Elefanteen Zimiterioan, aipatu dut inoiz, errespetu handia zaie bertsioei, baita bertsio albumei ere. Eta, aurreratu bezala, halakoen tipologian sakontzen jarraitzeko, hona hemen kategoria benetan berezi bat: Bob Dylanen kantez esklusiboki osatutakoena. Dylan, zer esanik ez, munduko sortzaile bertsionatuenetako bat da, bi arrazoirengatik, nire ustez: alde batetik, bere kreatibitate berritzaileagatik (batez ere 1960ko eta 1970eko hamarraldietan borborka erakutsi zuena, folkaren, rockaren eta countryaren alorretan, eta horien arteko mugen deuseztapenean), eta, bestetik (barka nazatela dylanita amorratuenek), interprete bezala ez delako agian puntakoena, eta, ondorioz, jende askok pentsatu duelako (gehienetan arrazoiz) jatorrizkoa hobetu zezakeela. Izan ere, askotariko artisten albumetan Dylanen kanta solteen bertsioen zerrenda egitea ezinezkoa izanda ere, gizonaren gainproduktibitatea hainbestekoa izan zen, garai batean batik bat, ezen laster haren kantez osatutako disko osoak egiten hasi baitziren: lehenengoa, Linda Mason-ena, pentsa, 1964koa da (How Many Seas Must A White Dove Sail), hau da, Dylanek apenas hiru album argitaratuta zituenekoa. Luzea da ordutik aurrerako zerrenda, Cat Powerren zuzeneko hipererrespetutsura arte (Cat Power Sings Dylan, 2023, zeinetan 1966ko Royal Albert Halleko bolo famatua kasik notaz nota erreproduzitzen baitu); are Dylanek grabatu du bertsio album oso bat bere kantekin, horietako batzuk, kontzertuetan bezala, ezagutezinak bihurtzeraino bihurrituak (Shadow Kingdom, 2023). The Hollies taldeak, adibidez, bere karrerari bultzada berri bat emateko (Graham Nashek abandonatu berritan), zer eta haren kantetara jo zuen (Hollies Sing Dylan, 1969), emaitza popero-eztiegiekin agian. Edo bertsioen horren zalea den Bryan Ferryk ere, nola ez, egin zuen berea (Dylanesque, 2007), eta hemen ere deigarria da zein gutxi saiatzen den bere eremu dotorera eramaten, eta nola hurbiltzen den americana-ra. Gaurko nire hiru aukerak, edozein modutan ere, hauek dira.
JOAN BAEZ
'Any Day Now' Vanguard, 1968.
Â
Joan Baezi gertatzen zaio pixka bat Bob Dylanen alderantzizkoa: interpretea zen kantautorea baino gehiago, karreraren hasieran behintzat. Eta nolako interpretea: Dylan New Yorkera heldu zenean ondo ezarrita zegoen jada folkaren berpizkundearen zirkuituan. Laster ohartu zen, ordea, iritsi berriaren konposizioen indarraz, eta Dylanen bertsioak egiten hasi zen (1963ko Joan Baez in Concert, Part 2 bere laugarren diskoan haren bi kanta daude jada, eta ondorengo gehienetan hala egiten jarraitu zuen). Ezagunak dira, bestalde, bien arteko zuzeneko kolaborazioak, eta bizi izan zuten erromantze gorabeheratsua. Bada, 1968an, Dylanekikoak kito zirenean jada, album bikoitz hau grabatu zuen Nashvillen, osoki haren kantekin, batzuk ezagunak, eta beste batzuk oraindik Dylanek berak argitaratu gabeak. Baezek luxuzko banda bat izan zuen grabaziorako (tartean Stephen Stills gitarrista eta Pete Drake pedal steel jotzailea), eta abestietan estilo askotako hurbilpenak egiten baditu ere, geografiak agintzen du, eta country-rockaren eragina nabaria da. Legendak dio Joan Baezek Dylanen kanten partiturak lurrean sakabanatu zituela eta ausaz joan zela aukeratzen diskoaren errepertorioa osatuko zuten hamaseiak, eta bi egunetan grabatu zituela. Ez dirudi: disko eskisitoa da, hala ahotsaren aldetik (entzun Tears of Rage-ren a cappella-ko bertsio ikaragarria, The Bandek eta Dylanek berak grabatu zituztenen horren ezberdina), nola instrumentazioaren aldetik. Bertsioen ikasketa-bide horretatik, edonola ere, Joan Baez interpretea kantuen egile ere bihurtzen joan zen, One Day at a Time (1970) diskotik aurrera, eta Dylani odolkiak ordainetan eman zizkion Diamonds & Rust kanta ezagunarekin, haren erretratu ez bereziki gupidatsua egiten duena, izen bereko albumean (1975).
THE BYRDS
'The Byrds Play Dylan' Columbia, 1979.
Â
Badakit pixka bat tranpa dela hau bezalako hilondoko album bat erabiltzea hemen, baina ezin izan dut ekidin: inork Dylanen bertsio bikainak egin bazituen (bikainenak, akaso) The Byrds izan ziren. Eta, bai, taldeak urte batzuk zeramatzan bananduta bilduma hau argitaratu zenean, bere katalogoa zukutzeko Columbia diskoetxearen enegarren ahalegin gisa. Baina zentzu guztia zeukan: hasieran Roger McGuinn, Gene Clark, David Crosby, Michael Clarke eta Chris Hillman musikariek osatutako bandak Mr. Tambourine Man-en behin betiko bertsioarekin eman zion abioa bere karrera meteorikoari, folk-rocka sortuz bide batez, eta British Invasion delakoari lehenengo defentsa-lerro sendoa ipiniz. Formula sinplea zen: Dylanen folka eta poesia (orduan) inkonformista The Beatles-en pop-rockarekin nahastea, All I Really Want To Do-ren bertsioak ederki erakusten duen bezala. Duda gutxi daude The Byrdsen eraginari dagokionean Dylanek berak elektrikora egingo zuen jauzian, zeinarekin The Byrds Dylanen jarraitzaile, konforme, baina aldi berean aitzindari ere bihurtu baitziren, borgianoki. Taldeak, nolanahi ere, beti eutsi zion Dylanekiko miresmenari, eta ia disko guztietan grabatu zuen haren bertsioren bat: ukitu psikodeliko arina erantsita bat edo besteri (entzunMy Back Pages-ena, beste pieza bikain bat), edo taldeak ere asmatu zuen country-rockaren alorrera eramanda (You Ain't Goin' Nowhere ―Gram Parsons, laburki, taldearekin elkartu zelarik―, This Wheel's on Fire…), jatorrizkoari fidelago izaten bazekiten arren (The Times They Are a-Changin-ena). Nik, behintzat, argi daukat: Dylanengana hurbildu banintzen, bizitzaren une batean, The Byrds handien erruagatik izan zen.
AUDIENCE
'Bob Dylan berrikusia' Bidehuts, 2013.
Inor gutxi harrituko zuen americana-ren Gernikako maisuek (orain arteko) azken proiekturako Dylanen kantutegia aukeratu izanak, beren DNAren parte intrintsekoa den neurrian. Agian bai, ordea, hizkuntza-hautuak: Audiencek ohikoagoa zuen ingelesaren ordez, euskarara jotzen du goitik behera hemen, eta, hala, bertsio album (nolabait) bikoitza eskaintzen digu, hala musikaren nola hitzen aldetik. Hori, neurri batean, Dylani 2016an emandako Literatura Nobel sariaren albo-ondorio (positiboetako) bat da, urtero saridunaren lan bat itzultzeko ematen den Jokin Zaitegi bekaren emaitzan oinarritu baitzen taldea diskoa osatzeko, hots, Xabier Payaren lanean (Bob Dylan, 100 kantu, Elkar 2021). Emaitza biribila da, abantaila bat duena aurreko disko zaharrunoagoekin erkatuta: betiko 1960-70eko hamarraldietako klasikoez gain (Euri jasa latza dator kasik dantzagarri bat, gehiago zor diona Dylanek berak Rolling Thunder Revue biran jo zuen bertsioari, 1963ko The Freewheelin' Bob Dylan-eko jatorrizkoari baino; Iparraldeko neska ―ezinbestean― lasaiagoa; Ez hoa inora country-rockeroa ―alderatu berriz ere The Byrdsenarekin eta Joan Baezenarekin―; Zeruko atea joz zinematografikoa…), Audiencek, perspektiba historiko gehiagorekin, Dylanen ondorengo ibilbide agian ez horren emankorreko ale batzuk gehitzen ditu (Dena hautsi da hemen, 1989ko Oh Mercy lanekoa, eta Mendian trumoia, 2006ko Modern Times-ekoa), eta, ondorioz, panoramika osoago bat eskaintzen du aurreko albumek baino. Arazo bakarra du diskoak: zikoizkeria (bederatzi kanta soilik!). Oso dylandarra den zerbait, ados, baina diskoa labur egiten da: nik jarraituko nukeen Audienceren bertsio gehiago entzuten batere arazorik gabe.