Ben Affleck aktoreak zuzendatako Argo thrillerra aurkeztuko dute Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. Affleck da filmeko protagonista ere eta aurkezpen ekitaldira etorriko da, Alan Arkin eta John Goodman aktoreekin batera.
Argo filma gertaera istoriko batean oinarritzen da: 1979ko Irango Iraultza. Iraultzaileek AEBen Teherango enbaxada eraso zuten, eta AEBko 52 herritar hartu zituzten preso. Horietako seik ihes egin zuten, eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu zuten. CIAk helburu bakarra izango du: lagun horiek AEBetara ekartzea Irango agintariak ohartu gabe; horretarako, arrisku handiko operazio sekretua antolatuz. Filmean kontatutakoak ezkutuan egon dira mendeetan zehar.
Antolatzaileek atzo jakinarazi zuten Richard Gere eta Susan Sarandon aktoreek emango diotela hasiera Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioari. Bi aktoreak protagonista dituen 'Arbitrage' filma aurkeztuko dute Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian. Ezaguna da Zinemaldia bi aktoreentzat, etxean baitute jada Donostia saria; Richard Gerek 2007an jaso zuen eta Susan Sarandonek 1995ean.