Indabe taldeko baxu jotzailea

Nora Azurza: «Zer izan nahi dugun definitzen saiatu gara beti»

Bizpahiru urte eman ditu Indabe pop-rock taldeak beste artista batzuen abestiak interpretatzen gaztetxeetako eta herriko jaietako kontzertuetan. Aurten, 'Ez banaiz' kaleratu du, bere abestiz osatutako lehen diskoa.

Indabe taldeko kideak. Ezkerretik hasita, Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada. NEREA KORTABITARTE
Indabe taldeko kideak. Ezkerretik hasita, Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada. NEREA KORTABITARTE
iraia vieira gil
2025eko uztailaren 31
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaztetxeetan eta herriko jaietan jotzeko helburuz sortu zuten Indabe taldea, duela lau urte. Denbora igaro ahala, musika propioa sortzeko gogoa piztu zitzaien taldeko kideei, eta, 2023an, sei abestiz osatutako Noiz arte? EPlaburra kaleratu zuten. 19 urte zituzten orduan Nora Azurza baxu jotzaileak, Peru Blanco bateria jotzaileak eta Uxue Estrada abeslari eta gitarra jotzaileak, eta bizi izandako esperientzietan eta kezketan oinarritu ziren beren lehen diskoko hitzak idazteko. Orain, «nostalgiatik eta ametsetatik» jaio da Ez banaiz diskoa. Azurzak (Donostia, 2004)azaldu duenez, hiriek duten itxurei eta haiekin eratzen ditugun harremanei buruz hausnartzeko lana da.

Nolakoa izan da bertsioak abestetik zuen kanta propioak sortzerainoko prozesua?

Epe laburreko asmoak izan ditugu beti. Hasi ginenean, eszenatokietan jotzea zen unean uneko helburua. Pixkanaka ekin genion abestiak sortzeari eta abesti horiek zuzenekoetan sartzeari. Bertsioak jotzen genituen gehienbat, eta, bat-batean, gure kantetako bat abesten genion publikoari. Orduan erabaki genuen Noiz arte? lana ateratzea. Horrela, jendeak gure musika entzuteko aukera zuen zuzenekoetara etorri baino lehen. Denborarekin, gero eta abesti gehiago sortu genituen, eta hainbat single kaleratu. Azkenean, Ez banaiz diskoa ondu dugu. 

Nola idazten dituzue abestiak?

Uxuek idazten ditu abesti gehienak. Entseatzen ari garenean, bakoitzak bere musika tresna jo bitartean, elkarrekin moldatzen ditugu kantak. Elkarlanean sortzen dugu, hortaz, azkeneko bertsioa. Bakoitzak bere inspirazio iturriak dituen arren, asko miresten dugu Berri Txarrak. Nahikotxo urrundu gara estilo horretatik, baina beti izan da garrantzitsua guretzat. Etxekalte, Tatxers, Biela eta halakoak ere gogoko ditugu.

Etxekalte taldearekin kolaborazio bat egin duzue: Noizean behin.

Era naturalean hasi zen dena. Iaz, Dabadaban [Donostia] izan ginenean, haiekin beste zeozer abesteko aukera eduki genuen, eta oso jatorrak izan ziren. Sortutako abestia erakutsi genien, eta elkarrekin kantatzea erabaki genuen. Kolaborazio bat egitea zen hasierako ideia, baina, azkenean, elkarlanean aritu ginen. Oso prozesu dibertigarria izan zen; abesti horretako beren zatia sortu zuten, eta haien lokalera joateko baimena eman ziguten. Normalean, zaila da beste talde batzuen konposizio prozesua ikustea, baina Etxekaltek berea erakutsi zigun. Oso polita izan zen euren arteko dinamikak ikustea: asko ikasi genuen, eta asko bete gintuen. 

Ametsak eta nostalgia dira diskoaren ardatz nagusiak. Zergatik?

Zer izan nahi dugun definitzen saiatu gara beti, eta izan nahi dugun hori musikaren bitartez helarazten. Hori da amestearen eta gure azken lanaren arteko lotura. Letrak idazteko, gainera, atzera begiratzen dugu askotan, eta horrek nostalgia sorrarazten digu. Gure abestietan errepikatzen den sentipen bat da. 

«Ez genituen gure abestiak erreibindikazio kontuetara bideratu nahi, baina, Donostian bizi garenez, horrela ikusi eta bizi dugu egoera»

Kristalezko hiriak ere aipatzen dituzue hainbatetan. Zer dira hiri horiek?

Donostiari buruz eta gaur egun eraikitzen ditugun harremanei buruz hausnartzen dugu diskoan. Kristalezko hiriak eta egun eraikitzen ditugun harremanak oso politak eta ikusgarriak izan daitezke hasieran, baina, barrutik, hauskorrak dira. Hori lantzeko, Donostia aukeratu genuen: polita da kanpotik, harreman indartsuak sor ditzake jendearekin, eta baditu edonork gogoko dituen gauzak. Ederra da bere osotasunean, baina bisitariekin sortutako harreman horiek gero eta azalekoagoak ari dira bihurtzen. Auzoak bizitasuna galtzen ari dira, esaterako.

Mezu politikoa hor dago, beraz.

Ez da gure asmo nagusia izan. Gure musikak testuinguru politiko bat du, bai, egunerokoan egiten ditugun gainerako gauza guztiek bezala.

Zer lotura du izenburuak diskoaren kontzeptuarekin?

Diskoa egin eta gero bururatu zitzaigun izenburua. Azken momentuko kontua izan zen. Diskoko azken abestia sortu genuenean, beste kanta batzuetan errepikatzen dugun zati bat zuela konturatu ginen: «Eta zer, ez banaiz espero zenuena? Ez banaiz», hori da gehien errepikatzen duguna: ez banaiz lagun ona, ez banaiz espero zenuena, ez banaiz nahikoa... Konturatu bezain laster, izenburuak hori izan behar zuela erabaki genuen.

Donostiako Platero tabernan aurkeztu zenuten diskoa, eta akustikoan abestu zenituzten kantak. Horiek ere kaleratuko dituzue?

Argi genuen disko aurkezpen bat egin nahi genuela eta auzoan izan behar zuela, gertuko jendearekin. Ez genuen kontzertu normal bat egin nahi, beste zeozer egin nahi genuen. Hain zuzen, publikoarekin hitz egiteko aukera izan nahi genuen, eta, halako batean, Plateron egitea otu zitzaigun. Betiko taberna bat denez, iruditu zitzaigun polita izan zitekeela eta intimitatea sortzeko gune aproposena zela. Bagenekien egoera bestelakoa izango zela akustikoak ez ziren abestiekin, eta, beraz, bertsio akustikoak egitea erabaki genuen. Beti gustatu izan zaigu estilo hori, eta eroso sentitzen gara horrela kantatzen. Bertsio horiek, ordea, ez dut uste kaleratuko ditugunik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.