Durangoko 51. Azoka. Szenatokia

Beldurrak, tekila eta gatza

Gizartean tabu diren hainbat gai plazaratu ditu Szenatokian egin den antzerki maratoiak. Aktoreen eta publikoaren arteko harremana hurbiltzea du xede pieza laburren egitasmoak

Ixabel Milleten bakarrizketa: Emoziotegia, emozioen hiztegia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Durango
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iñaki Ziarrusta aktoreak antzezten du Atx konpainiaren Bihotz salataria obraren pertsonaia nagusia. Musika tetriko batekin batera zabaldu da oihala. Egurrezko ohe zahar batean etzanda datza Luziferren tankerako pertsonaiak; soina biluzik, eskuetako azazkalak luze eta beltzez margoturik... orain ahots agudo estridentez, orain ahots baxu sarkorrez zorotasunaren mugan dagoen hiltzaile baten bakarrizketa deklamatzen du pertsonaiak. Pasarte zenbaitek beldurra ere eman dezakete. Ondoren dator aktorearen beraren azalpena: «Atx konpainian obrak hartzen ditugu hurrengo lanetarako hazitegi modura. Antzerkian beldurra nola txertatu pentsatzen ari gara, esperimentatzen. Zineman, literaturan, ohituago gaude beldurra sentitzen, antzerkian ez horrenbeste».

Eromena eta beldurra izan dira Durangoko azokako Szenatokia arte-eszenikoen gunean (San Agustin antzokian) astelehen goizean egin den antzerki maratoian jorratutako tabuetako batzuk. Szenatokia duela bost urte sortu zenetik gauzatu da egitasmoa: «Antzezlan osoak eman beharrean, zati laburragoak ematea da asmoa, lagin moduko trailerrak. Gero jendeak, gustuko izanez gero, aukera duenean obra osoa ikus dezan edota bere herrira eraman dezan», azaldu du Itziar Elias Szenatokia guneko arduradunak. Interaktibitatea, hartu-emana, feedback-a... oso ohiko eta beharrezko kontzeptuak bilakatu dira aspaldi luzean kulturgintzaren esparruan. Antzerkiaren munduan nola hurbildu litekeen sortzailearen eta hartzailearen arteko harremana; gogoeta horretatik abiatuta sortu zen maratoiaren ideia. «Pieza laburrak dira. Ikus-entzuleek malgutasuna dute batean sartu eta hurrena kanpora irteteko, eta, behin emankizun laburra bukatuta, aukera dute, halaber, aktoreekin aurrez aurre mintzatzeko eta iritzi eta erreakzioak partekatzeko. Funtzionatzen duen formatu bat da, eta aurrerantzean ere baliatu egingo dugu».

Obra amaitutakoan soilik ez, antzezpenean berean aktoreak ere saiatzen dira publikoarengana gerturatzen, batzuetan obraren beraren pasarte bat baliatuz. Besteetan, inprobisazioari tarte eginez, eta zuzenean publikoari itaunen bat eginez. Esaterako, Iñaki Ziarrustak, deabruz gorpuztutako hiltzailearen rolean, besaulkietako lehen ilaratara egin du jauzi, eta ezustekoan harrapatutako baten bati ikara eragin ere bai.

Ikara ez, barre algarak sortu ditu, aldiz, Itziar Saenz de Ojer aktoreak Bazen Behin Clown konpainiaren Sexijentzia askatuz lanaren lagina ematean. Barrea eraginez, baina hark ere gizartean tabua den gaia jorratzen du. Pituxa da protagonista, eta sexu harremanetan ez du orgasmorik izaten. Era ezberdinetan ibili da irtenbide bila, eta bizi izandakoa publikoari kontatzera dator. Zein betebehar eta exijentzia sortzen dira harreman erotikoetan? Ba al dakigu zein den gure benetako desira? Edota gizarte estereotipoen pean gaude? «Nik arazo sexual bat daukat. Nik ez dut gozatzen», bota dio Saenz de Ojerrek, Pituxaren rolean, aretoa bete duen ikasle saldoari. Haiek barrez erantzun. Eta pertsonaiak: «Bai, grazia egingo dizue... baina arazoa da. Eta hitz egiten ez den arazoa, gainera!».

Eta barre gehiago. Pieza amaitzean, hiruzpalau lagun hurbildu zaizkio, asko gustatu zaiela esanez. «Ederra da lehen erreakzio hau jasotzea». Eta umorearen aldeko aldarria ondotik: «Bazen Behin Clown konpainian hasieratik umorea erabili dugu edozein gai lantzeko. Gizartean gai asko daude behar beste hitz egin eta lantzen ez direnak. Antzerkia eta umorea oso tresna sendoak dira gai tabu horiekin pedagogia egiteko».

Tabuei, umorea

Eta tabuen inguruan pedagogia egiteko antzerkia «tresna indartsua» dela uste dute Arimaz antzerki taldeko Amaia Ruiz de Galarreta eta Barbara Rivas aktoreek ere. Oreka-Tu pieza laburra da berez, ordu laurden ingurukoa, baina apur bat luzatu nahi lukete hemendik aurrerako emanaldietan. «Horregatik, esperimentatzeko oso ondo datorkigu Szenatokiaren egitasmo hau, jendearekin aurrez aurre egoteko aukera dugulako», dio Ruiz de Galarretak. Egun ongi purian dagoen gaia jorratzen du lanak: ikaskideen arteko tratu txarrak, alegia. Bullying-a ez da jolasa leloa orri zuri batzuetan erakutsiz amaitu dute lana. «Asko gustatuko litzaiguke lan hau eskoletan eskaini ahal izatea. Bai haurrentzat eta bai irakasleentzat ere baliagarria izan daiteke arazoari buruz hitz egiten duen obra ikustea», zehaztu du Rivasek.

Heriotza eta zorotasuna, emakumeen sexualitatea eta bullying-a; hirurak gai klasiko bezain gaur-gaurkoak, hirurak tabuak, neurri handi batean. Eta hirurak gizakion emozioei eragiten dizkietenak. Emozioen inguruko bakarrizketa da, hain zuzen, Ixabel Millet aktoreak taularatu duena. Obra osoaren lau puska desberdin batu ditu, eta interesgarri iritzi dio Szenatokiak emandako aukerari. «Gaur, gazteak zeuden batez ere, eta oso interesgarria da aiekin hartu-eman zuzena izatea. Are gehiago, emozioei buruzko lan bat denean». Nork bere buruarekin dituen emozio borrokak islatzen ditu monologoan: «Sarri, emozioak epaitu egiten ditugu. Uste dut lasaiago hartu beharko genituzkeela, baita emozio txartzat hartzen ditugun horiek ere. Geure burua gehiegi estutzen dugu halakoetan». Antzezlana amaitzeko, Milletek erabilitako esaldia erabil daiteke, nola bizitzari hala antzerkigintzari aplikatzeko ere. «Bizitzak limoiak ekartzen badizkizu, eskatu tekila eta gatza, eta edan dena batera lagunekin batera!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA