Hogei urte bete ditu aurten Berri Txarrak taldeak, eta, hori ospatzeko, "zerbait berezia" egitea erabaki du. 20 urte 20 abesti leloa buruan izanik lan egin dute Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek Haria bira amaitu zutenetik, eta horren emaitza, Denbora da poligrafo bakarra, disko hirukoitz formatuan kaleratuko dute.
Ricky Falkner ekoizlearekin Madrilen grabatutako Lemak, aingurak abestia entzungai da Badok.info atarian, 09:00etatik aurrera. Entzun, hemen.
Diskoak bere berezitasunak izango ditu. "Musika etengabeko bilaketa dela sinetsita, bagenuen beste asmo bat: lan berriko abestiak hiru zatitan banatzea: hiru ekoizle arras ezberdinen eskutan jartzea, rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu (ia) kontrajarri, ez bada kantuaren alde egiten dutela denek".
Hala, 2014an hiru grabazio saio egin ditu taldeak. Martxo-apiriletan Venicen izan zen (Kalifornia, AEB), Ross Robinsonekin (At The Drive On, The Cure); uztail-abuztuetan Madrilgo Reno estudioetan grabatu zituzten "pop zertzeladez" zipriztinduta zetozen abestiak Ricky Falkner ekoizlearekin (Standstill, Love of Lesbian, Lori Meyers), eta, azkenik, irailean AEBetara itzuli ziren Bill Stevensonekin (Black Flag, Descendents, The Lemonheads) grabatzera: "EP honetan kantu laburrak eta zuzenak dira nagusi: bi minutu inguruko bala azkarrak oro har, The Blasting Room estudio mitikoan, gela berean, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak".