Idazle bat idatzi ezinean. Idazle bat ezin duena arrankatuarazi argitaletxeari agindua dion liburua. Beste etxe batera lekualdatu da, bikotekidearekin eta Genet zakurrarekin, eta New Yorkeko apartamentu horretatik ikusiko du orain uda pasatzen, eta udazkena, negua. «Zerk galarazten dit liburu hori idaztea?», galdetzen du. «Beroak, zakurrak, egunak, aire girotuak, orainaldian existitzeko desirak, buklean pentsatzeak, gaixotzeak, larrua jotzeak, supermerkatura joateak, kozinatzeak, yogak, bakardadeak eta tristurak, Internetak, egoera politiko hain etsigarriak, ordenagailu aurrean hartzen ditudan telebista tripakadek, lehiakortasunak eta beste idazle batzuek bereganatzen duten arretak sortzen dizkidan zeloak, adarretatik galtzeko eta inoiz ezer ez amaitzeko dudan joera honek, irakurtzeak, dokumentatzeak, masturbatzeak, denboraren joanak». Idaztea galarazten dion hori, baina, bihur daiteke idazketa, bihur daiteke liburu, eta hori da Kate Zambrenoren Drifts (Jitoak) eleberria ez ezik, haren literatura ere ulertzeko gakoetako bat.
Irakurraldi agerikoenean, emakume baten egunerokoa kontatzen duen eleberri bat izan daiteke Drifts, testu txatalekin eta irudi gutxi batzuekin eraikia. «Adin ertaineko» narratzaileak leihotik begiratzen du, iraila iristean eskola ordu batzuk ematen ditu unibertsitatean, lagun eta idazle konplizeekin harreman estua du, metroa hartu, kaleko katuekin obsesionatu, zakurrarekin paseoan atera, John bikotekidearekin eztabaidatu, konpultsiboki masturbatu, argazkiak egin, arteaz hausnartu... Gertatzen zaizkionak eta pentsatzen dituenak erregistratuz doa, eraldaketa hori idatziz prozesatzen, eta hori da nobelan lanean ari dela sentitzeko duen modua.
Ez-fikzioaren eremua jorratu du kasik osorik Zambrenok, eta bere bizi esperientzietatik oso hurbil daude, bada, bere liburuak
Baina beste eraldaketa baten berri ere ematen du liburuak: azken urteetan, batik bat, kritika feministak kultur mundura ekarri duen erroko berrikuspenaren berri, eta lanaren konplexutasuna biderkatzen da hor. Gizonezko autore kanoniko batzuk funtsezkoak dira narratzailearentzat —batez ere, Rainer Maria Rilke; baina baita ere Franz Kafka, W. G. Sebald, Ludwig Wittgenstein—, eta, haiekiko hurbiltasuna ezkutatu barik, modu kritikoan pentsatzen ditu orain idazleak, Susan Sontagekin, May Sartonekin, Chantal Akermanekin, Ingeborg Bachmanekin eta gisako beste egile batzuen lanekin elkarrizketan. Nola lotzen diren bizitza eta sorkuntza lana, zer den jito bat idazketan eta nolatan. «Eszeptikoa naiz lengoaia zerbait sakratu gisa pentsatzen duten idazleekin», aitortzen du pasarte batean narratzaileak. «Pozak egon behar du idaztearen ekintzan».
Ez-fikzioaren eremua jorratu du kasik osorik Zambrenok —Drifts publikatu eta urtebetera, ez-fikzioaren Guggenheim beka sonatua eman zioten—, eta bere bizi esperientzietatik oso hurbil daude, bada, bere liburuak. Drifts-en kontatu zuen, esaterako, bere idazletzan mugarri bat ezarri zuen gertakari bat: amatasuna.
Ez bereziki hala nahita, narratzailea haurdun geratzen da, eta testuan hasieratik presente egondako gorputza are bistarago ekartzen du horrek. Baita prekaritatea eta AEBetako giro politikoa ere. Donald Trump Etxe Zurira iritsi zen hilabetean erditu zen Zambreno, eta azaldu izan du New Yorkeko etxebizitza krisiaz, arrakala sozialaz eta faxismoaren igoeraz are kontzienteago egin zuela garai hark. «Etxejabe txar baten inguruan, prekaritate ekonomikoaren inguruan, boterea duen norbaiten inguruan idazten duzun aldiro, hori politikoa da», berretsi du berriki elkarrizketa batean. «Egunerokoari dagokion zerbait da eta horregatik ez da jotzen politikotzat; baina politika, hain zuzen, egunerokoan ernatzen da».
Hilda bezala idaztea
Idazleaz gain, kritikaria eta unibertsitateko irakaslea ere bada Zambreno, eta bere liburuak ingelesetik beste hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Euskarara ez da heldu haren lanik oraindik, baina Danele Sarriugarte idazleak, esaterako, aipatua du haren eragina — Drifts-eko aipu batek egiten dio sarrera, hain justu, beste zerbait haren eleberri berrienari—.
Hamar argitalpenetik gora ditu gaurdaino Zambrenok, eta Book of Mutter (2017) eta To Write As If Already Dead (2021) dira gehien itzuli direnetako bi —baita aurrenekoz 2012an emandako eta 2024an berriz editatutako Heroines ere—. Minbizi luze baten ostean galdu zuen ama idazleak, eta esperientzia horren inguruan ondu zuen Book of Mutter. Hamahiru urte eskaini zizkion liburuari, eta doluaz ez ezik, idazletzaren joan-etorriez, eta hala kultur munduak nola mundu akademikoak eragiten dituen lan baldintzez ere hitz egiten du liburuan. Kritikak eta hainbat liburu dendak urteko liburu onena izendatu zuten.
'Drifts' irakurri berritan, Annie Ernaux idazleak esan zuen «idazteko beste modu bat» asmatu duela Zambrenok
Zambrenoren estilo marka garbia bere lanei darien askatasun formala da, nola saiatzen den aldiro saiakeraren eta fikzioaren zein ez-fikzioaren mugak mugiarazten. Eta horren beste adibide garbi bat da To Write As If Already Dead ere. Narratzailea Herve Guilerten À l'ami qui ne m'a pas sauvé la vie liburuari buruz idatzi nahian ari da —hiesaren bizipenez eta lagun min baten heriotzaz idatzi zuen hartan Guilertek—, bi urteko ume baten zaintzak ekartzen dizkion zailtasunen erdian, eta, berriro ere, haurdun. Gaixotasuna, gorputza, osasun sistema zalantzan jartzea, artea, literatura, eta beste hamaika ardatz lotzeko gai den begirada da liburuan distira egiten duena. Eta egiten duena orainean. Zambreno: «Idaztea orainaldiko ekintza modura interesatzen zait, eta ez nola hautemango dituzten nire liburuak egunen batean. Dagoeneko hilda bazeunde bezala idatzi behar da».
Drifts irakurri berritan, Annie Ernaux idazleak esan zuen «idazteko beste modu bat» asmatu duela Zambrenok. Sarah Manguso egile estatubatuarraren ustez, berriz, Zambrenoren obra ez da liburuen segida huts bat, «ezpada pentsamendu gorputz bat, bizitzaren, heriotzaren, denboraren, memoriaren eta isiltasunaren arteko elkarguneen jario etengabe bat».