Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

KamBrass Quartet taldeak ekingo dio Musika Garaikideko Zikloari, bihar

Lau kontzertu izango dira aurten Musika Hamabostaldiko adar horretan, eta lau dira estreinatuko dituzten obrak ere; haietako bi, Garazi Zabaleta eta Mikel Urkiza euskal konpositoreenak.

Maria Servera, Maribel Roldan eta Aitor Amilibia Musika Garaikideko zikloaren aurkezpenean, gaur, Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
Maria Servera, Maribel Roldan eta Aitor Amilibia Musika Garaikideko zikloaren aurkezpenean, gaur, Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 4a
17:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Abangoardia eta tradizioa. Aurrez aurre dauden eta bateraezinak diren bi kontzeptu direla imajina daiteke, baina artean bat egitera irits daitezke. Hain zuzen ere, Donostiako 86. Musika Hamabostaldiko Musika Garaikideko Zikloak plaza emango die, beste urte batez, musika garaikidea lantzen duten konpainiei. Aurten, estilo anitzeko musika entzun ahalko da: besteak beste, jazzari, barrokoari eta Schuberten musikari keinu egiten dien emanaldiak izango dira. Gainera, lau obra estreinatuko dira; haietako bi, Garazi Zabaleta eta Mikel Urkiza euskal konpositoreenak. Bihartik hasita, emanaldi guztiak Kursaal auditoriumeko erabilera anitzeko aretoetan izango dira, 20:00etan.

Luciano Berio konpositore italiarrak zioen musika «pasabide bat» dela iraganaren eta etorkizunaren artekoa, eta horrek sortzen duela «etorkizuneko musika». Ildo horretatik, Garazi Zabaleta musikagileak Oximoron obra sortu du, zeinean euskal abesti folkloriko bat idatzi eta italiarraren joera bera duten hainbat artistaren lanekin lotu duen. Pieza horrek gidatuko du entzulea KamBrass Quartet taldearen Un ricordo al futuro emanaldian zehar, eta Berio omendu haren jaiotzaren 100. urteurrenean. Horrez gain, Timothy Jacksonen, Joan Guinjoanen, Dieter Ammannen eta Francesca Gazaren piezak ere interpretatuko ditu konpainiak; guztiak ezagunak dira hainbat musika estilo pieza bakar batean uztartzeagatik eta musikarekin esperimentatzeagatik. Bihar izango da emanaldia. 

Musika garaikidea baino «tradizionalagoa» diren obrak izango dira entzungai ostegunean. Ensemble Bayonak El ocaso de los pétalos emanaldia aurkeztuko du, melodia berarekin irekitzen eta ixten den lana. Franz Schuberten Heriotza eta dontzeila izango da lehena, eta George Crumb konpositorearen Black Angels obrak itxiko du kontzertua; lan hori osatzen duten hamahiru mugimenduen artean, Schuberten obraren melodiak txertatu zituen Crumbek. Bi obra horien artean, Helga Arias, Gabriel Erkoreka eta Gyorgy Kurtag konpositoreak entzun ahal izango dira.

Bi obra estreinakoz

Ensemble C Barre taldea hilaren 15ean igoko da oholtzara. Bi obra entzungo dira estreinakoz haien emanaldian: bata, Frederic Pattarrek David Lynch zinemagileari idatzitako Affectionate Light Bulb; bestea, Mikel Urkizaren Eguzkitan. Azken hori «gune irekietako xarmak» goraipatzen dituen bildumaren hirugarren lana da; aurrekoak Belarretan eta Elurretan izan ziren. Horrez gain, Luciano Berio musikagilearen omenez, Sequenza VIIIB joko dute; Yann Robin eta Birke Bertelsmeier konpositoreen obrak ere interpretatuko dituzte. 

Txistu doinuek itxiko dute zikloa hurrengo egunean, Silboberri elkartearen eskutik. Txistua XXI. mendean emanaldian, sei konpositoreren obrak izango dira. Lehen aldiz, Alicia Diaz de la Fuenteren Alboan nauzu eta Carlos Satueren Itzaletatik II obrak entzun ahal izango dira. Aitor Amilibia txistulariaren esanetan, David Cantalejoren Ingurutxo lana «oso tradizionala» izango da, baina Felix Ibarrondoren Olatuak, berriz, «flamenkoa bezain bortitza». Azkenik, Carlos Ibarra omenduko dute, haren Beti zutzaz pentsatzen lanarekin.

Maribel Roldan Silboberriko koordinatzaileak azaldu duenez, konpaina duela 25 urte sortu zen, txistuak «gainontzeko instrumentuak bezala garatzeko» helburuarekin. «Konpositoreei obra bat sortzeko eskatzen genien, eta tradizionala den zerbait sortuko zutela erantzuten ziguten; guk ez genuen hori nahi», oroitu du. Gaur egun, Euskal Herriko konpositoreek ez ezik, Espainiako zenbait musikagilek ere sortu dituzte lanak haientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.