Gidariaren begietatik (I): Zaloa Ziluaga

Lekuak ere hizketan jartzea

Zinemagile batek buruan duen istorioarentzat diseinu bisual zehatzak proposatzea da arte zuzendari baten lana. Horretan dihardu azken urteetan Zaloa Ziluagak; 'Azken agurra', 'Yerma', 'Los domingos' eta 'Karmele' filmetako artea zuzendu du, besteak beste.

Zaloa Ziluaga zinemako arte zuzendaria, gidoi bat eskuetan, bere etxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zaloa Ziluaga zinemako arte zuzendaria, gidoi bat eskuetan, bere etxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
itziar ugarte irizar
Mungia
2026ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Zuzendari bat «moztu!» oihukatzen, teknikari bat klaketa kolpea jotzen, aktoreak elkarrizketak entseatzen. Ez da arraroa pelikuletan filmaketen irudiak ikustea, izan egiazko grabaketenak, izan fikziozkoak. Baina irudiek inoiz gutxitan bistaratzen dute zein lantalde zabala egoten den film baten atzean. «Engranaje lan handia da». Argi du hori Zaloa Ziluaga zinemako arte zuzendariak (Mungia, Bizkaia, 1971): «Gidoi bat irakurtzean, bakoitzak bere gauzak asma ditzake, baina denok leku berera heltzea da lana: zuzendariak argi duen ideia ahalik eta ondoen ematea». Arte departamentukoen kasuan, filmaren mundu bisualaz arduratzea da haien ardura; dekoratuak zutitzea, geruzaz geruza, leku guztiak janztea. Arte zuzendariari, berriz, beste guztiak martxan jarri aurretik, zuzendariaren ideia diseinuetara eramatea dagokio. «Beste kideen aldean, berezitasuna hori da: zuk hitz egiten duzu zuzendariarekin etengabe, eta zuk egiten duzu proposamena, gero denen artean defendatuko dena».

Hasi, kazetaritza ikasten hasi zen Ziluaga, ikus-entzunezko ikasketarik ez zegoelako orduan. Argi zuen, ordea, horretan zuela berak interesa, eta lanbide heziketara egin zuen jauzi handik gutxira, irudian eta soinuan trebatzera. Bide horri segika, Bartzelonara joan zen gero, eta handik, Gasteizera. Arte departamentuan «kasualitatez jausi» zela dio; gustatu, eta geratu egin zela. 1993-1994an egin zituen bere lehen filmak: Juanma Bajo Ulloaren La madre muerta eta Daniel Calparsororen Salto al vacío. Eta haren webgunean ikus daiteke zehatz zenbat filmetan egin duen lan ordutik: berrogeita hamarretik gora dira, eta berrienen artean daude Koldo Almandozen Azken agurra, Lara Izagirreren Yerma, Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos eta Asier Altunaren Karmele filmak, baita Ruiz de Azuaren Querer eta Almandozen Zeru ahoak eta Hondar Ahoak telesailak ere.

Aipatutako azken horietan denetan arte zuzendari modura egin du lan. Denboran atzerago dauden proiektuetan, ordea —Handia, Akelarre, Hil kanpaiak, Agur Etxebeste, Amaren eskuak, Bi anai, Izarren argia...—, departamentuko beste postuetan ageri da: dekoratzaile, dekoratzaile laguntzaile, errejidore, atrezzista, eraikitzaile, eta beste. «Esan dezagun, azpitik goraino, guztietan egin dudala lan». Uste du, partez, bildutako eskarmentuak zabaldu diola zuzentzeko aukera orain; baina beste faktore bat ere aipatu du: lanaren hazkundea. «Plataformak hasi zirenetik, duela zortzi-hamar bat urte, lan gehiago dago, eta, horren ondorioz, betiko arte zuzendariak lanpetuta dabiltza. Uste dut nire saltoa horregatik ere gertatu dela».

«Pertsonaia pozik egonez gero, etxea polita egongo da; depresioan badago, nahiz eta dirua izan, etxean ere igarriko da. Lekuak hitz egin behar du, pertsonaia zer momentutan dagoen hark ere aurkezteko»

 

Euskal Herrira itzuli aurretik, ibilbidearen parte handi bat Madrilen egin zuen Ziluagak, orduan lan gehiago han zenez. «Baina gero heltzen zaizu, adibidez, ama izateko ordua, eta argi neukan umea hemen haztea nahi nuela», aitortu du. «Lan honetarako ere, oso beharrezkoa da ingurukoen laguntza, ze ordu pila bat dira etxetik kanpo. Hitzarmenak hobetu egin dira, baina, garai batzuetan, 57 ordu ere egiten genuen lan astero. Orain, proiektuaren arabera, baina 40-45 ordu izaten dira». Iruditegi kolektiboan nagusitu ohi den ideia oker bat ekarri du, horren harira: «Esaten dizute: ‘O! Zineman egiten duzu lan?’, horrek glamourra ekarriko balu bezala berekin. Baina gero lan gogorra da —kamioiak kargatu, deskargatu, beti gora eta behera...—: asko gustatu behar zaizu. Emaitza hain izaten da sari handia, non horri eskerrak ematen duzun dena aldiro».

Gidoia nonahitik zatitzea

Bidea «astiro-astiro» egin ahala, zuzendari ugarirekin egin du lan Ziluagak, eta zortekotzat du bere burua horregatik. «Bakoitzak bere estiloa du; beti izan dut oso gustuko hori». Hala ere, aldeak alde, badira beti errepikatzen diren urratsak haien jardunean: dokumentazioa, lokalizazioak zehaztea, diseinuak egitea, aurrekontua doitzea, eraikitzea —baldin eta halakorik behar balitz— eta desmuntatzea. «Azken hau askotan ez da ikusten, baina gure egutegietan oso parte garrantzitsua da», oroitarazi du. Dokumentazioa du parterik politenetakotzat —«erreferentzia bisualak begiratzea filmetan, liburuetan, egunerokoan...»—, eta, horrekin batera, pertsonaien barruan sartzea: «Pentsatu behar duzu zelan edukiko lukeen etxea bere gaitasun ekonomikoaren arabera, bere une emozionalaren arabera... Pozik egonez gero, etxea polita egongo da; depresioan badago, nahiz eta dirua izan, etxean ere igarriko da. Lekuak hitz egin behar du, pertsonaia zer momentutan dagoen hark ere aurkezteko».

(ID_17854229573865) (/EZEZAGUNA)
'Karmele' filmeko dekoratu bat, aurretik. ZALOA ZILUAGA
(ID_17854229736725) (/EZEZAGUNA)
'Karmele' filmeko dekoratu bera, ondoren. ZALOA ZILUAGA

Puntuan lan egin duen film baten adibidearekin esplikatu du, Yerma-renarekin: «Ematen du epokako filmen aldean gaur egunean girotutakoak errazagoak direla, baina ez beti. Yerman-n, adibidez, zailtasunetako bat izan zen nola erakutsi denboraren joana leku berean. Ze askotan filmatzen da sekuentzia bat goizez eta handik lau urtera gertatuko den zerbait arratsaldez. Kasu horretan, sofa berezi bat aukeratu nuen, moduluak zituena; aukera eman zigun konposizio ezberdinak sortzeko».

Horretarako, beste departamentuetako kideekin elkarlan estuan aritzen dira etengabe. Batez ere, argazki eta jantzitegi departamentuekin. «Adibidez, ze gortina erabiliko dugun argazki zuzendariarekin begiratzen dugu, telaren arabera argi gehiago edo gutxiago sartuko delako eta horrek erabat aldatzen duelako irudia». Gidoia hartu, eta hamaika zerrendatan xehatzen dute. «Leku guztietatik zatitzen dugu», esan du, irribarrez. «Milaka karpeta eta excel dokumentu ditugu hodeian; ehunak, argiak, ibilgailuak, altzariak, eraikuntzarako materiala, landareak, eszenako janaria, efektu digitalak...». Horren guztiaren aurrekontu «oso estua» eramateaz errejidorea arduratzen da. «Aurretik esan dizuten diruarekin moldatu behar duzu. Erosten edo alokatzen dugun den-dena aurrekontuan sartu behar dugu».

(ID_17854230075325) (/EZEZAGUNA)
'Karmele' filmerako dekoratu bat, aurretik. ZALOA ZILUAGA
(ID_17854230250915) (/EZEZAGUNA)
'Karmele' filmeko dekoratu bera, ondoren. ZALOA ZILUAGA

Haien lanean oso garrantzitsua den beste bereizketa bat ere azaldu du: gidoiko atrezzoaren eta anbientazioko atrezzoaren arteko aldea. «Etxe batean bagaude, apalategi atzeko liburuak anbientazioko atrezzoa izango dira, eta pertsonaia irakurtzen ari den liburua, berriz, gidoiko atrezzoa». Azken hori, «esklusiboki», errejidorearen ardura izaten da; eta giro-sortzailea arduratzen da atzetik agertzen den beste guztiaz, atmosfera orokorraz. «Niretzat azken lan hori oso garrantzitsua da», azpimarratu du: «Liburu irekia, gau mahaiko edalontzia... suma dadila bizitza dekoratuetan, eta ez dadila nabaritu dekoratu bat denik. Baina hori azkena da. Lana prestatzen batek esan dezake: 'Ados; ba, orduan hartuko ditut baso hauek?'. Eta beti esaten dut: 'Ez, utzi hori; lehenengo, gauza handiak'». 

Ikusiko ez dena ere bai

Gutxienez hamar-hamabiko talde bat zuzendu ohi du Ziluagak, eta, dioenez, talde on bat osatzea da bere arduraren zutabeetako bat: «Konfiantzazko jendea hartzea inguruan, teknikari onak, gai izango direnak aurrera eramateko zuk zuzendariarekin adostu duzun ideia». Bera da, arte zuzendaria, lanean aurrena hasten dena; aste bat edo bi egiten ditu bakarrik; gero sartzen dira haren laguntzailea, giro-sortzailea eta errejidorea —«hor hasten gara gauzak bilatzen, desgloseak eta aurrekontuak egiten»—, eta, filmaketako egunak hurbildu ahala, gainontzeko taldekideak batzen dira. «Filmaketak iraungo duen denboraren proportzionala izaten da, gutxi gorabehera, gure lanaren iraupena ere; zazpi aste egotekoak badira filmatzen, demagun, arte zuzendaria zortzi bat aste lehenago sartzen da». Taldea osatzean, produkziokoekin ere izaten ditu sokatirak: «'Laguntzaile pare bat kenduko dizkizut', esan ahal dizute. Betikoa: dirua».

Muntatu eta desmuntatu. Behin filmaketa egunak iritsitakoan, hori izaten da etengabeko dinamika artekoentzat. «Zuk 360 graduan prestatzen duzu dekoratua, baina gero gauza gehienak ez dira ikusiko filmean, edo desenfokatuta ikusiko da. Filmatzean ere, taldea osoa sartzeko, alde bat desmuntatu behar izaten da, eta kontra planoa egiteko, gero berriz muntatu; horrela etengabe». Dioenez, nahiagoko luke filmaketan bertan hor egon, «koadrotik begira», baina arte zuzendaria nabean edo gauza guztiak dituzten tailerrean egoten da une horretan, hurrengo datozen lanak ixten.

(ID_17854229198055) (/EZEZAGUNA)
'Karmele' filmerako arte departamenduak eraikitako txalupa. ZALOA ZILUAGA

«Harro» dagoen filmetako bat Asier Altunaren Karmele da. «Aurrekontu txikiarekin, dekoratu pila bat atera genituen; epokakoak, Venezuela, Frantzia, Euskal Herria...». Baina, edonola ere, ez ei du proiektu kuttunik, ez bada lan bakoitzarekin amain ematea bere buruari. Ziluaga: «Film guztiak hartzen ditut maitasunarekin. Asko eragiten du norbera nola dagoen, zuzendariarekin ze harreman duen... baina erraz moldatzen naiz, eta bete-betean sartzen; zuzendariaren ideia hartu, eta proiektu bakoitza den bidaia disfrutatzen dut».

LANEGUN BAT FILMAKETA BETEAN

«Filmatzen hasitakoan, egunak nahiko antzekoak izaten dira». Goiz jaiki, eta nabean edo tailerrean abiatzen dute jarduna. Kamioi batean, egunerako behar dituzten gauzak kargatzen dituzte —«azken ordukoak; janaria, detaileak»—, eta beste batean, biharamunerako amaitzen ari diren dekoraturako gauzak. «Filmatzen hasterako, ni han egoten naiz dekoratua aurkezteko, zerbait aldatu beharko balitz-edo; dena ondo badago, hurrengo eguneko dekoratuaren lekura itzultzen naiz». Bazkalordura arteko tartea dute hori amaitzeko; bazkalostetik aurrerakoa, bulegoko lanetarako: mezu elektronikoei erantzun, zuzendaritzarekin hurrengo eguna zehaztu. «Baliteke lokalizazio bat ikusteko hitzordu bat ere izatea. Arratsaldea aldakorragoa izaten da». Filmaketaren hamar orduak igarota, lo-lekuetara erretiratzen dira. «Etxetik gertu bada, etxera; bestela, ekoizpenekoek jarri dizuten lekura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA