Samurtasunaren eta zoriontasunaren ertzak erakutsi nahi ditu Felipe Juaristik argitaratu berri duen Idia mihian saiakera liburuan. «Ez dut esango —inozoa litzateke baieztapen hori— samurtasun garaiak bizi ditugunik, ikusirik munduaren bilakaera eta haren noranzkoa nolakoak diren». Munduan samurtasun falta antzematen badu ere —edo, hain zuzen, falta sumatzen duelako—, idazlea han-hemenka aritu da haren bila. Izan ere, toki eta garai desberdinetako erreferentziaz betea dago haren azken argitalpena; Antzinako Greziatik gaur egunera bitarteko autoreekin osatu baitu liburua Juaristik, eta, besteak beste, zoriontasunari, etikari eta ahaidetasunari buruz aritu da. Juan Ramon Makuso Balea Zuria argitaletxeko editoreak lagunduta aurkeztu zuen Juaristik bere lana, joan den ostiralean, Donostian, eta, saiakera liburua izanik ere, argitu zuten poesia ere badagoela.
Samurtasunaren gaia gailentzen zaio idazleari bere literatur ibilbidean: «Giza bizitzaren aurrean eta bizitzaren erdian zabaltzen den samurtasuna», idazleak berak dioenez. «Samurtasuna nire obran, nire mundua inguratzen duen atmosfera da, edukia argitzen duen giroa, ilunetik aldenduz, argitasuna ekarriz, ertzak zehaztuz eta ikusgarriak eginez». Munduaren krudelkeriaren edo basakeriaren aurrean, samurtasunak lekua duela erakutsi nahi izan du Juaristik; izan ere, esan baitu «babesgabea zapaltzen» den arren, «gorrotoa maitasunaren ordez erosten, ontasuna arbuiatzen, ni-a nagusitzen eta elkartasuna nahiz gizatasuna falta» diren arren, han edo hemen, antzeman daitezkeela samurtasun keinuak. Horren adibidetzat hartu du Homeroren Iliada epopeia, gerrari buruzko kontakizunez gain, kontatzen baitira bestelako gertaerak ere; Priamoren eta Akilesen elkarrizketa, kasurako.
«Samurtasuna nire obran, nire mundua inguratzen duen atmosfera da, edukia argitzen duen giroa, ilunetik aldenduz, argitasuna ekarriz, ertzak zehaztuz eta ikusgarriak eginez»
FELIPE JUARISTI Idazlea
Bost atal nagusitan dago bereizia Idia mihian liburua, eta hari batek batzen ditu bost atalak: Kasandrak. Greziar mitologiako pertsonaietako bat da Kasandra, Troiako Priamo erregearen eta Hekuba erreginaren alaba. Juaristik aitortu du interesa sortu izan diola Kasandraren pertsonaiak, zeinak etorkizuna iragartzeko dohaina zuen, baita inork ez sinesteko madarikazioa ere. Troiako suntsipena iragarri zuen Kasandrak, baina alferrik; lehenik, Ajaxek bortxatu, eta, gero, Mizenasko jauregian bahitu baitzuen Agamenonek. Besteak beste, Kasandraren pertsonaia Eskilo poetaren Agamenon obran azaltzen da; kontakizun hartan, Mizenasko jauregian zelatari dabilenak, metaforikoki, Kasandra eta Agamenon hilko zituztela kontatzea galaraziko dion idi pisutsu bat izango du mihian. Hots, ahoan bilorik gabe mintzatzea galaraziko dio idiak mihian zelatariari. Hortaz, galtzaile atera zen Kasandra, eta Juaristi bere pare jarri da, Idia mihian galtzaileen liburua dela esan baitu; ez, ordea, galtzaileei buruzkoa.
Gogoetak eta norberaren egia
Felipe Juaristik, besteak beste, Jean Paul Sartreren esaldi bat izan du Idia mihian liburua eraikitzeko oinarri, askatasunera kondenatuta egoteari erreferentzia egiten diona, Existentzialismoa humanismoa da liburukoa. Baina beste hainbat autore moderno ere aipatzen ditu gizatasunari, etikari eta moralari buruz mintzatzeko, hala nola Simone Weil, Simone de Beauvoir, Hannah Arendt, Walter Benjamin eta Albert Camus. Saiakera liburu bat idatzita, errealitatearen gaineko gogoeta egin nahi izan du Juaristik: «Testuen gaineko geografia berri baten marrazkia». Aldiz, esan du poesiaren bidez bere egia kontatu nahi izan duela. Adierazi du urte mordoa pasatu dituela liburua osatzen, eta pasarte batek 40 urte ere badituela.
Juan Ramon Makuso editoreak Grezia klasikoko kontzeptu bat nabarmendu du liburua aurkezteko: Eudaimonia. Hau da, zoriontasuna edo ongizatea. Baina editoreak azaldu duenez, liburuan zoriontasuna ez da azalduko formula baten bidez, ezta kontzeptu filosofikoen erara ere; zoriontasuna norberaren esperientziaren araberakoa izango da, «barneko egoera bat». Makuso: «Zoriontasuna [Juaristiren pentsamenduan] ez da irabazten edo bilatzen den zerbait, ez da helmuga bat, bidean aurkitzen den arnasa xume bat baizik». Horretarako, idazleak bakea, isiltasuna edo denboraren joana izango ditu hizpide, eta naturaren elementuak ere behin eta berriz agertuko dira, editorearen hitzetan Juaristi «ibiltaria eta ia-ia peripatetikoa» izatearen ondorio. «Felipek liburu honetan islatzen du bizitzaren mugak onartzeko gaitasunetik sortzen den bakea». Idazleak egindako lana goraipatu du: «Liburu hau bere ibilbide literarioaren gailurra da».