Musika

Beldurrei buruzko kanta berriak, Neomak taldeak jarriak

Neomak taldeak bere ibilbideko bigarren diskoa eman du argitara: ‘Lazturak orbain’. Seikote modura hasi baziren ere, laukotea dira egun, eta orain arteko nortasun musikalari eutsi diote lan berrian ere.

Neomak taldeko kideak, Bilboko Sinsorga kulturgunean, diskoaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Neomak taldeko kideak, Bilboko Sinsorga kulturgunean, diskoaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko azaroaren 13a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da lema kolpe bortitzik egon. Besterik gabe, patxadaz egin nahi izan dute bidea. Oraingoan ere ahots zainduak, pandero erritmo sinkopatuak, trikitiak eta oinarri elektronikoak dira Neomak taldearen proposamenaren muina, baina, taldekideek azaldu dutenez, denboraz aritu nahi izan dute bigarren diskoa prestatzen. Horregatik, lehen lanarekin euren burua ezagutarazi zutenetik hiru urteren buruan eta laurogei kontzertu baino gehiago eman ondoren atera dute argitara Lazturak orbain diskoa (Airaka, Balaunka). Bederatzi kanta biltzen ditu lanak, eta haietako bakoitza «beldurrari begiratzeko modu bat» dela esan dute musikariek.

 

Neomak taldekoek gazte hasi zuten musika ibilbidea trikiti lehiaketetan, eta urteak eman zituzten gero zuzenekoetan kantatzen Kepa Junkera musikariarekin. Sorginak izenarekin aritzen ziren orduan, eta gero hartu zuten Neomak izena. 2022an eman zituzten argitara euren lehen abestiak, eta urte hartako irailean argitaratu zuten euren lehen disko luzea ere: Neomak. Berehalakoa izan zen publikoaren erantzuna, eta, geroztik, Euskal Herrian ez ezik, Japonian, Hego Korean, AEBetan eta Georgian ere izan dira. 2024ko Herri Urrats jairako abestia ere sortu zuten, eta kolaborazioak egin dituzte Zetak eta Janus Lester taldeekin, besteak beste, baina tarte horretan guztian su geldoan joan dira kantak lantzen.

«Diskoa argitaratu genuenetik denbora joan da, eta izan dugu bertigo puntu bat ere horregatik. Baina argi geneukan hori izan behar zela diskoa sortzeko modua»

ALAITZ ESKUDERO Musikaria

Seikote modura hasi baziren ere, egun Alaitz Eskudero Unanuek, Leire Etxezarreta Learretak, Irati Gutierrez Artetxek eta Garazi Otaegi Lasartek osatzen dute taldea, eta eurek sortu dituzte disko berriko abestiak. «Musikaren munduaren bukle horretan sartzen zarenean, inertzia batzuk daude», azaldu du Escuderok, eta, hain justu, patxadaren alde egin du gero. «Gaur egun dena doa oso azkar, oso azkar kontsumitzen da dena, eta ematen du denak daukala iraungitze data. Diskoa argitaratu genuenetik denbora joan da, eta, gainera, urtebete eman dugu oholtzetatik kanpo. Orain ez dakizu zer harrera izango duen lan horrek, eta izan dugu bertigo puntu bat ere horregatik. Baina argi geneukan hori izan behar zela diskoa sortzeko modua, eta, gainera, guztiok ditugu musikaz bestelako lanak ere, eta ez da erraza hori koordinatzea».

Gaur zabaldu dute lan osoa, baina, aurrez, diskoko bi abesti ere kaleratu dituzte aurrerapen modura. Esperantzak kanta izan da haietako bat, eta taldeak kutsu tradizionaleko musika ulertzeko duen modu propioaren erakusgarri izan daiteke pieza. Tenpo ertainean, ahotsak dira nagusi kantuaren hasieran, eta Imanol kantariak abestu eta Xabier Amuriza bertsolariak idatzitako Mendian gora haritza abestiari egindako keinu batekin amaitzen da gero. Inork ez du berdin egiten negar izan da aldez aurretik argitara eman duten beste kantua. Musika elektronikoak leku handiagoa du kasu horretan, hasieratik bertatik.

 

Edonola ere, ahots hutsez eta hitzik gabe abiatu dute diskoa Preludio izeneko pieza polifonikoarekin, eta ahots bakarrarekin eta a cappella kantatutako pieza laburrekin amaitu azkenik. Itsasoa laino dago abestiaren melodia baliatu dute itxierarako, eta esperantzari zirrikitu bat zabaltzeko erabili dituzte hitzak: Itsasoa laino badago,/ horko barraraino,/ saia gaitezen/ argitu dadin/ berandu izan baino lehenago./ Saiatuko naiz/ argitu dadin/ bihar esnatzerako.

Hain justu diskoko abestirik gordinenaren ondoren dator itxaropen izpia, gainera. Sehasketan da diskoaren azken-aurreko kantua, eta, taldekideek azaldu dutenez, kanpoko munduaren egoera zailaren erakusgarri dira haren hitzak. Palestina, Sahara eta Yemen aipatu dituzte musikariek adibide gisa, eta, azaldu dutenez, horiek guztiak gogoan hartuta idatzi dute leloa: Txikitxu polit horrek/ zer dozu negarrez?/ Mundua bete dute gerraren beldurrez!.

Pau Brugada Vila eta Vic Moliner Abos aritu dira ekoizle lanetan, Haritz Harregik egin ditu grabaketa eta nahasketa lanak, eta Victor Garcia Guartmonerrek egin ditu masterizazio lanak. Horrez gainera, Ane Pikaza Ereño izan da arte zuzendaria, eta Guido Di Marzio artistak sortu du diskoaren azalean ikus daitekeen eskultura.

Orbainak indargune

Portzelanazko bihotz urdinkara baten itxura du piezak. Noizbait apurtu izanaren arrastoak ageri ditu, ordea, eta, hain zuzen ere, Japoniako kintsugi izeneko teknika baliatuta urrez konponduta dirudite hautsitako puskek. Eta, taldekideen hitzetan, horixe erakutsi nahi izan dute euren lanaren bidez.

Neomak taldeko kideek azaldu dutenez, eurentzat «aldaketen aldeko kantu bat» baita diskoa. «Bizitza bera etengabeko aldaketa da. Eta aldaketek beldurra dakarte askotan. Kanpo zein barne beldurretara bidaia da disko berria, eta kantu bakoitza, beldurrei begiratzeko modu bat. Gu geu aldatuz goazen heinean desberdin kudeatzen baititugu gure beldurrak. Oraingo honetan, orbainak ezkutatu beharrean, erakutsi nahi izan ditugu, eraldaketa agerian utzi. Indargune direla azpimarratu, ahultasuntzat jo beharrean. Hausturak eta konponketak historiaren parte baitira».

Zuzenekoetan bi kide gehiago izango dituztela ere iragarri dute: Etxahun Urkizu bateria jotzailea eta Eider Villalba teklatu jotzaile eta abeslaria, hain justu. Hori izango da aldaketa nagusia. Izan ere, orain artean kontzertuetan pad bidez txertatu dituzte musikaren oinarri elektronikoak, eta orain, berriz, bi musikari horien laguntzarekin grabatuta egonik ere, zuzenekoan bertan nahastuko dituzte pasarte horiek ere. «Beste energia bat izango dute zuzenekoek».

KONTZERTUAK

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.