Berri Txarrak: «Aragoiko PPren eskaera erabat zentzugabea da»

Musika hirukoak prentsa ohar baten bidez erantzun dio Alderdi Popularrak euren kontzertu bat bertan behera uzteko egindako eskaerari

Berri Txarrak, aurtengo udan Donostian eskainitako kontzertu batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irailaren 25ean kontzertua eskaintzekotan da Berri Txarrak Zaragozan, «NATOren eta haren maniobra militarren aurkako musika jaialdian». Aragoiko PPk kontzertu hori galarazteko eskatu zion Zaragozako alkate Pedro Santiesteveri (Zaragoza en Común) duela hiru egun, taldeak «terrorismoa goratzen eta ETAko presoak babesten dituela» argudiatuz.

Berri Txarrak musika hirukoak prentsa ohar baten bidez erantzun dio eskaera horri, adieraziz «gogor» gaitzesten eta salatzen duela «pertsona guztion oinarrizko eskubidea den adierazpen askatasunaren aurkako eraso berri hau». Taldeak kantuen bidez adierazpen askatasunaren alde egin duela beti gogorarazi du ohar horren bidez, eta etorkizunean ere hala egingo duela. «Hogei urtean ez dugu egundo inongo auzitegiren ezelango salaketa, leporatze edota zigorrik jaso. Horrenbestez, hainbat komunikabidek egozten dizkigutenak oinarri juridikorik gabeko salaketak direla ziurtatu gura dugu. Salaketok, gure taldearen jarduna gainditzen duten ekinbideak dira, beste sortzaile askori kalte itzela eragin diotenak eta denboran gehiegi luzatzen ari direnak. Bada garaia antzeko jokabideei amaiera eman diezaiegun».

Era berean, Berri Txarrak-ek garbi utzi nahi du, oharraren bidez, ez duela utziko interes politiko nahiz ideologikoen menera erabil dezaten. «Berri Txarrak arerio ideologikoei eraso egiteko erabiltzea arbuiatzen dugu (bai beste alderdi politiko zein eragile sozialei)». Haien ustean, estrategiok «etekin elektorala lortzeko» baino ez dira, «eta alderdi atzerakoiek sustatzen dute».

«Inoren txotxongilo»

Euren nortasuna eta independentzia aldarrikatuz egiten du aurrera Berri Txarrak-en oharrak: «Gu ez gara inoren txotxongilo, ez dugu inolaz ere gurea ez den gatazka batean erabil gaitzaten onartuko. Aragoiko PPren eskaera erabat zentzugabea eta neurriz kanpokoa da, Berri Txarrak-ek PPk gobernatzen dituen hainbat udalerritan edota PPren beraren esku dauden telebista zein irrati saio publikoetan parte hartu baitu ezelango arazorik barik».

Aurrerantzean ere kontzertuak ematen segituko duela adieraziz bukatzen du oharra taldeak. «Gure kantak mundu osoan eskaintzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi dugu, baita horren abegikor hartu gaituen Zaragozan ere. Gure zaleei zor gatzaizkie. Eskerrak eman gura dizkiegu orduotan jaso ditugun elkartasun keinu guztiei. Eskerrik asko denoi».

Oharreko azken esaldiak argi azaltzen du taldeak adierazi nahi duena, eta musikaren indarra zein den. «Gu isil gaitzakezu, gure kantuak ez».

Zaragozako Udalak zein alkateak ez dute inolako adierazpenik egin PPren eskaeraren inguruan,eta kontzertua irailaren 25ean egingo da hiriko udal auditoriumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.