Literatura

Maria Negroni, ziurgabetasunaren poetika

Literaturatik gutxi duten liburu asko dauden iritzikoa da Maria Negroni. Argentinako idazle garaikide berezienetako bat da, eta bere literatur posizioaren berri ematen duen festa moduko bat da haren 'Colección permanente' liburua.

Maria Negroni idazlea. ALEJANDRA LOPEZ
Maria Negroni idazlea. ALEJANDRA LOPEZ
itziar ugarte irizar
2026ko martxoaren 8a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei txatal menderakaitza den horren alde. Izenburu hori jarri zion Maria Negroni idazleak FILBA Buenos Airesko Nazioarteko Literatura Jaialdia irekitzeko idatzi zuen hitzaldiari 2022an. Igaro zen denbora, eta han irakurritako testuak oihartzun egiten jarraitu zuen egile argentinarrarengan. «Zabaltzea eskatuko balit bezala, josi nezala liburu batean, fruta heldu bat bezala, nire prosak gainditu eta nire poesiak landatu eta gorrotatu zuen hori». Azken hamarkadan Argentinako poesiak eman duen egile nabarmenetako bat da Negroni (Rosario, 1951), eta Buenos Airesko jaialdi hartan emandako hitzalditik ernetako liburua da Colección permanente (Bilduma iraunkorra), idazleak literaturaz duen ideiaren muinera erudizioz eta umorez zuzenean doan lana.

«Literaturari ez diot eskatzen entretenitu nazala». Hori izan daiteke haren posizioaren lehen harria. Negronirentzat, «biziki aspergarriak» baitira liburu entretenigarriak. Liburu batek «seduzituko» badu, «idazkera bat» behar du, eta hori ez dago liburu guztietan, haren ustetan. «Idazkera anekdotaren, gaiaren edo tramaren higadura bat da, nolabaiteko murgiltze bat tresnaren barrura, zeina hizkuntza bera den». Idazleaz gain —poesia, narratiba eta saiakera jorratu ditu—, idazketa irakaslea ere bada Negroni, eta, oroz gain, hori irakasten saiatzen ei da: hizkuntza bat bilatzen, kontatzeko forma bat, berezitasun bat, orrialde zuririk existitzen ez dela ohartarazita. «Orrialdea beti dago beteta; guk pentsatzen, sentitzen, gorrotatzen eta abar egiten dugun guztia aurrez pentsatua, gorrotatua, maitatua izan baita. Inork ez du ezer inoiz hutsetik idazten».

Hizkuntzaren beraren gaineko ardura da, bada, Negroniren lanaren zutabe handietako bat. Formatu aldetik, sailkatzeko konplexuak diren liburuak argitaratu ditu beti, eta ezerk lotzekotan, horrek lotzen ditu: kontatzen ari dena kontatzeko aldiro hizkuntzari bilatzen dizkion zeharbideek. Haren ustez, hizkuntzak «degradazio ikaragarria» pairatu du azken urteetan —«dena berdindu izan balitz bezala da, esanahiak kaltzifikatu balira bezala»—, eta apenas antzematen duen lekurik «zentzuaren ziurgabetasunerako, zalantzarako, anbibalentziarako, anbiguotasunerako». Hori da, hain justu, berak literatur idazketan bilatzen duena, eta horregatik eskaintzen dio Colección permanente liburua irakurle jakin bati: argi-ilunez, paradoxez eta trinkotasun faltaz fidatzen denari. «Beharbada, sumatzen dutelako idazketa eredurik gabeko ariketa bat dela, fedez eta galbidez egina, ukoz eta promesaz, grabitatez eta absolutuarekiko irrikaz».

Artez galtzea

Idazlearen bizipen pertsonalak eta hirugarrenen ideiak, oroitzapenak eta elkarrizketa asmatuak —Vicente Huidobori, Emily Dickinsoni, Hilda Doolittleri, Robert Walserri eginak— nahasten ditu liburuak. Eta guztia josteko maisu baten figura ere ageri da, zeina egileari baliagarri zaion «idazketak betidanik errealitateari eta munduari jaurtitzen dizkion galderez» aritzeko. «Zeren inguruan hitz egiten du poema batek?», galdetzen dio, esaterako, narratzaileak une batean. Eta «ezeren inguruan ez», erantzun maisuak. «Poema batean, hitzek, modu baldar batean, haiek gabe izango ez zena bilatzen dute. Eta, batzuetan, baita haiekin betiko galtzen dena ere».

Poemak ez direla ideiekin egiten, ezpada hitzekin, hori da Negronik liburuak nabarmentzen dituen beste ideietako bat. Eta horrekin batera datoz haren obsesio gehiago ere. «Idazketaren urgentzia, lehenik eta behin, desikastea izango da», adibidez. Liburua irakur liteke, hala, ia inbentario intimo bat lez; irakur daitekeen bezala idazketarako eskuliburu edo literatur manifestu bat lez. Negroni: «Isiltasun baten ekoizpena den esperientzia erradikal horri dei diezaiokegu idaztea». 

Egunean egon beharra. Hori da idazle batek, idazten ari denean, saihestu beharko lukeen beste morrontza bat, Negroniren ustetan. Are, ez omen du ezagutzen «autoritarismoaren» aurkako antidoto hoberik. «Artistaren egarri irrikatsuarentzat, orainaldia kartzela-habia bat da», gaitzesten du liburuko une batean. Eta aurrerago, defendatu: «Poema bat hasten da munduaren datuak pausan jartzen diren leku horretan, ez horiek ezabatzeko, ezpada historikotasun altuago batetik irakurgarri bihur daitezen». 

Minaren bihotza

Gaur egun, Buenos Airesko Untref unibertsitatean irakasten du Negronik, baina aurrez New Yorken bizi izandakoa da urte luzez. Lehen poema liburua —de tanto desolar (1985)— kaleratu berritan lekualdatu zen hara, justu Argentinara demokrazia iritsi zen urtean, eta aipatu izan du momentu hartan herrialdean biziagotu zen literatur girotik aldendu zuela horrek. Zuzenbide ikasketak utzita ekin zion idazteari, eta itzulpen ugari eta aitortza zabala jaso du haren lanak ordutik. Obra zabala du argitaratuta: poema bildumak gehienak —tartean, Islandia (1994), Exilium (2016), Archivo Dickinson (2018)—, saiakera lanak asko, eta hiru nobela: El sueño de Ursula (1998), La anunciación (2007) eta El corazón del daño (2021).

Haren lan guztien artetik, hain justu, azken horrek lortu du sonarik handiena, eta oihartzun egiten du Colección permanente lanean ere. Zehazki, amarekin izandako harreman konplexuaz idatzi zuen han Negronik, baina beste gai ugari ere ageri dira —idazketa bera, konpromiso politikoa—, eta, kontaera ezohiko eta poetikoarengatik, Clarice Lispectorren eta Marguerite Durasen lanekin erlazionatu zuen kritikak. «Maisulantzat» hartu zuen ia aho batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.