Musika

Berta Kobarazki, euskal trabestiak inspirazio dituen musikaria

'Zero merito' lan laburra kaleratu zuen Berta Kobarazki musikariak uztailean; bere ibilbideko lehen lana da. Euskal kulturaren «berrikuspena» egin du kantuetan. Betizu taldearen 'Esaidazu' abestiaren bertsio bat egin du, Bibiana Bakanarekin batera.

Berta Kobarazki musikaria. BERTA KOBARAZKIK UTZIA
Berta Kobarazki musikaria. BERTA KOBARAZKIK UTZIA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko irailaren 9a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berta Kobarazki. Horixe da bere artista izena, eta horrelaxe ezagutaraziko du bere burua aurrerantzean. Proiektu berria da, eta, horretarako propio sortutako pertsonaia denez, sortzaileak ez ditu eman artistaren atzean dagoen pertsonaren izen-abizenak: «Nahiago dut artistikoki jokatu eta pertsonaia bat eraiki». Trabestien izenetan inspiratuta dago, eta lagunartean sortu zen: «Egun batean, lagunekin izenak asmatzen hasi ginen, barre batzuk botatzeko, eta hala sortu zen», azaldu du. Sakelakoan apuntatuta utzi zuen izen hori, 2023an proiektuari ekitea erabaki zuen arte. Orain, hiru urte geroago, zortzi kantuz osatutako diskoa kaleratu du: Zero merito.

Berta Kobarazkik txiki-txikitatik izan du musika lagun, aita eta aitona musikariak baitzituen; «Beti aritu naiz musika munduan, ez modu profesionalean, heziketa modu gisa ulertuta baizik». Baina ez da gertutik bizi izan duen mundu bakarra; ama jostuna zuen, eta bai musika eta bai moda, biak izan ditu lagun. Musikarekin esperimentatzen aritzen zela kontatu du, batez ere haurtzaroan: «Klasekideek futbolean jokatzen edo Play Station erabiltzen zuten bitartean, ni ordenagailuarekin aritzen nintzen, musika programetan saltsan».

Zerbait egiteko ideia aspalditik buruan bazuen ere, 2023an erabaki zuen horretan serio hastea. «Bizitzak erritmo batean eramaten zaitu, eta pentsatzen duzu: 'Noiz izango dut gelditzeko eta horri ekiteko aukera?'. Azkenean ezin izan dut gelditu, eta trena martxan zegoen bitartean igo behar izan dut». Euskal kultura eta folklorea beti izan ditu gertu, baina beste musika estilo batzuk ere baditu gustuko, musika elektronikoa, popa eta reggaetona, kasurako. Berta Kobarazkiren ustez, euskal kultura oso aberatsa da, eta azken urteotan kultura horri buelta bat eman dioten hainbat proiektu sortu dira; Merina Gris, Kai Nakai, Mirua eta Maruxak jarri ditu adibide gisa. «Euskal kulturaren arlo hori asko gustatzen zait; tradiziotik abiatuta berrikuspen hori egitea eta hortik musika berria sortzea». Hain zuzen berrikuspen hori egin du Zero merito-n.

Musikariak hasieratik argi izan du zein den bere lan berriaren kontzeptua, baina, publikoak ongi ulertzeko, manifestu bat ondu du Ainara Martinekin batera. Aitortu du proiektuarekin hastean beldur asko izan zituela; batez ere, jendeak bere lanaren inguruan izango zuen iritziarekin lotutakoak. «Lagunartean behin baino gehiagotan azaleratu dudan zerbait izan da. Ainarak [Martinek] lasai egoteko esan zidan, berak idatziko zidala manifestu bat». Ideiak partekatu, berrinterpretatu eta etengabe eraldatzen direla defendatzen du testuak. «Askotan, kulturan orokorrean, ez Euskal Herrian bakarrik, oso puritanoak gara. Mundu mailan oso sailkatuta dago zer den musika ona, zer musika txarra, zer dagoen ondo egitea...»

 

Atzeko lana

Diskoari izena ematen dion abestiak irekitzen du diskoa. Zero merito kantuan doinu elektronikoak dira nagusi, eta disko osoan zehar dute jarraipena. «Zure distira/ nire isiltasuna/ ni itzaletan beti itxaroten», aipatzen da pasarte batean. Hain zuzen, ikusten ez den lana eta aitortzarik ez duen ahalegina izan ditu ardatz musikariak bertan.

«Euskal kulturaren arlo hori asko gustatzen zait; tradiziotik abiatuta berrikuspen hori egitea eta hortik musika berria sortzea»

BERTA KOBARAZKI Musikaria

Zerrendako hurrengo abestia Ikusi makusi daeuskal kantu ezagunen zenbait erreferentzia sartu ditu Berta Kobarazkik. Trikiti doinu bereizgarriek ematen diote hasiera, eta jarraian dator abestiko lehen erreferentzia: «Behin batean Loiolan sua piztu zen», Behin batean Loiolan abestiari keinu eginda. Hemen bigarrena: «Fabriketako sirenek ez dute jo oraindik», Betizu taldearen Lokaleko leihotik-en pasarte bat hartuta. «Erreferentziak sartu nahi nituen, eta abesti bakar batean nahastu, zerbait dibertigarria sortzeko».

Musikariarentzat, haurtzaroan talde berezia izan zen Betizu taldea, eta, horregatik, Esaidazu abestiaren bertsio bat egin du diskorako: «Nire abesti gustukoena zen». Sortu zuen azkena izan zela esan du, eta zalantzak izan zituela diskoan sartu ala ez. Azkenean, lagunen eta ingurukoen iritziak bilduta erabaki zuen merezi zuela. Zalantzak zalantza, hasieratik gauza bat izan zuen argi: abestia ez zuela bakarrik egingo, eta, horrexegatik, Bibiana Bakana trabestiari kolaboratzeko proposamena egin zion. Baiezkoa jasota, elkarrekin lanean hasi ziren.

 

Bibiana Bakana aspalditik du gustuko Berta Kobarazkik, eta ongi gogoan du haren show bat lehenengo aldiz ikusi zuenekoa: «Gogoratzen naiz buruan zerbait piztu zitzaidala; pentsatu nuen: 'Hau posible da'. Batzuetan aurrez aurre ikusi behar da ausarta den norbait, zerbait desberdina egiten». Geroztik, musikariaren erreferente nagusietako bat dira euskal trabestiak; haren ustez, oso korronte indartsua sortu da azken urteotan, eta Albina Stardust, Luxury eta Maruxak-eko kideak jarri ditu, besteak beste, adibideen artean. «Guztiek izugarrizko konpromisoa dute euskararekin eta Euskal Herriarekin, eta horrek asko motibatzen nau».

Produkzio lanak

Abestiak sortuak zituenean, aurtengo urte hasieran, produktore bila hasi zen musikaria. Mundu ezezaguna zen harentzat, eta beldur zen ez ote zuen bere proiektua ulertuko zuen inor topatuko. «Konfiantza osoa izango nuen norbaitekin lan egin nahi nuen, hasieratik gauzak argi izateko eta ni neu izateko». Eta Bilboko Soda Music estudioa topatu zuen; Cretor —ezizena da— produktore gazteak sortutakoa. Batez ere musika urbanoarekin lan egin izan du, baina hasieratik elkar ondo ulertzen dutela sentitu du Kobarazkik.

Etorkizunera begira ez daki bere proiektuak zer-nolako bidea hartuko duen, baina argi du euskal iruditeria beti egongo dela presente; «bai musikan, bai modan». Hain zuzen, artista gisa bere irudia asko zaintzen du musikariak; Javier Lopez estilistarekin egiten du lan, eta hark proposatzen dio nola jantzi. «Azken finean, pentsa, trabestiak baditut inspirazio gisa, nola ez diot ba irudiari garrantzia emango?», gaineratu du barre artean. Momentuz ez dauka zuzenekorik lotuta, baina halakorik suertatzen denean showari ere garrantzi berezia eman nahi diola kontatu du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA