Ainhoa Sarasola.

Berastegi: «Proiektu hau errealitate bihurtzen laguntzera etorri naiz»

2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Donostia 2016 fundazioaren patronatuak joan den astean aukeratu zuen Pablo Berastegi zuzendari berri gisa, eta atzo egin zuten aurkezpena Donostian, egitasmoaren egoitza nagusian. «Nire lana, esperientzia eta ilusio guztia ematea espero dut. Uste dut etorkizuna duen proiektua dela, oso ongi egituratuta dagoela eta ematen duena edo jendeari iritsi zaiona baino askoz ere lan gehiago egin dela. Gogo handia dut sartzeko», adierazi zuen zuzendari berriak. Urrian batuko zaio lantaldeari Berastegi, aurrez dituen zenbait konpromiso itxi ondoren.

Patronatuko kide diren instituzioetako ordezkariek lagunduta egin zuen zuzendari gisa bere lehen agerraldia Berastegik; alboan izan zituen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea —Espainiako Kultura ministerioko ordezkaririk ez zegoen—, baita 2016ko lantaldeko hainbat kide ere. Ikusminik bazen bildutako kazetarien artean.

Proiektuan parte hartzeko aukeratua izatearekin «oso pozik» dagoela adierazi zuen Berastegik; herenegun ezagutu zuela lantaldea, eta «oso bibrazio onak» sumatu dituela. «Oso proiektu polita da, ilusionagarria, aspalditik ezagutzen dudana». Egitasmoaren oinarrizko ideiekin bat datorrela esan zuen, «hala nola, elkarrizketa ezagutzarako eta enpatia sortzeko bide gisa,eta kultura elkarbizitzarako eta eraldaketa sozialerako tresna gisa» ulertzearekin. Halaber, proiektuaren ildoa «parte hartzailea eta behetik gorakoa» izatea ere goraipatu zuen. Horiek guztiek erakarrita aurkeztu zuela bere hautagaitza.

2016. urtea iristeko «gutxi» falta den arren, proiektua garatzeko denbora badagoela uste du. «Denbora ez dugu gure alde, baina lantaldeko kideek lan handia egin dute eta aurrera jarraitzeko ideiak oso argi dituzte. Uste dut badela nahikoa denbora hiriburutza izan dadin guztiok nahi dugun hori, momentu historiko bat Donostiako hiriarentzat».

Edukien inguruan berritasunik edo aldaketarik ekarriko ote duen galdetuta, ez dela horretara etorri erantzun zuen zuzendari berriak. «Ez da nire proiektua, alegia, ni ez nator nire ideiekin edo proiektuekin, lantalde batean lan egitera etorri naiz, eta jada badagoen proiektu bat bide onetik eramatera, lurrera ekartzera, ekintza zehatzen bitartez. Ziur ideiak sortuko direla, baina ni ez nator zerbait berria sortzera; egitasmoa hor dago, hautatua izan zen, eta ni proiektu hori errealitate bihurtzen laguntzera etorri naiz».

Orain arte proiektuari egindako kritiken inguruan ere galdetu zioten Berastegiri, «gardentasun faltari» buruz, adibidez. Gardentasuna harentzat «funtsezkoa» dela eta hala jardungo duela adierazi zuen, baita ez duela «injerentziarik» espero eta lantaldea «era autonomoan» ariko dela ere.

«2016a kulturaren ospakizun bat izango da, non guztiek parte hartu ahal izango duten». Berastegiren ustez, «kultur antolakuntzaren bestelako ereduak, askoz ere parte hartzaileagoak» posible direla frogatu dezake egitasmoak. Aurrerago ere begiratzeko beharra ikusten du. «Uste dut 2016tik harago jarraitu ahalko duten funtzionamendu protokoloak jartzea dela garrantzitsua dena».

Euskaraz ez jakiteaz

Lehen hitz apurrak euskaraz egin zituen Berastegik, baina berehala azaldu zuen gazteleraz jarraituko zuela, «aita euskalduna izanik ere, ez baitut euskaraz hitz egiten, oraindik». Bere aukeraketa ezagutu zenetik, zeresana eman du gaiak, eta hala izan zen atzokoan ere. Zehazki, Sortuko presidente Hasier Arraizek goizean eginiko adierazpenei buruz galdetu zioten Berastegiri —euskaraz ez dakien zuzendari bat aukeratzea «akatsa» dela iritzi zion elkarrizketa batean—. «Agian arrazoi du, baina iritziz alda dezan lan egingo dut», erantzun zuen Berastegik.

Baina hari baino gehiago, Donostiako alkateari galdetu zioten auziaren inguruan. Zuzendaria aukeratzeko Bruselak jarritako irizpideak jarraitu dituztela azaldu zuen Izagirrek —ingelesa derrigorrez jakitea, eta euskara zein gaztelera baloratzea aipatzen zuten irizpideek—, hori aho batez onartu zela, baita hautagaia bera ere. «Horrek ez du kentzen errepika dezadan Donostia 2016koa proiektu euskaldun bat dela, euskara bizkarrezur duela, hizkuntza gutxituen defentsa egin nahi duela, eta euskarak proiektuaren barruan lanerako hizkuntza izaten jarraituko duela». Edozeinen iritziak «libreak eta errespetagarriak» direla gaineratu zuen, baina patronatuak «oso argi» duela hautagai egokiena Berastegi dela. Gaiari buruz gauza bakarra esan nahi izan zuen zuzendari berriak: «Proiektu hau elkarrekin defenda dezakegu, nahiz eta nik oraindik euskaraz ez hitz egin; uste dut nahikoa eskuzabalak eta irekiak izan behar garela Europan modu natural batean egoteko».

«Konbentzituta nago proiektuarentzat hautagairik onena aukeratu dela, zalantzarik gabe», adierazi zuen Donostiako alkateak. Berastegiren ibilbide profesionala, kultur arloan duen ezagutza eta proiektuarekiko zein bere baloreekiko enpatia nabarmendu zituen. «Onena opa diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.