Gaur aurkeztu dute aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aurrekontua %10 inguru murriztu arren, egitarau mamitsua izango du, eta iaz irekitako guneei eutsiko die: Irudienea, K@bia eta Szenatokiari. Sortzaile eta eragileekin elkarlanean, gune horietako egitaraua indartzeko apustua egin dutela azaldu du Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariak.
Ahotseneak berezkoa indarra du, bost urteko ibiliaren ostean. Disko eta liburuen 88 aurkezpen egingo dituzte, denera. Aurten, gainera, 22:00 arte izango da zabalik, azoka 20:00etan itxiko duten arren. "Azken urteetako gorabeherak gaindituta", Plateruena azokaren parte izango da, Goenagak adierazi duenez. Haur literaturaren aretoari izena aldatu diote: Saguganbara izango da aurrerantzean.
Nestor Basterretxeak egin du aurten, enkarguz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren kartela.