Bertso Eguna urtarrilaren 27an egingo dute, Mungian, urtebeteko etenaren ostean

«Ibiltaria» izango da aurrerantzean, hainbat urtez Donostian egin ostean. Hilaren 4an jarriko dituzte sarrerak salgai, 'Bertsosarrerak' atarian

2016ko Bertso Eguneko irudi bat, Donostian. A. ELOSEGI / XENPELAR.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Urtebeteko etenaren ostean, berriz ekingo dio Bertsozale Elkarteak Bertso Egunari: urtarrilaren 27an egingo dute, Mungian (Bizkaia). Etenaldia iragarri zutenean jakinarazi zuten ekitaldia Euskal Herrira zabaldu nahi zutela, hainbat urtez jarraian Donostian egin ostean; ekitaldia «ibiltaria» izango dela berretsi dute orain, eta eskerrak eman dizkiote Donostiako Udalari urte luzez emandako laguntzagatik.

Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta Mungiako Udalaren eta Taket Mungiako Bertsolari Alkartearen laguntza izan dute horretarako. Oraingoz, egitarauaren zati bat baino ez dute aurreratu: urtarrilean emango dituzte xehetasun gehiago. Goizean, mahai inguru musikatua egingo dute Mugire txokoan. Eguerdian, hiru bazkari eskainiko dituzte hiru elkarte gastronomikotan, eta bakoitzean bina bertsolari arituko dira; 60-80 lagunentzako lekua izango da bazkari bakoitzean.

Eguneko saio nagusia arratsaldean izango da: Manex Agirre, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Sebastian Lizaso arituko dira bertsotan Alaitz Rekondoren esanetara. Bertsosarrerak.eus atarian jarriko dituzte sarrerak eta bazkaritarako txartelak salgai, urtarrilaren 4an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.