Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Bera riddim

2025eko urriaren 26a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Scientist ekoizle jamaikarraren musikarekin ari naiz gozatzen azken boladan. Dub kantuak dira; badakizue: oihartzuna oihartzunaren gainean, efektua efektuaren ondotik. Soinu mahaia du instrumentu nagusitzat, eta beste zenbait artistaren abestien hezurdura edo riddim delakoak dira bere laborategiko jardunerako ezinbesteko lehengaiak. Zutabeak mantenduta osagaiak eraldatzea, irabiatzea eta berriak txertatzea da kontua, emaitza erabat bestelakoa lortzeko.

The Meters taldea ere maiz ari naiz entzuten. Zein gozagarria den egiten duten musika! Bizi-biziak dira kantuak, New Orleanseko funkaren sublimazioa da haiena. Dena den, ez da The Meters aditzen ari naizen modu bakarra: Allen Toussainten eta Dr. Johnen zenbait disko ere janzten baitituzte, zehaztasun eta erritmo imitaezinez. Ez dira hiri hartako izar handienak bezain sonatuak, baina musika hari bultzaka aritu ziren beste ia inor ez bezala.

Kingston eta New Orleans erlatiboki gertu daude, bai behintzat Bera herriarekin alderatuz gero. Guk ere halakoak baditugu bertan, ordea, askorentzat oharkabean igaro arren, bigarren lerroan jo eta su aritu direnak. Geure zientzialari izandako Kaki Arkarazok eta Angel Katarainek nekez abiatuko zuketen M-ak Fernan Irazoki eta Mikel Artieda beratarren laguntzarik gabe, esaterako. Zenbat jenderekin aritu dira gero, nola estudioan hala zuzenean? Gozategi, Tapia eta Leturia, Zaldibobo, EH Sukarra, beste hainbeste aipa genitzake. Eta Mikel Irazoki, Igor Telletxea, Joseba Baleztena, Petti, Iñigo Telletxea eta Ibai Gogortza? Anje Duhalde, MICE, Xabier Montoia, Delirium Tremens, Gari, Juan Carlos Perez, Benito Lertxundi, Eñaut Elorrieta, Zura, Billy Bao, Cafe Teatro, Niko Etxart, Izaki Gardenak, Izukari... Hamaika taldetan topa dezakegu haien lorratza. Adopzioan hartutako Felix Buff ere batu genezake zerrendara, eta zer esan Joseba Irazokiri buruz. Badira gehiago, noski, ezin denak izendatu.

Borrokan al da euskal rockaren The Meters? Zup, bestela? Joseba Irazoki eta Lagunak? Nekez topatuko du euskal musikak Berako bandarena baino sostengu sendoagorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.