«Aurrekoan, lagun batek esan zidan joan zela liburu denda batera, eta berarekin zioan lagunak ez zuela nirekin lotu liburua. Jende askok agian ez daki Ane Zubeldia Magriña ni naizela, baina konturatu naiz ez zaidala askorik inporta». Ane Garcia Lopez (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) beti aritu da sorkuntzaren adar ugaritan, baina literatura idazten duenean, amonen abizenekin sinatzea maite du, Ane Zubeldia Magriña lez. Halaxe argitaratu du bere lehen poema liburua: kontra (Susa), eta idazten urteak badaramatza ere —«nire lehen liburua da eta ez da»—, aurrez idatzitako guztiarekiko alde nabarmen bat igartzen du: «Bake hau ez da egon orain arte nire testuetan».
Eider Adeletxekin batera, Mejillon Tigre kolektiboaren Hitz esana emanaldiarekin aritu da buru-belarri aurreko hilabeteetan —«argitu behar dugu ez dela bukatu, atsedenaldian gaudela, rockeko izarrak bezala» [barrez]—, eta bi proiektu eszenikotan ari da orain lanean; Maite Aizpuruak zuzendutako Promesarik txikiena antzezlanean eta M dantza piezan, Arantza Iglesiasekin. Iaz, gainera, Igartza literatur beka irabazi zuen, eta ipuinak idazten ere badabil. Inoiz korapilo izan zaiona aukera gozagarri modura askatu balitz bezala. «Nire gatazka handietako bat beti izan da ez naizela konstantea, beti nabilela ehun gauzatan, beti erdizka, eta Mejillon Tigrek, poema liburua osatzeak, Igartzarenak... horrek denak lagundu dit pixka bat adiskidetzen neure buruarekin eta esaten: hau baldin bada nire ezaugarri bat, hau da; orain egingo dut Mejillon Tigre eta izango naiz poeta punk bat, gero aterako dut poema liburu lasai bat, eta gero datorrena. Ze saiatu naiz aldatzen eta ez dut lortu».
Modu sinbolikoan zein literalean, gorputzen arteko marruskaduran jarri du arreta liburuan, eta argigarriak dira atalen izenak lana kokatzeko: Dantza ariketak, Frikzioa, Paisaia bera, behin eta berriro eta Ukitzea beti da. Arrasatera (Gipuzkoa) joan berri da bizitzera, baina Hondarribia geratu da liburuan agertoki nagusi gisa. «Nire despedida liburua izan dela esan dezaket».
Aurkezpenean gauza polit bat esan zenuen: ez zenekiela hau zen idatzi nahi zenuen liburua, baina bai idatzi nahi zenuen modua. Irauten dizu sentsazio gozo horrek?
Bai. Liburu honek eskatu dit konstantzia bat, poema hauekin lasai egotea, presarik gabe, eta hori izan da onena. Igartzarako liburuarekin ere hor jarraitzen dut. Ohartu naiz iritsi dela puntu bat non ez diodan neure buruari presioa jartzen zerbait konkretua idazteko, helburu zehatz bat lortzeko publikoarekin. Baditut sentsazio batzuk transmititu nahi ditudanak, eta horretan saiatuko naiz.
«Isiltasunetik gertu dago esan nahi dudan guztia». Hitz horiekin hasi duzu liburua.
Azkenean, edozein diziplinatako artelan baten hasieran dagoen ideia zera da: ahal duzula ez egin. Gauza asko daude esanda, orduan, ez baduzu egiten, ez baduzu argitaratzen, ez da ezer pasatuko. Idatz dezakezu eta inguruan banatu, edo egin kanta bat eta norbaiti oparitu. Baina egitekotan, egiten duzunak eduki behar du umiltasun bat eta, aldi berean, zorroztasun bat egiten duzunarekiko, nire ustez. Horrekin ez dut esan nahi denak super transzendentala izan behar duenik, ze hor ere egon daiteke gehiegizko pretentsio bat. Baina umiltasunetik eta txikitasunetik uste dut lor daitekeela kokagune bat esateko, eta partekatzeko.
«Zentzu askotan, gauzen kontra hezi gara gu politikoki, zurruntasunez, eta iruditzen zait diskurtso batzuk errepikatzen direla etengabe, hitzak zarata bihurtzen direla»
Lehen liburua hau duzun arren, urte pila bat daramatzazu poemak idazten. Denbora horrek nolabaiteko sosegua itzuli du agian testu hauetara?
Baliteke, eta uste dut pretentsioak jaistean etorri dela. Liburu batek azkenean autoritatea ematen dizu: da objektu bat esaten duena idazten duzula. Eta horren gabeziak bai eman dit urteetan halako antsietate bat; izan beharra gazte promesa bat, 20 urterekin idatzi ja nik ez dakit zer... Eta, egia esan, ez naiz batere damutzen orduan argitaratu ez izanaz. Ez nuen lasaitasun horrekin idazten, bazeuden asmo batzuk idazketan ez daudenak gaizki, baina ez zidatenak onik egiten, ezta nire idazketari ere. Hau nire lehen poema liburua da, baina ez da. Hemen badira bost-sei urte dituzten poemak, ez zutenak topatzen euren tokia beste bilduma batzuetan, baina bake hau ez da egon orain arte nire testuetan. Ez dut esango berdin zaidanik jendeari zer irudituko zaion nire poesia, baina orain ez dut ezer espero, eta igual beste garai batean bai. Eta hori sekulako liberazioa da.
Letra xehez, baina hitz indartsu bat eraman duzu izenburura: kontra. Gauzen arteko talkaren ordez, haien arteko igurtziaz ari dira poemak, ordea. «Kontra egotea da ukitzea», diozu. Poema asko idatzi aurretik agertu omen zitzaizun kontzeptua.
Bai. Hondarribira bizitzera bueltatu nintzenean hasi zen agertzen kontra kontzeptua. Hango paisaiak nire egunerokoan lekua hartu zuen berriro, eta dantza garaikideak ekarri zidan beste gorputzen kontra egotearen kontzientzia. Batetik hori dago, eta bestetik bizitzen ari garen garaia dago, faxismoaren gorakada eta beste. Diskurtsoak gogortzen ari zirela ikusten nuen, eta horrek hizkuntzarekiko ardura sortzen zidan. Oso gogorra egiten zitzaidan tokia hartzea gauza batzuei buruz gogortasun horretatik hitz egiteko. Mejillon Tigren egin dugu batzuetan, gogor hitz egin, eta zuzenekoetan ikusten nion zentzua, baina idatzizkoan ez.
Zentzu askotan, gauzen kontra hezi gara gu politikoki, zurruntasunez, eta iruditzen zait diskurtso batzuk errepikatzen direla etengabe, hitzek zentzua galtzen dutela, zarata bihurtzen direla. Aldi berean, kontra oso hitz gogorra da, baina gordetzen du beste esanahi hori ere, eta epifania hori izan zen: esatea kontra egotea kontaktuan egotea dela, ez bakarrik talkan. Kontzeptu horretatik hasi zen paisaia eta gorputzekiko frikzioa modu horretan behatzea.
Higadura ikusezinaren sentsazioa oso presente dago, urarena, harriena. Ni poetikotik harago, kontenplaziotik idazteko gogoa erakusten du horrek?
Bai. Niri funtzionatzen dit sentsazioetatik lan egiteak. Arrats bat ikusten ari zarenean —eta kontra-n hamaika mila arrats daude [barreak]—, sentsazioa da argia badoala eta zu hor zaudela eta badagoela zerbait ezin duzuna esplikatu; hori beste modu batean harrapatzen saiatzea, horrek asko funtzionatzen dit, eta orain ipuin liburuan berdin. Izan daiteke norbere gorputzean deseroso egotearen sentsazioa, edo sentitzea aldaketa bat kanpo-barru horretan, eta ariketa da esatea: bale, hau nola komunikatuko dut; horretarako modu bat bilatzea. Bila aritzea bada zerbait oso gustagarria, diskurtsoari galga jarrita pixka bat. Horrekin ez dut esan nahi niretzat idazketa ez denik politikoa eta abar.
W.H. Audenek esan omen zuen poetaren gizartearekiko eginbehar bakarra ongi idaztea dela. Bat zatoz?
Egon daitezke momentuak non poeta batek idatz dezakeen zerbait oso esplizitua. Mejillon Tigren egin dugu, eta ondo dago, baina kontziente izan behar dugu zertan ari garen. Epikak ezin hobeto funtzionatzen du, baina mekanismo bat da. Batzuetan aproposa izan daiteke masa bat eratzeko, baina nire arduretako bat ere bada ea ze punturaino, eta ez bakarrik poesian, ez ote garen ari diskurtso mailan geratzen. Poesiaren eraginkortasun politikoarekin nahiko tentuz ibiltzen naiz; bai, sor dezake indar kolektibo bat, baina izan daiteke ihesbide erraz bat ere. Konplexua da.
Liburuan, aldiz, plazer eta une txikietan dago jarrita begia, batik bat. Izan daiteke hori askotan hitz poetikoak eskaintzeko duena?
Nik sinesten dut eguneroko bizigarri batean. Badago Gure bizitzak egunero deitzen den poema bat liburuan, eta hor esaten dut: «ez dut epikan sinesten eta beraz ez dut epikarik». Ematen du ez bazara epikatik ari ez duzula posizio politiko bat hartzen, eta uste dut ez dela zilegi. Sosegutik aritzeak badauka gauza bat, nire ustez, iraultzailea gaur egun. Ez dut esango badenik, baina uste dut baduela potentziala. Liburuak txikitasuna defendatzen du, bai, egunerokoari balioa ematea, ze egunerokoa gehiago baloratzen badugu, bizitza lasaiagoa baldin badugu, igual ez dugu beharrik hainbeste kontsumitzeko, hainbeste bidaiatzeko... Hor egon da nire zeharkako aldarria.
Aldarrien beharrik gabe ere, ez da asko ja dagoen hori beste modu batera ikusteko aukera ematea irakurleari? Halakoez beteta dago kontra.
Edertasuna da eskain dezakezuna askotan. Aldarriarekin, berriz, zera gertatzen zaigu, kultura maskulino batean bizi garela eta hori saritzen dela, argi eta garbi. Auden aipatu duzu, eta nik buruan James Baldwin idazlearen hitzaldi bat izan dut. Esaten du idazlearen —edo artistaren— gizartearekiko eginbeharra dela gauzak beste toki batetik begiratzeko aukera itzultzea. Gizartetik jasotzen duena gizarteari bueltatzea beste ikuspegi bat eskainiz. Berak defendatzen zuen horretarako artistak distantzia bat behar duela gertatzen zenarekiko. Eta, egia esan, nahiko ados nago. Horrek ez du esan nahi apolitikoa izan behar denik, baizik eta distantzia bat behar duzula. Bestela panfletoak idazten dituzu, eta panfletoak idaztea oso ondo dago, baina panfletoak idaztea da.
«Dantzak ematen du arreta bat eta beste gorputz batzuk zaintzeko modu bat niri ez didana beste ezerk eman»
Formalki, liburuan bada esperimentazioaren eta argitasunaren arteko nolabaiteko oreka bat, eta, hala ere, irudiak eta hizkuntza oso garbiak dira oro har. Esan izan duzu poesiaren ustezko «ulergarritasun ezak» arduratu izan zaituela. Badu hortik hautu horrek?
Iruditzen zait denak baduela aldebikotasuna. Alde batetik, oso ondo dago gauzak ulergarriak izatea, eta batzuetan jendeak onerako esaten dizu: «gustatu zait, ze ulertzen da». Baina komunikazio ekintza bat dagoenean beste parteak ere jarri behar du zerbait, eta iruditzen zait batzuetan «ez da ulertzen» esatean ez ote dagoen bigarren buelta bat emateko prestutasun falta. Hizkuntza tartean dagoenean, gauzak semantikoki ulertzen obsesionatzen gara —esanahia, zer esan nahi du honekin, zergatik erabili du, demagun, txakur beltz bat...—, eta ez dugu ikasten edo ez zaigu irakasten ulertzeko beste geruza batzuk ere badaudela —erritmoa, hitzen arteko lotura sinestesikoak...—, badagoela gehiago. Poesiak oso irudi elitista eta iritsezina du, eta, aldi berean, oso bazterrekoa da literaturaren barruan.
Nire ustez, testu zintzoak idatzi behar ditugu, eta ez errazak halabeharrez. Ez dut uste testuak zaildu behar ditugunik azkarragoak garela demostratzeko, baina bai uste dut zintzoak izan behar dugula; eta zintzoa izatea igual da esatea: «Orain interesatzen zait hitzekin fonetikoki jolastea, eta hori eskainiko dizut». Nik orain idazketarekin konpromiso hori daukat behintzat. Ulerterrazagoa edo zailagoa izan, beti saiatuko naiz komunikatzen.
Dantza da liburuko beste ardatz inportante bat. Aimar Perez Gali eta Jaimer Conde Salazar dantzarien lanak lagundu ei zizun liburua orrazten. Nola?
Modu profesionalean ez, baina nik txikitatik egin dut dantza, beti izan da nire zaletasun handi bat. Dantzatu dut oso gorputz desberdinekin, gorputz horien pisuarekin jolastuz, neurtuz zuk ere zer pisu uzten duzun besteengan... eta iruditzen zitzaidan hor bazegoela zerbait oso interesgarria beste alor batzuetara eramateko; kasu honetan, poesiara. Dantzak presentzia ematen dizu, egoteko modu bat nik nahiko nukeena beti mantendu, baina galdu egiten dut hainbeste distrakziorekin. Dantzak ematen du arreta bat eta beste gorputz batzuk zaintzeko modu bat niri ez didana beste ezerk eman. Dantzariek ez dute hitz egiten eszenan askotan, baina iruditzen zait haiek erabiltzen duten arreta poetenaren nahiko antzekoa izan daitekeela.
«Mejillon Tigre hor dago. Ez dakigu zer egingo dugun hurrengo, baina etorriko da, eta momentu horretan egin nahi duguna izango da»
Idazten ari zaren ipuinen inguruan, zer beste konta dezakezu?
Saiatu naiz ipuin bakoitzarekin sentsazio bat uzten, arrasto bat, eta ez hainbeste ideia edo diskurtso bat. Izatez, diskurtsoa agertzen zenean, kentzen saiatu naiz. Azkenaldian, niri ere molestatu egiten dit testua ari zaidanean zerbait esplizituki esaten saiatzen eta ez hainbeste literaturak dauzkan mekanismoak baliatuta. Hori izan da eduki dudan alerta. Alessandro Bariccoren La via de la narración liburua irakurri nuen iaz —bere Mr. Gwyn (2011) eta Novecento (1994) liburuak asko gustatzen zaizkit—, eta uste dut badudala presente. Esaten du une batean munduaren parte bat bibratzen hasten zaizula eta badakizula hor dagoela istorioa. Istorioa beretzat esfera bat da, mundu handi bat, eta gero, istorioaren barruan zuk bilatzen duzu trama bat. Oso interesgarria da, baldin eta intuizioan eta idazleen Hogwartsean sinesten baduzu pixka bat, zeina nire kasua den pixka bat. Kenduta momentu batzuk non giltzapetu naizen —uste duzulako idazleok hori egin behar dugula, entzerratu eta idatzi—, asko gozatu dut prozesuaz.
Eta orain deskantsu garaian zaudeten arren, zertan uste duzu izan dela garrantzitsua Mejillon Tigre zuretzat?
Sekulako plataforma izan da nahi genuena egiteko. Hitz esana-k oso-oso ibilbide polita egin du, 60 bat emanaldi izan dira, eta beste askori ezetz esan diegu, beti ez delako bateragarria astean zehar lanean egon eta asteburuetan bardoak izatea. Nahi genuen umorea erabili eta jendeari poesia hurbildu, eta iruditzen zaigu lortu dugula. Baina, batez ere, geure buruari autoritatea eman diogu hori egiteko, eta ariketa hori izan da inportantea. Badirudi idazleak eta poetak beti bakarrik goazela, gure izena defendatu behar dugula, eta binaka arituta hori dena desitxuratzen da. Testu batzuetan ez dakigu nork idatzi zuen zer; hor galtzen da autoritatearen zera bat ere, eta hori oso ederra izan da. Mejillon Tigre hor dago. Ez dakigu zer egingo dugun hurrengo, baina etorriko da, eta momentu horretan egin nahi duguna izango da.