Bernaola zikloak hemezortzi kontzertu eskainiko ditu urriaren 12tik otsailaren 14ra bitarte

Musika Garaikidearen Nazioarteko 22. Jaialdia egingo dute Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Arabako hainbat herritan. Euskal Herriko zein atzerriko konpositore eta artisten topagune izango dira kontzertuak, eta doan emango dituzte.

Ana Buitragok eta Zuriñe Benaventek euren ikuskizuna aurkeztuko dute Artiumen. MAR GIMENEZ
Ana Buitragok eta Zuriñe Benaventek euren ikuskizuna aurkeztuko dute Artiumen. MAR GIMENEZ
edurne begiristain
2025eko urriaren 7a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika garaikide eta esperimentalaren «proposamen ausartak» entzungo dira aurten Bernaola zikloan. Urriaren 12tik otsailaren 14ra egingo dute 22. jaialdia, eta inoiz baino kontzertu gehiago emango dituzte: denera, hemezortzi ikuskizun izango dira, iaz baino bost gehiago. Kontzertu gehienak Gasteizen izango dira, baina Bilbora, Donostiara eta Arabako hiru herritara ere —Araiara, Urbinara eta Gebarara— zabalduko dute egitaraua.

Euskal Herriko zein nazioarteko konpositoreen, interpreteen eta publikoaren arteko topagune izango dira kontzertuak, eta doan emango dituzte. Gainera, konpositore eta sortzaile garaikide ospetsuekin batera, ahots berriak ezagutzeko eta «soinuak esploratzeko» aukera egongo da, zikloaren zuzendari Jabolo Sagastumeren esanetan. Aurreko aldietako formatuari eutsi egingo diote oraingoan ere, musika, dantza eta teknologia berriak uztartuta. Ohiko kontzertu aretoetan ez ezik, arkitektura eta musikaren abangoardia uztartzen dituzten guneetan ere eskainiko dituzte emanaldiak.

Casado y Torre bikoteak irekiko du zikloa, urriaren 12an, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Urriaren 17an, Ensemble Sinkro proiektua Donostiako Musikenen ariko da, eta, hain justu, talde horrek berak biharamunean ere emanen du kontzertu bat: Gasteizen izanen da hori, Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Italiako, Hego Koreako, Argentinako, Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako 21 konpositore gaztek esku hartuko dute taldearen ikuskizunean, Jose Manuel Lopez Lopez konpositorearekin batera. Hilaren 19an, berriz, Peru Galbetek Uraren oldea kontzertu bisual-musikala eramango du Izaskun Arruera.

Hilabetez hilabete

Azaroan beste hainbat ikuskizun izango dira: hilaren 8an, Ensemble Kuraia taldeak kontzertua emanen du Gasteizko Jesus Guridin, eta hilaren 22an Ana Buitragok eta Zuriñe Benaventek dantza ikuskizuna aurkeztuko dute Gasteizko Artium museoan; Ignacio Monterrubioren zuzeneko musikak lagunduta ariko dira. Azaroaren 29an, Ainhoa Mirandaren WonderSoundLand lana ikusi ahalko da, eta hilaren 30ean, Jon Agirrezabala konpositore eta ekoizleak Zabala obra taularatuko du; ikuskizun biak Gasteizko Montehermoso kulturguneko ur biltegian izango dira.

Abenduaren 6an, Akusma izenburupean gaur egungo teknologia musikal berrienetan arakatzeko aukera egongo da Gasteizko Montehermoson. Abenduaren 13an Araiako Andra Mari aretoan oholtzaratuko dute WonderSoundLand obra, eta abenduaren 16an Guridi garaikidea kontzertua eskainiko dute Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan.

Ensemble Sinkro proiektuak bi emanaldi eskainiko ditu urtarrilaren 10ean eta 12an: Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango da bata, eta Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan bestea. Inprobisazioari ateak zabalduko dizkiote Lohi Ensemble, Sirius eta Ur taldeek urtarrilaren 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta Lohi Ensemblek esperimentazioaren bidea urratuko du Lebekie Ahotsak taldearekin urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Urbinan eta Gebaran, hurrenez hurren.

Karin Hellqvist biolin jotzaileak itxiko du Bernaola zikloa, otsailaren 14an, Jesus Guridi kontserbatorioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.