lotzen ditu liburu biak: baserriak. Umetan, familiaren baserrian kontatzen zizkioten ipuinak eta kondairak eta kantatzen zizkioten bertsoak entzutea zuen gogoko, «mundu magiko baten» erakusleiho zirelakoan. Heldu zen heinean, beste balio bat eman zien baserrian ikasitakoei. «Apaiztegiko ikasketak amaitu eta gero, klaseak ematen hasi nintzen ikastoletan, baina gazteek ez zuten euskaraz ikasteko behar beste material», azaldu du Ugarteburuk. Orduan, baserrian entzundako eta senideek kontatutako kondairak, ipuinak eta bertsoak idatzi zituen paperean, irakaskuntza material gisa erabiltzeko. «Beharrak eraginda hazi zitzaidan idazteko beharra».
«Apaiztegiko ikasketak amaitu eta gero, klaseak ematen hasi nintzen ikastoletan, baina gazteek ez zuten euskaraz ikasteko behar beste material»
ANGEL UGARTEBURU Idazlea
Hegan eta jare liburuan, gainera, garai hartako egoera politikoaz ere mintzo da autorea, Euskal Herriko egoera kulturala, ekonomikoa eta soziala «oso ondo» azalduta. «Metatutako memoriatik jaio den eleberri moduko bat da», zehaztu du idazleak. Ugarteburuk berak kultur eragile askorekin izan zuen harremana orduan, eta horiekin lotutako kontuak ere aipatzen ditu testuan: besteak beste, Ez Dok Amairu kolektibo ospetsua eta 1983an Azpeitian (Gipuzkoa) egindako lehenengo antzerki topaketak. Idazlearen arabera, zehazki, «belaunaldi oso baten lekukotza» jasotzen da eleberrian. Liburuak barne hartzen ditu urte luzez ezarritako zentsura, Ipar Euskal Herrira edo beste hainbat tokitara ihesi joan behar izan zirenen historiak eta euskal gazteriaren asaldurak.
Liburua bakardadean egindako hausnarketetatik abiatuz osatua bada ere, «Euskal Herriko pertsona askoren historia» biltzen du. Autobiografikoa denez gero, lehenengo pertsonan idatzita dago, baina ikuspuntu sozialak eragin handia du autorearen idazketa estiloan. Garai latzetan izandako gertaerak hizkera bizi, atsegin eta arin baten bitartez helarazten ditu, eta horregatik, hain zuzen, «udako irakurketa bikaina» dela ziurtatu du. Ahozko erregistroak ere eragin handia izan du idazlearen estiloan; literatura baliabide horren bitartez, bizitasuna eta hurbiltasuna gehitu die liburuko pasarte guztiei.
Elkarlanaren fruitu
Hamazazpi urte igaro dira Ugarteburuk bere azken liburua atera zuenetik. Aitortu du Hegan eta jare argitaratzeko materiala denbora luzez izan duela eskura, baina hainbat oztopo izan dira bidean, eta ezin izan du lehenago plazaratu. «Hau izan da momentu egokia, eta pozik nago. Orain dela 50 urte ezkondu nintzen andrearekin! Ez zegoen garai hoberik!», esan du, pozik.
«Euskal Herriaren historia ezagutzeko liburu bat egin du Angelek, eta aipagarria da dena tonu positibo batean kontatzen duela»
IGONE ETXEBARRIA Labayru fundazioko zuzendaria
Milloitik mundura liburua bezala, Labayru fundazioak argitaratu du Hegan eta jare eleberria ere, Sutondoan sortaren barruan. Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren harira egin dute argitalpena, eta oso pozik daude azken emaitzarekin. «Angel izan zen nire lehenengo irakaslea. Euskarazko lehenengo hiztegiak eman zizkidan», kontatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Atseginez eta pozarren irakurri dut haren liburua. Ez da izango Labayru fundazioarekin elkarlanean egingo dugun azkena, ezta Angelek idatziko duen azkena ere». Oraingoz, ordea, Ugarteburuk ez du beste liburu bat argitaratzeko asmoen berririk eman.
Igone Etxebarria Labayru fundazioko zuzendariak Urrutiarekin bat egin du, eta Ugarteburu zoriondu du egindako lanagatik. «Euskal Herriaren historia ezagutzeko liburu bat egin du Angelek, eta aipagarria da dena tonu positibo batean kontatzen duela». Hegan eta jare aurretik argitaratzeko asmoa zutela ere aitortu du Etxebarriak; elkartean izandako krisi ekonomikoak, ordea, galarazi egin zien. «Egun, esan dezakegu ikasle ohiek bultzatuta osatu duela liburua Angelek. Kontatu beharreko historia bat da, eta hemen dago».