Arte adituek artelanak erosi eta bilduma bat osatzeko zaletasuna dute, baina obra horiek, gehienetan, gutxi batzuen esku geratu eta ez dira jendaurrean aurkezten. Hori da, hain zuzen ere, Fernando Garate eta Estrella Gomara arte bildumagileen egoera: hainbat artistaren lanak jaso dituzte MV izeneko bilduman, baina argitara emateko intentziorik gabe. Hori horrela, Jose Ramon Amondarain pintoreak ondare hori «lo» dagoela eta «aktibatu» egin behar dela esan die, eta Bularka begiratzea erakusketa antolatu du MV bildumako lanekin, Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseum museoan. Besteak beste, June Crespo, Jordi Teixidor, Unai San Martin, Cristina Iglesias eta Taxio Ardanaz artisten obrak ikus daitezke. Abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik.
Guztira, 30 argazki, pintura eta eskulturak osatzen dute erakusketa, baina obrek «ez dute zerikusirik» beren artean. «Ez da gai jakin bati buruzko erakusketa bat, artelanen arteko harremana baita protagonista; haien artean elkar laguntzen dute», esan du Amondarainek. Hark azaldu duenez, lehen begi kolpean irudi lezake Nico Munueraren No france fla II koadroa eta alboan duen June Cresporen Am I an object eskultura ez direla bateragarriak, baina «ongi» uztartzen dira. Erakusketaren hari nagusia Jon Mikel Euba eta Manu Muniategiandikoetxea artistek idatzitako testua da, erakusketaren nondik norakoak «ongi» azaltzen eta islatzen baititu. Tartean, Eduardo Txillidaren Parmenides: Le Poeme I pintura eta Angela de la Cruzen Clutter XI (magenta) eskultura ere ikusgai daude, besteak beste.
Hostopil desberdin bat
Bularka begiratzea erakusketa osatzerakoan, Amondarainek storytelling estiloa erabili du: artelan bakoitzak «istorio propio» bat du kontatzeko, eta, horregatik, «ez dago» beste obrak baino nabarmenagoa den lanik. Raymond Pettibon komikigilea izan da horren inspirazio iturri: «Pettibonek irudi solteak marrazten ditu —ez du axola alboan esaldi bat idatzi badu—, eta, horman erakusgai jarri ondoren, ikusleak berak sortzen du gidoi propioa». Amondarainek gehitu du ikusleek koadroaren aurrean daudenean hostopil bat ikusi eta horren arabera artelanetan beste batzuek baino geruza gehiago edo gutxiago ikusten dituztela: «Ez da obra bakoitzaren inguruan hitz egin behar, baizik eta non, nola eta zergatik ikusten duen pertsona bakoitzak obren arteko erlazio desberdin bat».

Photomuseum argazkilaritza museo bat izan arren, Amondarainek pinturak eta eskulturak ere jarri ditu aretoan. Pintoreak azaldu duenez, argazkilaritzak esanahi zabala du, eta gaur egun aukera «anitz» eskaintzen dituen eta teknika «asko» uztartu ditzakeen inpresioa da. «Gaur egun jada ez da kamera analogiko bat soilik, objektuari irudiari baino gehiago erreparatzen baitiogu, eta dena iruditzat har daiteke». Obren arteko erlazioa irudiaz haratago doala gehitu du, eta irudiek konektatzen dutela.
Erakusketaren tituluak bi esanahi jasotzen ditu: ihesaldia eta igerialdia; «hori islatzen da obretan ere». Gomararekin eta Garaterekin lan egitea «erraza» eta «organikoa» izan dela gehitu du: «Garatek erakusketarako kontzeptu bat proposatzeko eskatu zidan, eta haien bildumako obrak ikusgai jartzeko esan nion; artelanak hilda egotea baino hobeagoa da bizirik egotea».