Idazlea

Ixiar Rozas: «Beste frekuentzia batzuetan ere mugi gaitezke, bizitza materiala ez da dena»

Lengoaiari hitz eginaraztea da Rozasen literatur erronka. Askatasun ekintza gisa ulertzen du hori, eta horren erakusle argia da 'Narrugorrik' haren lan berriena. Biluztasuna du ardatzean, bai forman eta bai edukian.

Ixiar Rozas idazlea, Lasarte-Orian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ixiar Rozas idazlea, Lasarte-Orian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
Lasarte-Oria
2026ko apirilaren 5a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzak entzuteko eta hitzak entzunarazteko dohain berezia du Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972). «Lengoaiari hitz eginarazteko» intentzio argia. Azken liburuen bidetik, hala egiten ahalegindu da Narrugorrik lan berrian ere (Consonni). Nobelatzat dauka, baina ez hori soilik. «Prosa poetikoarekin egindako nobela. Edo poemario bat. Gauza asko da». Biluzdura mota askotarikoetarantz zabaldu ditu orrialdeak, «espekulazio poetikoan» murgil eginda. Hitzak biluztu ditu, sintaxia, memoria, gorputza, eta erresistentzia keinuz beteta ikusten du horregatik ere liburua. «Literatura da, eta uste dut gure sisteman ere testuinguru natural batean egon beharko lukeela horrelako lan batek».

Nola ikusten duzu Narrugorrik aurretik egindako lanen segidan?

Iruditzen zait 25 urteko bidea kristalizatzen duela. Baina normala ere bada hori esatea, ez? Ez nintzen hona iritsiko aurreko guztiak egin izan ez banitu. Idazten ari nintzenean, presenteago izan ditut azken urteetako lanak, batez ere ahotsaren ikerketarekin zerikusia dutenak —Beltzuria [Pamiela, 2014], Unisonoa [Pamiela, 2020] eta Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras [Consonni, 2022]—, baina, liburua argitaratu ostean, itzuli naiz aurreko liburu batzuetara, eta ikusi dut idazketa motak probatzearena, lengoaiari hitz eginaraztearena, hasiera-hasieratik bilatu dudala, idazleak hitz egin ordez; Edo zu edo ni-tik [Erein, 2000], baina batez ere Negutegia-tik hona [2006, Pamiela]. Eta hori ikustea ederra izan da. Edo zu edo ni, adibidez, narratiboagoa zen, garai hartan, gidoigintza ikasi berritan, zinemagintzaren eragina handia baitzen nire lanean. Baina esan nahi dudanak erritmoaren bilaketarekin dauka zerikusia, hitz poetikoaren bilaketarekin —ez dut hemen esperimentazio hitza erabili nahi, iruditzen zait saski-naski bihurtzen dela askotan—. Irakurle bezala, gauza gehiago bilatzen ditut, baina niri idaztea interesatzen zaidana poesia lengoaia da.

Hari narratibo bat bazter uztera zaramatza horrek, hitzen sonoritatea eta forma oso kontuan hartzera. Eta, hala ere, esanahia indartsua du esaldi askotan. «Zaindu sasia, hazten den bitartean, galdetu zer dakien», adibidez. Nola lantzen duzu oreka hori?

Hitzaren esanahiarekin soilik lan egitea muga bat da niretzat, baina horrek ez du esan nahi hitz jolasa bilatzen dudanik. Hitzaren esanahia, hitzaren soinua, hitzak kanporantz eraiki dezakeena eta kontrolatu ezin dezakezuna, hitzak eratzen dituen irudiak, egiten dituen keinuak... horren guztiaren eta esan nahi nuenaren arteko etengabeko negoziazioa izan da liburua, elementu horien guztien arteko lankidetza moduko bat. Ez da idazketa mekaniko bat, non eramaten uzten zaren, inkontzientea agertzen den eta korronte horretan sartzen zaren. Agian badago hortik zerbait, baina beti dago egindako horren gaineko behaketa bat gero, eta hori ere azpimarratu nahi dut. Ez da kontrola: kontzientzia da. Une oro non zauden jakitea.

Polita da bereizketa.

Oso ezberdinak dira! Kontrolean zaudenean, zerbait askatu nahi ez duzuna dago, eta gero hori nola jasoko den ere kontrolatu nahi duzu. Kontzientzia, aldiz, etengabeko presentzia bat da, eta horrek elementu guztien aldiberekotasun moduko bat eraikitzen du, non elkarrekin dauden txakurraren zaunka, txoria, hostoa, goikoa, behekoa, barrukoa, kanpokoa... Continuum moduko bat dago gauza guztien artean. Eta, aldi berean, distantzia hartze bat ere badago, behaketa bat. Hori nire baitan dago, eta testuan ere bai. Arreta modu bat eskaintzen du, orainean dagoen arreta bat. Ez daukana zerikusirik egunerokotasunean presaka doan denborarekin, gure bizitza eroekin. Orduan, ba tira, espazio hori eskaintzen du liburuak.

«Kontrolean zaudenean, zerbait askatu nahi ez duzuna dago; kontzientzia, aldiz, etengabeko presentzia bat da, eta elementu guztien aldiberekotasun bat eraikitzen du»

Erresistentzia leku bat?

Erresistentzia mota bat izan daiteke horrela idaztea. Ze eraikitzen duzuna, erabiltzen dituzun hitzak, esaldiak, pasarteak, lerroak, ez dira erraz atxikitzen, ezin dira erraz klasifikatu, ezin dira subsumitu. Liburua erresistentzia keinuz beteta dago orduan, bai. Hasi hitza nola biluzten den, sintaxia eta tradizioa nola erabiltzen diren... Erresistentzia keinuak beti ulertzen ditugu aurrez aurreko keinu bezala —zezena adarretatik heltzea—, baina badira beste erresistentzia keinu batzuk. Kasu honetan, erraz identifikatu ezin den zerbait izatea.

Irakurle bezala, korronte horretan sartzen bazara, dabilen ur horretan, entzuten baduzu, zerbait erlaxatu egiten da, ze zerbait askatu egiten duzu hor —honek izen bat du literatur ikasketetan, besteak beste—. Hor badago nik idazle modura egin dudan askatasun ekintza bat ere; hor egon nahi dut momentu honetan, lengoaiari hitz eginaraztearen leku horretan.

Askotariko testuak idatzi dituzu leku horretatik: hotsek gidatutako poemak, memoriatik edaten duten pasarte narratiboak, orrian alderantzira idatzitako poema luze-luze bat, saiakera kutsuko pasarteak... Nolakoa izan da idazketa lana?

Konposizio prozesu bat izan da, konplexutasun handikoa. Ze ni amaiera finkorik gabe joan naiz materiala sortzen. Baziren landu nahi nituen hainbat gauza; batez ere entzutea, leku jakin batean entzutea, hemen agertzen ziren irudiak, memoriak, soinuak. Liburua entzumen ariketa sakona izan da. Kontatu nahi nituen, soinuarekin batez ere, nire haurtzarotik etortzen ziren irudi batzuk, Lasarteko urte batzuk, hemen oraindik udalik ez zegoenekoak. Ze, 1986ra arte, Lasartek ez zuen udalik izan eta erabat abandonatuta egon da. 60ko hamarkadan guraso talde batek herria altxatzea erabaki zuen, lan komuna eta kolektiboa egitea, eta 900 familiatik gora elkartzea lortu zuten. Gure aita eragile horien artean egon zen; gazte hil zen eta memoria hutsuneak genituen. Horren inguruan ere galdetu dut, nola sortu zen hortik gero Lasarteko ikastola, esaterako. Hor gure aita figura garrantzitsua izan zen. Hori dena jakiteko eta entzuteko beharra neukan. Aldi berean, urte oso gogorrak izan ziren, frankismoaren osteko garaia eta hemengo gerra guztia. Nik oso ondo gogoratzen dut, adibidez, Poliziak Donostian nola hil zuen auzokide bat, [Miguel] Kastresana. Hori nire haurtzaroa eta nerabezaroa da, hor hazitako belaunaldikoa naiz.

«Liburua entzumen ariketa sakona izan da. Kontatu nahi nituen, soinuarekin batez ere, nire haurtzarotik etortzen ziren irudi batzuk, Lasarteko urte batzuk»

«Eta isiltasuna belaunaldi batzuk zeharkatzen», diozu pasarte batean. «Eta lengoaiaren gerran hazitako belaunaldia».

Bai. Lasarteko pasarte horiek idazteko, batez ere, garai hartako familia eragile batekin egon naiz, entzuten eta entzuten. Gero zaila egin zait zati horiek konposatzea. Liburua esaldika eraiki nahi izan dudalako, eta zati narratiboetan ere bilatu dudalako esaldi bakoitza poema bat izatea. Sintaxiaren lana sartzen da hor, ze ez dago paragrafoka idatzia, eta, beraz, logika ez da «hemen kontatutakoaren ondorioz gertatzen da beste hau». Ez. Esaldiaren eta lerroaren arteko konposaketa bat egon da denbora guztian, eta hor zentzu bat doa eraikitzen, zerikusi gehiago daukana paisaia batekin. Paisaia hori batzuetan narratiboagoa da, beste batzuetan poetikoagoa, eta beste batzuetan hitzen konbinazio bat, permutazioak izango liratekeenak.

Hasten zara materialak sortzen, eta momentu batean ikusten duzu badagoela batasun bat, norabide bat, paisaia horrek baduela koherentzia bat, erritmo bat, arnasketa bat. Horrek ez dauka zerikusirik argumentu batekin, noski. Eta, hala ere, niri gustatzen zait esatea nobela bat dela. Prosa poetikoarekin egindako nobela. Edo poemario bat. Gauza asko da. Literatura da, eta uste dut gure sisteman ere testuinguru natural batean egon beharko lukeela horrelako lan batek.

Zer zen garrantzitsua paisaia horrentzat?

Niretzat garrantzitsua zen sostengatua izatea, baina ez izatea zurruna, ze zurruna dena hautsi daiteke. Nahi nuen egonkorra izatea, estrainamendua ere eragingo zuena, eta, aldi berean, goxoa izatea, erosoa.

«Piloxic jaio niçan» da liburuko esaldi garrantzitsu bat, Lazarragaren eskuizkributik hartutakoa. Eta badira tradizioaren beste erresonantzia batzuk ere, Milia Lasturkorena, Orixerena eta Bernat Etxeparerena, esaterako.

Bai, biluzdura tradizioan bilatu nuenean, agertu ziren idazle batzuk; tartean, liburuan zehar garrantzitsua bihurtzen den Lazarragaren eskuizkribuko esaldi hori: «Piloxic jaio niçan…». Esaldi horren materialitatean biltzen dira gure bizitzako bi momentu zaurgarrienak: heriotza eta jaiotza, eta biluzik gaude bietan. Eta agertzen da pilox hitz zoragarria, bihurtu zaidana nolabaiteko estribilloa liburuan. Xuxurlatzeko gogoa ematen dizun hitza da.

Etxepareren «emaztia guiçzonaren petic buluzcorriric», esaterako, Ibon RG-ek Iaquin vahu lanean kantatzen du. Poema horretan kontatzen dena izugarria da; esaten da emaztea egoteko leku ederrena dela beso zabalik gizona gainean duela. Badakigu, tradizioa josita dago halakoekin. Egin dudana izan da esaldi zati bat hartu, beste material guztiaren alboan jarri, eta bera bakarrik deseraiki da, bera bakarrik biluzten da. Ez dut egin tradizioa berreskuratzeko nahi batetik. Horrekin iduri dezake berreskuratzeko beharra dagoela, eta nostalgia batetik egiten dela, hori existitu dela afirmatzeko. Baina ez da hori, gehiago da hori guztia deseraikitzeko eta berriro erabiltzeko, zertarako balio didan orain niri, XXI. mendeko emakume idazle bezala. Munduarekiko kezka batzuk dituena, etikoak, estetikoak. Hori dena dago.

«Beti daukagu joera esateko 'orain inoiz baino gehiago', baina orain dela hamar urte, orain dela hogei urte... Orduan ere iruditzen zitzaigun muturrera iritsia zela sistema»

Leku jakin bat entzutea aipatu duzu, baina badira garaiari lotutakoak diruditen esaldiak ere. «Bizitzaren aurkako gerra» aipatzen duzunean, esaterako. Garaia entzutea ere izan da asmoetarik bat?

Orainetik idatzia dago liburua, aipatutako presentzia horretatik, baita iragana ekarri dudanean ere, edo etorkizunerantz begiratu. Inportantea zen garaia agertzea, baina hor gehiegi erori gabe. Mundua etengabe dago marra gorriak zeharkatzen. Beti daukagu joera esateko «orain inoiz baino gehiago», baina orain dela hamar urte, orain dela hogei urte... Orduan ere iruditzen zitzaigun muturrera iritsia zela sistema, eta orain ere pentsamendu eta sentimendu sakon horrekin gaude. Momentu batean esaten dut liburuan: «Gure bizitza biloxiak kontrolatu nahi izatea da egungo eromena». Giorgio Agamben filosofoak pandemian idatzitako testu baten interpretazioa da.

«Gorputzaren denbora bat da, materia, kontzientziarena, bestea». Asko hitz egiten da gaur egun gorputzetik idazteaz. Zuretzat zer da, baina?

Niretzat gorputzetik idaztea da gorputzarekin konektatuta egotea —lurra, gorputzaren pisua, presente izatea nola dagoen une oro ia—, jakitea lurralde bat dela, konpost moduko bat, luarra, besteak hazteko. Jakitea gorputzean inskribatuta geratzen zaigun horretatik ikasten dugula. Eta jakitea ez naizela gorputz bat bakarrik, jakina. Hor sartzen da alde espirituala —ez erlijiosoa—, niretzat behintzat zerikusia duena ni-a transzenditzeko behar batekin. Mundua ez da ni-an hasten, ez eta ni-an amaitzen, zorionez, eta esperimentazioak ere badu horrekin zerikusia. Pixka bat haratago bilatzearekin. Nik ez dut egiten banaketarik pentsamenduaren eta gorputzaren artean. Egiten ez dudan bezala testura teorikoago bat edo poetikoago bat idazten dudanean. Bietan bilatzen dut erritmo bat.

Kuriosoa da, eta ziklikoa, bizitzaren alde materialaren borroketan lehen lerroan egon diren figura askok —hau bell hooks-ek ondo kontatzen du Feminismoa denon kontua da liburuan— sentitu dute alde espirituala lantzeko beharra euren ibilbideetan, eta hori berori beren borroka bideen elikagai ere izan da. Adibide asko daude.

«Irudimenak beste modu batean jartzen gaitu harremanetan inguratzen gaituen horrekin guztiarekin, bizirik dagoenarekin, ze existitzen den guztiak du hautemateko ahalmena»

Hitz poetikoak balio dizu zuri behar horrekin konektatzeko?

Hitz poetikoa beste frekuentzia batzuetan egoteko modu bat da —zientziak dio: harri bat agian ez dago bizirik, baina mikro-bibrazioak ditu—. Irudimenaren lana ere bada hori ekartzea, beste frekuentzia batzuetan ere mugi gaitezkeela, dena ez dela gure egunerokotasuneko bizitza materiala. Nik uste dut ez garela mundura horretarako bakarrik etorri, eta hitz poetikoak eskaini diezazuke erresonantzia bat egunerokotasunak eskaintzen ez dizuna. Harria harriagoa egiten du, nolabait esateko.

Liburuan lagunak gonbidatu ditut paseatzera, honen denaren inguruan hitz egiteko. Eta hortik gero erretratu sorta bat idatzi dut; liburuko beste geruza bat da hori, ez duguna aipatu.

Liburuaren azkenetan dator, solaskide izan dituzun beste zenbait autoreren ondoan. Idazketa espazio sozial modura ulertzen duzula esan izan duzu. Horregatik ere bada? Lankidetzan aritzearen garrantziagatik, plazeragatik?

Bai. Niretzat hau, liburua, ez da helburu bat, gero zonalde horretan jarraitzeko tresna baizik. Eta kasu honetan, bidaide batzuk izan ditut, bai aurretik, eta bai ondoren ere. Azkuna zentroak ikerlari kide izatera gonbidatu ninduen, eta bi urte dauzkat liburuko materialetik abiatuta bilatzen jarraitzeko. Gaztelaniazko itzulpena amaitu dut dagoeneko, Luz Pichel poetarekin eta Ane Garcia poeta eta itzultzailearekin —interesgarria oso hizkuntzen arteko jostura eta tentsioetan agertu dena—, eta liburuko testutik abiatuta, partitura batzuk prestatu ditut, ahotsarekin esateko. Azala espazioan egon naiz grabatzen Rafa Martinez del Pozo, Maria Ibarretxe eta Ibon RG-rekin, eta hortik soinu instalazio bat egingo dut. Soinu pieza horietan nabil orain lanean.

«Biluzdura zaurgarritasuna da, baina bada indargune bat ere»

 Bigarak Ixiar Rozasen 'Narrugorrik' libururako osatutako irudia.
Bigarak Ixiar Rozasen 'Narrugorrik' libururako osatutako irudia.
Narrugorrik izenburuarekin batera, biluzdurari lotutako zortzi hitzek izendatzen dituzte atalak ere: biluzik, larrubixik, narrugorrik, biloxik, larruhas, larrugorrin, pikarrai eta bülüzgorri. Zer leku izan du biluztasunak liburuko bilaketan?

Biluztasuna oso presente dago bai edukian eta bai forman. Kontatu nituen gauza batzuk oraindik intuizioak zirenean, narrugorrik hitza agertu zitzaidan bat-batean. Pentsatu nuen: «Listo». Narrutan, narrugorria... baina narrugorrik? Eta hitz horrekin batera aurkitu nuen Euskaltzaindiaren euskararen herri hizkeren atlasa ere. 2008koa da. Biluzdurari eskainitako maparen abiapuntuko galdera izan zen ea nola esaten zion jendeak arroparik gabe egoteari. Liluratuta geratu nintzen aldaera horiekin, eta urteetan izan ditut alboan. Hitz horiekin lan egitea erabaki nuen. Kasu batzuetan egon naiz aldaera erabiltzen den lekuan, baina nire lana ez da izan antropologoarena, etnografoarena; nire lana hitz hauekin espekulazio poetikoa egitea izan da. Mapan barneratu naiz, jakinda mapak ez direla paisaiak, eta hor ahoetatik eroritakoak bilatu ditut.

Nik nahi nuen mapa bera ere egotea liburuan, baina ez horrela, pantone fonetiko moduan. Orduan, libururako harritzar mapa sortu zuten Bigarakoek —Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak; Beltzuria-n eta Unisonoa-n ere haiekin egin nuen lan—. Hitzak berdin-berdin daude kokatuta, baina hitzik agertzen ez den inguruan, harriak hitz egingo balu bezala da, edo isiltasunak, esaterako. Bigararekin egin dut liburuaren irudiaren bilaketa.

Arroparik gabe egotea izan daiteke biluzik egotea. Liburuan, ordea, askoz modu zabalagoan begiratu diozu biluztasunari.

Bai. Biluzdura moduak agertzen dira. Ez bakarrik fisikoa, oraindik tabua dena, sexualizatu egiten dena, nahi eta nahi ez. Interesgarria da hori, ze gorputz biluzi batek beti erakusten du ez dela norberarengan amaitzen. Normala da Euskaltzaindiak egindako galdera; ze zer galdetuko duzu, nola esaten diozu heriotzari? Nola zaurgarritasunari? Horiek ere biluzdura motak dira eta beste geruza batzuk dituzte.

«Ez zait kasualitatea iruditzen justu biluzdura, tapatu eta ezkutatu omen behar den hori, gorriari hain lotuta egotea»

Zaurgarritasuna giza kondizioa da, eta interesgarria da zaurgarri hitzak zauri hitza daukala. Bulnerabilitateak ere, bere sustraian, vulnus, zauria dakar. Vulnus hitzarekin lan egiteko modu desberdinak egon dira pentsamenduan. Judith Butlerrek doluarekin lotzen du, adibidez. Adriana Cavarerok, berriz, kontatzen du zauri hori kanporantz irekita geratzen den zauri bat dela, azalari buelta ematen diona, biluzik geratzen dena [beso baten barrualdea erakutsi eta kanporantz atximurka egin dio azalari]. Sonar la voz liburuan idazten dut azken honetaz, inklinazioaren kontzeptuari jarraituz. Biluzduraren adiera horrek, zauriarekin zerikusia duenak, lotura handia dauka potentzialitatearekin, egin dezakezun horrekin. Niretzat zaurgarritasuna hori da: biluzdura bat da eta aldi berean indargune bat da, dudarik gabe.

Ez al da deigarria kolore gorriak zer presentzia duen biluzduraren bueltako hitzetan?

Bai. Koloreek, jakina da, klasifikazio unibertsalari jarraitzen diote, eta, gurean behintzat, koloreak dituzten hitzak zaharrak dira. Hau modu ederrean kontatzen du Patziku Perurenak Koloreak euskal usarioan liburuan. Euskaraz hitz asko dugu gorri kolorea dutenak, eta kuriosoa da zerekin duen zerikusia: beharrarekin eta ezinarekin, oinazearekin (gose gorria, negu gorria), biluztasunarekin eta sortasunarekin… Zentzu negatiboa du beti. Ez zait kasualitatea iruditzen justu biluzdura, tapatu eta ezkutatu omen behar den hori, gorriari hain lotuta egotea. Beti ikusi baita gauza negatibo bat bezala (parentesi artean esango dut, begira Bernedon gertatu zena, adibidez).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA