Literatura

Erretorikaz besteko literatura bat

Letra katalanetako egilerik deigarrienetako bat da Pol Guasch gaur egun. Literatura «saihesbide bat» dela uste du, «salerosketa» ez den guztia, eta horren erakusle argia da haren obra. 'Ofert a les mans, el paradís crema' nobela du lanik berriena.

Pol Guasch idazlea. MARIA RODENAS
Pol Guasch idazlea. MARIA RODENAS
itziar ugarte irizar
2025eko ekainaren 22a
04:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Idazleen ordezkari gisara hitz egitera gonbidatu naute hona. Bistan da, ez dut hala egingo. Lehenik, ez dudalako inoiz inoren izenean hitz egin, eta espero dut ez egitea sekula. Bigarren, denok esatean ez dugulako pentsatzen zein uzten dugun kanpoan. Denok esateak harmoniari eta konexioari dei egiten dio, osotasun bat balitz bezala, baina egiaz ez dago inon. Mundu dena etengabe aldatzen ari den muga bat da». 2021eko apirilean esan zituen hitzok Pol Guaschek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1997), erakunde kultural eta politikoetako ordezkariz betetako areto batean, artean pandemiak ezarritako maskara jantzita. Ez zen edozein urte izan hura idazlearentzat; bere bigarren poema liburua argitaratu zuen, eta bere lehen nobela, zeinak narratibako Anagrama saria irabazi baitzuen eta bere izena literatur agerkarien lehen lerroan kokatu, katalanean lehenik, baina harago ere bai laster, 24 urte baino ez zituela. La part del foc (Suaren partea) eta Napalm al cor (Napalma bihotzean) izan ziren bi lan horiek, hurrenez hurren, eta arrakasta harengatik gonbidatu zuten, hain justu, urte hartako Sant Jordi eguneko gosari orduko hitzaldia ematera. Kritiko agertu zen, eta kritikatua izan zen txalotua beste, baina begirada min hori da, hitzekiko errespetu handi batekin batera, haren ahotsari dirdira ilunantz bat zor diona.

«Nik, neurez, ez nuen idazle izan nahi». Umetan, gauza solteak bai, idazten zituen Guaschek, baina 15 urte zituela aita hil zitzaion, eta gertakari hura izan zen estreinakoz poemak idaztera bultzatu zuena. «Idazketara oso modu arruntean heldu nintzen: kontsolamendu bila», aipatu izan du horregatik. Literaturari eta kultura garaikideari buruzko ikasketak egin zituen gero, Bartzelonako Unibertsitatean eta Londresko King’s Collegen, eta, besteak beste, La Sullivan kultur ekoiztetxeko parte da gaur egun —Mireia Calafell poetarekin batera, besteak beste—.

Giro itogarri bat, lurralde estu bat, okupazio militarra eta handik ihes egin nahi duten bi maitale. Abiapuntu horren gainean idatzi zuen Guaschek Napalm al cor eleberria, eta, Anagrama saria ez ezik, itzulpen ugari eta antzerkirako egokitzapen bat ere —Oriol Puig Grauren eskutik— izan ditu liburuak ordutik. Ingelesezko edizioarekin The New Yorker aldizkariaren urteko liburu onenen zerrendan ere sartu zen. Testu laburrez osatuta, mosaiko modura eraiki zuen kontakizuna idazleak, eta istorio poetiko bezain krudela da, indefinizioarekin jolasten dena eta, aldi berean, batere zehaztugabea ez den posizio politiko bat duena muinean. Errepresio sexualaren, autoritarismoaren eta hizkuntza jazarpenaren klabeetan irakur daiteke nobelan ageri den biolentzia giroa.

Istorio poetiko bezain krudela da ['Napalm al cor'], indefinizioarekin jolasten dena eta, aldi berean, batere zehaztugabea ez den posizio politiko bat duena muinean.

«Desira eta biziraupen mundu bat, hizkuntza diferenteek ezaugarritutako apokalipsi oste bat, atzematen zaila den errepresioa eta idazkera misteriotsu bezain eder bat». Hala definitu zuen Mariana Enriquez idazle argentinarrak Guaschen lana, eta honela, berriz, Begoña Saez Bartzelonako Unibertsitateko Filosofia irakasleak: «Iraganeko zientzia fikzioa da». 

Egileak berak haren ondorengo elkarrizketetan azaldu zuen ideietako bat izan zen barne hondamendiak kanpo hondamendiekin bat gertatu ohi direla, eta onartu zuen baietz, pentsatzen duela bere belaunaldiari tokatuko zaiola berandu barik eleberrian ageri den gisako mundu berri batean bizitzea. Guasch: «Baina mundu postapokaliptiko hori ez da kolpetik etorriko, ez da gertakizun bat izango. Prozesu bat izango da; erabat instalatuta gaude ja hor. Gauzen desegite prozesu bat izango da, ezagutzen dugun munduaren desegitea. Mundua esateko dugun moduarena, lehenik eta behin».

«Guztia zaigu ezezagun»

Hain justu, hondamendiaren ideiarekin hasten da Guaschen La part del foc poema liburua ere, Hondamendiaren historia poemarekin: «Gure aitona-amonen gurasoak joaten ziren/ basora, leku zehatzera, han pizten zuten/ su bat eta hitza esan. Guztia/ zebilen. Gure aitona-amonek ez zuten/ jakin ja surik pizten, eta ahoskatu zuten:/ esan behar ditugun hitzak dakizkigu soilik./ Gure gurasoek esan zuten:/ sua eta hitza, ezezagun zaizkigu,/ baina badakigu basoko zer lekutara joan./ Hori aski da, pentsatzen zuten. Eta, egiaz,/ hala izan zen. Guk: ez sua, ez eta/ hitza, ezta baso hartako soilgunea ere./ Guztia zaigu ezezagun. Baina guztitik/ historia kontatu dezakegu oraindik.// Egin egiten dugu».

Maitasuna da —haren hedadura zabal eta kritikoenean— liburuko gai nagusietako bat, eta askotariko poemak dira formaz; prosaz idatzitako zenbait tartean. Marina Garces filosofoak egin zion hitzaurrea, eta han kontatzen du, Guasch ikasle zuela, harriduraz hartu zuela «maitasunari buruzko lan bat» egin nahi zuela aipatu zionean. «Hitz horretatik aterarazten saiatu nintzen: esan nahiko duzu generoa edo korporalitatea edo praktika sexualak edo afektuak edo binkuluak edo sendaketak... Maitasunari buruz hitz egiteko gaur egun erabil daitezkeen hitzak dira, maitasunaz hitz egin beharrik ez izateko». Baina, hain justu, kontzeptu maiztua izanagatik ere, berriro ere «maitasuna esan» ahal izateko bideak arakatu nahi izan zituen Guaschek. 

«Gorputza beti izan da marka bat idazketan, eta marka oro literaturan beti erabili da esateko 'hori ez da literatura, hori literatura mota bat da'»

POL GUASCH Idazlea

Haren aurretik, Tanta gana (Halako gogoa) poema liburua kaleratu zuen 2018an, eta gerora poema berriago batzuk ere argitaratu ditu queer poesiaren antologia batean. Azken horri lotuta, hain justu, gorputzaz eta idazketaz hizketan aritu zen duela bi urte Bilboko Gutun Zuria jaialdian, Leire Bilbao, Munir Hachemi eta Sara Torresekin osatutako solasaldi batean, eta defendatu zuen «ageriko zerbait» izan dela beti beretzat bien arteko lotura. «Gorputza beti izan da marka bat idazketan, eta marka oro literaturan beti erabili izan da esateko 'hori ez da literatura, hori literatura mota bat da'. [...] Nire idazketa gorputzari lotu izan zaionean —desirari, feminitatearekin zerikusia duten auziei...— beti izan da idazketa markatzeko. Eta deserosoa egin izan zait, baina, aldi berean, aldarrikatu egin nahi dut: pentsatu nahi dut nire idazketan nire gorputzaren memoria dagoela taupaka».

Laguntasunaren konjurua

Iaz argitaratu zuen orain arteko lanik berriena Guaschek: Ofert a les mans, el paradís crema (Eskuetan paradisuak erre). Aurreko nobelaren bidetik, jokaleku apokaliptiko bat eraiki zuen horretan ere, eta bi dira pertsonaia nagusiak: Rita eta Liton adiskideak. Esan liteke kasik eleberriko lerro bakoitzean doazela nahasian oinazea eta esperantza, eta hala doazela baita ere askatasunaren aldeko eferbeszentzia bat eta jada gertatuko ez den etorkizun baten nostalgia. 

Suaren iruditegiari ere jarraipena eman dio harekin idazleak. «Pentsatzen dut hondamendiaren ideia obsesio bihurtu zaidala», azaldu izan du, «zerbait ona bezala ikustera heldu izan naizela. Beharbada, gehiago da hondamendiaren aurretik datorrena, suaren aurretik gertatzen dena, une fulminante hori, hain dena emozionantea, eta bizi ditugun hainbeste gauzatan dagoena. Maitasunean, esaterako». Sua zerbait bada, mugaren irudi fisiko bat da harentzat. «Erre egiten du, kiskali, ezin ukitu daiteke. Mugara eramaten zaitu, eta mugak zure esperientzia markatzen du, haren aurrean egingo duzunak markatuko zaituen bezalaxe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.