'zure ziztada behar dugu'

BERRIAren aldeko kontzertua eman du Ruper Ordorikak Altsasun

Jende ugari bertaratu da aretora.

2012ko azaroaren 10a
21:46
Entzun

BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainaren aldeko kontzertua eman du Ruper Ordorikak Altsasun, Iortia kulturgunean. Jende ugari azaldu da. Taldearekin bere ibilbideko errepertorio zabala eskaini du musikariak. Estudioan ibili da egunotan, musikariekin saioak grabatzen.

"Uneak ematen dio berezitasuna [Altsasuko kontzertuari]. Beti saiatzen gara emanaldiak tokian tokiko eta unean uneko egoeretara moldatzen. Herri musikak beti izan behar du lotura halako ekintzekin, BERRIAlaguna egitasmoarekin, kasu honetan. Neure eginkizuna oso lotuta ikusten dut herri honetako gorabeherekin", zioen Ordorikak atzo, BERRIAko elkarrizketa batean.

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Dagoeneko ia lau mila erdietsi ditu, 480.000 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.