«Ulhaintsa txori bat da. Zapelatza nire baserrian, miru gorria orain bizi naizen Lapurdin. Etxetik joandakoan, etxeak topatu izan ditut, baina etxea bakarra da. Eta aterpetu ninduten etxe batean ikasi nuen ulhaintsa». Eta etxetik joandakoan ikasi zuen Jon Garmendiak, Parisko metroan biolina jotzen zebilen musikari bati zehazki, mundua «exilio erraldoi bat» dela. Urnietan sortua da (Gipuzkoa), baina, arrazoi politikoak tarteko, handik ihes egin zuen, eta urteak eman ditu erbestean, kartzelan, eta handik ateratakoan, Paris inguruan. Bide horretan guztian, askotariko poemak idatziz joan da, beti eskuz eta paper ugaritan, eta lehen aldiz liburu batean bildu ditu orain: Ulhaintsaren negarra izenpean, Elkarrek eman du argitara. «Ez nator kontakizun bakar bat egitera», errepikatu du aurkezpenean, «baina hau gertatu egin da, ez dut nik asmatu, eta nahi nuen horren berri eman».
Denbora asko darama idazten Garmendiak, baina hau du lehen liburua, «lagunek xaxatzeari esker» kaleratu duena, azaldu duenez. Aurretik, batik bat, bi alorretan aritu da: abestietarako letrak idazten —Esne Beltza taldearentzat eta Xabi Solanorentzat, batez ere— eta prentsarako zutabeak —Gara egunkariko kultur orrietan aritzen da—. Liburuan jasotako testuen kasuan, ordea, irudipena zuen beste nonbait hartu behar zutela lur, eta Maider Ziaurriz adiskide eta literatur kritikari ohiak lagundu dio horretan, urtetan bildutako «paper sail handia» atontzen. Zazpi ataletan egituratuta aurkeztu dute, eta, datarik eta irakurraldi itxirik proposatzen ez badute ere, hari bati jarraitu diote: Garmendiak etxetik alde egin behar izan zuen garaian hasi eta etxera itzuli ahal izan den garaira artekoari.
«Tokatu zitzaidan leku askotan egon beharra, eta bizkarrean daramazun zerbait da hori. Bazoaz, eta norbaitek ja badaki zerbait gaizki baduzula. Edo ez, ez dakit. Epai horiek ez dute balio, baizik eta zuk bizi duzunak»
JON GARMENDIA Idazlea
Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak nabarmendu duenez, bistakoa da Garmendiaren ibilbidean «zerikusi handia» izan duela politikak. Liburuan, ordea, «ideologia» apenas ageri dela esan du, eta hori da, haren ustetan, argitalpenaren berezitasuna: «Gehiago agertzen dira bizipenak, esperientzia propioa, eta ideiak [politikoak] agertzen badira, nitasunaren filtrotik pasatuta agertzen dira». Ez naiz zuk uste duzuna poema irakurri du, hain justu, horren erakusle: «Nire hausturaz,/ nire etsiaz,/ nire gauaz/ eta nire egunaz/ baino ez dakit nik. / Nire zauriez./ Nire doluez. // Eta tarteka,/ alaitasunari atea ireki nahian,/ ezpainekin erdi gordeka/ marrazten dudan irribarreaz./ Horretaz baizik ez dakit nik».
Ulhaintsaren ipuina izeneko testu laburrak egiten dio sarrera liburuari, eta poema labur-laburrak —paradoxekin jolasten dutenak— eta lauzpabost orrialde ere hartzen dituzten poema luzeak datoz gero nahasian, kutsu narratibokoak haietako asko.
«Bizkarrean daramazun zerbait»
«Odisea honek ditu gauza onak eta txarrak», aipatu du Garmendiak. Eta berak bizitakoa «bizipen unibertsal bat» dela ere azpimarratu du: «Motibo ezberdinengatik etxetik alde egin beharra gauza unibertsal bat da; gaur ikusten dugu datozela Afrikatik, Ekialdeko beste lur batzuetatik... Niri tokatu zitzaidan leku askotan egon beharra, eta, azken batean, bizkarrean daramazun zerbait da hori. Bazoaz, eta norbaitek ja badaki zerbait gaizki baduzula. Edo ez, ez dakit. Epai horiek ez dute balio, baizik eta zuk bizi duzunak».Â
Amari eskaini dio liburua idazleak —Laura Martinez Abandori—, eta aitortu dio, etxerik badu, hura bera dela beretzat. «Zuk etxea uzten duzu, baina etxean ere zu gabe bizitzen hasi behar dute ordutik, eta horrek denak badu bere haustura». Gogora ekarri du, gainera, gurasoen belaunaldiak eta haien gurasoenak ere bizitakoa: «Erbestea niri baino lehenago ere belaunaldi askori gertatu zaie. Ama, osaba... diktadurako galtzaile handiak izan ziren. Haien ama erbestean egon zen hiru urtez Frantzian, eta aita, nire aitona izango zena, kartzelan izan zuten. Gauza asko bizi izan dituzte haiek ere, eta aipatu nahi ditut, aurretik ere egon delako lur zahar honetan hainbeste drama, dolu eta irri, zelan ez».
Senideak ez ezik, etxetik atera zenez geroztiko zeharkaldian egindako lagunak ere izan ditu gogoan Garmendiak —aurkezpenean izan dira zenbait, tartean Ortzi Oiarzabal biolin jotzailea, zeinak pare bat pieza jo dituen—, eta liburuan ere utzi dute arrasoa. Aurten, duela lau urte hildako Iñaki Segurola idazleak, esaterako. «Hark bezalako euskara dotorerik, gutxik. Beti altxatzen zuen zer esan, zeri buruz pentsatu, zeri buelta eman. Erbestean ere bisitan izan dut eta niri ere egurra ematen zidan». Bada Xabier Lete poeta eta kantariaren arrastorik ere. «Kartzelan nengoela, izan genuen halako harreman epistolar bat; idazten ikasten lagundu zidan, beste kultura batzuei begiratzen. Kristoren gizona zen. Xabierrek esaten zuen bezala, orain bakoitzak bere egunetik eta gauetik irakur dezala hau; ez nator kontakizun bakar bat egitera, baina hau gertatu egin da, ez dut nik asmatu, eta nahi nuen horren berri eman».