Berri Txarrak

'Jaio. Musika. Hil' lanarekin lortutako arrakastaren ondorioz, musikaren oinarrietara joan eta rockaren katakonbetara jaistea erabaki dute Lekunberriko taldeko kideek, 'Payola' diskoarekin.

Alberto Barandiaran.
Lekunberri
2009ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Amerika, Europa eta Japoniako rock jaialdi entzutetsuenetan gonbidatuak izan ondoren, hirurehun kontzertu inguru eman eta gero, taldekide bat bidean geratu da. Eta Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra) eta Aitor Goikoetxea (bateria), duela hamabost urte Lekunberrin sortutako Berri Txarrak horretatik geratzen diren bi musikariak, nekatuta daude, gorputzez eta buruz. Eta Lekunberriko frontoi ondoko lokal ospelera itzuli, eta grabatzeari ekiten diote. Pentsatzeari.

Urtebete geroago, aste honetan, Payola (Roadrunner Records) izeneko lana aurkezten dute. 11 kantuz egindako disko basa, oinarri-oinarrizkoa, Steve Albini teknikariarekin Chicagon (AEB) astebetean grabatuta. Betiko mezuak, autokritika apur bat, amorru gutxixeago beharbada, baina betiko Berri Txarrak, David Gonzalez baxuarekin hirukotea osaturik. Zuzenak, bortitzak batzuetan, oso rockzaleak.

Aurreko guztia, tartean Jaio, musika, hil ( Gor, 2005) diskoarekin lortutako oihartzuna ere, atzean utzi nahi dute. Gorka Urbizuk azaldu du disko hura grabatzen hasi zirenean garai gorabeheratsua zela haientzat. Lana utzi berria zuten, taldeari eta musikari dena emateko, eta gogo handiz baina zalantzaz beteta zeuden, ez zekitelako nola aterako zen. «Orain ematen du disko hori mugarri bihurtu dela gure ibilbidean, ate asko ireki dizkigulako».

Ate asko irekita,mundu osoan zehar hasi ziren jotzen. Beharbada, gehiegi luzatu zen dena.

Esana duzue buruz oso nekatuta amaitu zenutela bira.

AITOR GOIKOETXEA: Bai, askotan ez duzulako planifikatzen. Lehen bi urteetan ehun kontzertu ematen, eta badirudi gelditzeko unea datorrela, eta abesti berriak egiteko unea. Baina Japoniara joateko aukera sortzen da, eta hartzen duzu, eta dena atzeratzen da.

GORKA URBIZU: Gainera, Zertarako amestu dokumentalean murgildu ginen, eta horrek denbora eta lan asko eskatu zidan.

Damutu zaizue zerbait?

G.U.: Ez, damutu ez, baina ikasi dugu gauzak lasaiago hartu beharko genituzkeela.

A.G.: Gainera, gu bezalako talde batentzat, hamabost urteko ibilbidearekin eta seigarren disko atera berriarekin, egurastea ere komenigarria da. Ezin dugu mugatu gure eremua Euskal Herrira bakarrik. Eta hemen jotzeaz egurastu beharra daukagu.

Atzerrian izan duzuen harrerak harritu zaituzte? Hizkuntza aipatzen da beti.

G.U.: Hizkuntza Espainiako Estatuan da muga, kanpoan ez dago arazorik. Japoniako Fuji Rockeko harrera ikaragarria izan zen.

Oraindik arazoak dituzue Espainian?

G.U.: Egon badaude. Ez dugu horren publizitatea egin nahi, baina zeharkako zentsura eta zentsura zuzena dago. Madrilen, esaterako, beste izen batekin jo behar izan genuen.



Gaur hasi dira eskolak Lekunberrin, eta herriko plaza, beti haurrez beteta, lasai dago. Kafe banaren aurrean, bi musikariek herritarren agurrak jasotzen dituzte galderak erantzun bitartean.

Eta 2008ko udazkenera iritsi, eta ze ideia zenituzten buruan?

G.U.: Biran gauden bitartean, saiatzen gara kantak ez egiten, baina ideiak beti pilatzen dira. Bira amaituta, epe bat zabaltzen dugu kantak egiten hasteko. Iazko irailean, biak elkartu ginen lokalean, baxu jotzailerik gabe, eta anplifikagailuarekin hasi ginen grabatzen, eta uste dut horregatik atera dela diskoa horren zikina. Oso soinu oinarrizkoa du.

A.G.: Gogo handia genuen, egia esanda.

G.U.: Bai, gogo handia eteteko Jaio, musika, hil-ekin zerikusirik izandako dena. Beharra genuen hori eten, eta aurrera begira jartzeko.

Irudi luke gogoa duzuela aurreko diskoarekin sortutako guztia ahaztu eta musika berriro egiteko, oihukatzeko: «Aizue, gu musikariak gara, ez besterik!».

G.U.: Hortik zer edo zer badago. Kanta batean «jainko ateoak» garela kantatzen dugu. Jaio, musika, hil-ekin gauza askok guk espero ez genuen dimentsioa hartu zuten, askotan musikatik kanpokoek sortuta, dela prentsak, zaleek eta... ez gara kexu,baina halako presioa sortzen denean, batzuetan zer egiten dugun ahaztu egiten zaigu: hiru lagun, lokal batean, musika jotzen.

A.G.: Eta disko bakoitzaren amaiera iristen denean, beti halako etena sortu nahi izan dugu. Agian, disko batzuen arteko aldea txikiagoa izango da beste batzuen artekoa baino. Baina guk beti, disko baten bira amaitu dugunean, beti sentitu dugu gosea berriro hasteko.

Baina atzera begiratuz gero, kantak ezagunak egiten zaizkizue, ezta? Etena baino, zubiak daude, ala?

G.U.: Bai, etena batez ere lehen eta bigarren diskoaren artean dago. Orduz geroztik, ibilbide logiko samarra dago, garbi dago. Uste dut lortu dugula formula ez errepikatzea, nahiz eta gure nortasuna finkatu dugula uste dudan. Hau da, Oreka kantu, edo kantu gogorrenetako bat, uste dut jendeak badakiela Berri Txarakekoenak direla. Hori da talde batek lortu nahi duena.

Eta Payola disko honetan, nortasuna non dago gehiago, musikan edo kantuetan?

G.U.: Guk ez genuen makroprodukzio bat egin nahi, neurri batean lehen aipatu dugun presiotik alde egiteko. Hiru izateak, gainera, horretara behartu gintuen, oinarrietara jotzera. Beti eman diogu garrantzia transmititzeari, musika ulertzen dugu zerbait transmititzeko bide gisa, eta, zerbaitek traba egiten badu, kendu egin behar da. Hori da gure ahalegin nagusia.

A.G.: Eta beti gustatu zaigu kontra egitea. 2009. urtean disko analogikoa egitea ez da ohikoa, are gehiago bost disko atera baldin baditugu. Hau da, deserosotasuna bilatzea, AEBetara joatea astebetean grabatzera... tentsio apur bat behar dugu. Emaitza ona eman digu beti.

Chicagon, Steve Albinirekin egin zenuten grabazioa ia magikoa izan dela esan zuen Gorkak.

A.G.: Oso azkarra izan zen. Ordu erdi batean soinua hartua genuen, eta hurrengo eguneko arratsalderako, oinarri guztiak grabatuta genituen. Gu beti azkarrak izan gara grabatzen, baina urratsez urrats joan gara. Baina hain azkar...

G.U.: Berehalakotasun hori, gero, musikan igarri egiten da.

Baina konforme geratu zarete?

G.U.: Bai, bai, dudarik gabe. Hori lortu nahi genuen, soinu zikin hori, baina uste dut ez ginela oso kontziente izan, ze gero, editatzeko, arazo handiak izan digutu. Gaur egun, idazteko makinaz idaztea bezala izan da.

A.G.: Egia esanda, analogikoangrabatu dugula esateak ez du asko balio, bizi egin behar da.

Ematen du kantak hurbilagoak dituzuela, haragizkoagoak balira bezala.

G.U.: Disko honetan ez dago tranparik, benetakoa izan da dena.Neurri batean geure buruari mugak jartzea izan da, gaur egun lau aldiz grabatu, eta gehien gustatzen zaizuna hauta dezakezulako. Kasu honetan, ezin da. Errepikatu nahi baduzu, errepikatzen duzu, baina aurrekoa galdu duzu.

A.G.: Eta grabatu ondoren, abesti osoa entzuten genuenean, hor zeuden diskoan entzun daitezkeen zarata, soinu eta inperfekzio guztiak. Baina abestiaren feeling, edo sentimendua lehenetsi dugu oroz gain.

Entzule batzuk beharbada harrituko dira, diskoa oso ondo grabatuta ez dagoela pentsa lezaketelako akaso.

G.U.: Bai, ez da irratietan entzuteko musika, produkzioetan bestelako moldeak eramaten direlako gaur egun, baina rockak arrisku apur bat izan behar du, akuilua. Itzalita badago, ez badu hozka egiten... Jarrera ezinbestekoa da rockean.

Nola definituko zenukete zuen jarrera hori?

G.U.: Alderdi teknikoez edo salmentez gain, intuizioari jarraitzea. Horrek beti balio izan digu: hartu, eta hau egingo dugu. Akaso nahastuko gara, baina egin egingo dugu.

A.G.: abesti on bat, beti izango da abesti on bat. Eta orain ikusten da industriak, eta talde askok, ezkutatu egiten dituztela kantuak grabazioetan. Hortik alde egin nahi genuen, ihes egin. Eta beste aldera joan: abestiak biluztu. Askoz zailagoa delako abesti biluzi on bat egitea.

Jendeak esango dizue industria kritikatzen duzuela, baina Chicagoraino joan zaretela eta diskoetxe handi batekin argitaratu duzuela.

A.G.: Roadrunner Records diskoetxearekin sinatu aurretik, inongo mugimendurik egin aurretik, guk abestiak bagenituen, eta bagenekien zer eta norekin grabatu nahi genuen.

G.U.: Bai, guk ere gure kontraesanak ditugu,baina behintzat argi utzi nahi dugu ohartzen garela eroskeria asko dagoela industrian eta gizartean. Guk errespetua eskatzen dugu musikariekiko. Eta konpromisoa musikarekiko.



Hamaika kantuak

'FOLKLORE'

«Black Flag, 80ko hamarkada hasierako hardcore mugimenduaren sortzaile nagusia ekartzen digu gogora».

'GURE DEKADENTZIAREN ONENEAN'

«Gaur egungo egoerari buruzko analisia. Beharbada ezkorra da».

'MARAVILLAS'

«Memoria historikoari buruzko gogoeta bat da, ahaztuen omenaldi txiki bat».

'DORTOKEN MENDEA'

«Sekula egin dugun kantarik luzeena. 70eko hamarkadako musikaren kutsu handia du, Led Zeppelin, Black Sabbath eta horiena guztiena».

'ACHTUNG!'

«Ukabila. Hau da, musikalki, aurrekoekin zerikusi handiena daukan kanta bat. Letrak esaten du hitzak higatuta daudela, nola galtzen duten esanahia. Diskoko abesti gordinenetakoa da».

'PAPEREZKOA'

«Gure kutunenetakoa da. Agian zuzenean ez da jendeak gehien gozatuko duenetako bat, dantzatzeko zaila da beharbada, baina egia esan, musikalki asko gozatu genuen kanta hau egiten. Diskoko kanturik intimoena da. Etxeko txokoan entzuteko bat izango da, beharbada».

'ETORKIZUNEKO AURREKARI GUZTIAK'

«Hau da aurreratu dugunetako bat. Jendeari asko gustatu zaio. Letrak dio denak garela susmagarriak».

'HASI ETA BUKATU'

«Guretzat beste kantuetako bat da, baina uste dugu jendeari gustatuko zaiola. Egin genuen lehengoetariko bat da».

'ARREN, DARWISH'

«Metallica ekartzen digu gogora. Gazan urtarrilean egindako sarraskiaren aurkakoa da».

'JAINKO ATEOA'

«Bitxiena da.Koda moduko bat da, bagenekien sartuz gero azkenotako bat izango zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.