itziar ugarte irizar
Landakotik landa

Promesen denbora

2025eko abenduaren 6a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Edertasuna, leherketa eta patxada bilatzen genituen». Hedoi Etxarteren Izen baten promesa nobelako pertsonaia baten berbak dira —pertsonaia gogoangarrienetako batenak, uzten badidazue, Laurarenak—. Lekukotzen katean, frankismoaren hondarrak gaztaro betean harrapatu zituen haiek garaia nola bizi izan zuten kontatzen dio narratzaileari; den-dena aldatzen ikusteko zuten irrika, mundua sakon arnasteko asmatu zuten modua. Promesaz beteriko giro bat zen, pentsatzen dut orain. Baina zera dio pertsonaia berak segidan, hurrengo lerroan bertan: «Gero zerbait gertatu zitzaigun 80etan eta potentzia hura guztia hondoratu zen».

Ordurako, Durangoko Azoka abian zen. Zenbakiz aldatu du aurten, eta hamarraldi berria estreinatu: seigarrena. Erraz esaten da: hirurogei urte denbora asko da, eta aldi berean ez da ezer —edo?—. Galdera da: 1965etik hona, zertan egin dugu nora? Aldatu gara norantz? Ze zerbait zorionekoa gertatu bada, hori da: aldatu egin gara.

Margolari bati irakurri nion aurrekoan —deus berririk ez, alderantziz—: ez dago munduan ezertxo ere bere horretan irauten duenik, bere horretan geldi irauteko gai denik. Noranzko aldaketak —«nabigazio» esan zuek hark, politago— gure izatearen parte ezinbesteko dira. Bere sormen lana, berriz, «mugimendu etengabean dagoen dantza motel baten» gisa deskribatu zuen, eta hori bai iruditu zitzaidala polita. Eta orain, Landakoko pasilloetako jendearen joan-etorria berriz aktibatu den honetan, hori ikusten dut —ea lortzen dudan zuek ere ikustea—: mugimendu etengabean dagoen dantza motel bat.

Marina Garces filosofoak esaten du —astelehenean bisitatuko du azoka, bide batez, Olatz Mitxelenak euskaratu dituen haren bi lanen aitzakian— promesik gabeko mende batean goazela orain aurrera. Promes egitea keinu antigoaleko bat bihurtu da haren ustez, keinu jasoegi bat: proiektuak dira gaur egiten ditugunak, proiektuak barra-barra, eta ia inoiz ez, aldiz, promesak.

Promes bat orainetik egiten da, etorkizunari begira eta memoria partekatu bati hel eginez. Garcesen arabera, horrek esplikatzen du promesek hain leku gutxi izatea gaur —hainbeste larrialdiren erdian— inguruarekin erlazionatzeko dugun moduan: etorkizunik ez dagoen denbora bat habitatzen badugu, zer promes egingo dugu? Marka zera da: ze etorkizun izango dugu ez bagara ausartzen promes egiten?

«Izarra nahi zenuke udako zeruan,/ dantza doinuak entzun inguruan,/ gogo ilun hori alaiagoa izanen da,/ gaugiro promesaz betean». Ruper Ordorikak kantatzen du azken diskoan, eta Danele Sarriugartek ere bai, oso bestela, beste zerbait eleberrian, eta diot nik, garai orok behar lukeela ona promesentzat. Edertasun, leherketa, patxadarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.