HILBERRIA. Joan Margarit

Bertso libreen bitartez kontsolatzea

RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gaztelaniaz sortu eta argitaratu zituen bizitzako lehen ahapaldiak Joan Margarit i Consarnau poetak (Sanauja, Lleida, 1938- Sant Just Desvern, Bartzelona, 2021). Alabaina, 1981ean erabaki zuen ama hizkuntzan idaztea: alegia, katalanez. Halere, poeta «elebiduntzat» zeukan bere burua Margaritek, eta bere olerki askoren bertsioak egin zituen gaztelaniaz. Hortaz, bi literatur sistemek galdu dute haien azken urteetako erreferenterik behinenetarikoa. Poetaren familiak adierazi duenez, duela urtebete baino gutxiago diagnostikatu zioten eritasun baten ondorioz hil zen Margarit atzo, 82 urte zituela.

1936ko gerra betean jaio zen Margarit. Arkitektura ikasi zuen, eta hori izan zuen ogibide. 1963. urtetik, ordea, lanbide teknikoa poetikoarekin uztartu zuen: urte horretan egin zen ezagun poeta gisa, artean soilik gaztelaniaz idazten zuela. Ez zitzaion iruditzen, aldiz, bi bideok elkarrengandik oso urrun zeundenik, Nuevas cartas a un joven poeta liburuan esan zuenari erreparatuta, behintzat: poetak eta arkitektoak eginbehar bera zutela adierazi zuen bertan; alegia, «estruktura solido bat» sortu beharra zutela. Poesiak ahalik eta hitz gutxienekin lortu behar zuen zurruntasun hori. «Zehaztasun horretatik datorkio bere kontsolamendurako boterea».

Estruktura gogor hori betetzeko, eduki are gogorragoak izan zituen Margaritek. Poeta «izakirik errealistena eta pragmatikoena» dela esan zuen behin, «errealitatetik edaten» duelako. Berak ere izan zuen zer edana bere errealitatetik: haurra zenean, aita errepublikanoa atxilo eraman zuten frankistek, eta arreba txikia meningitisak jota hil zitzaion; helduaroan, bi alabaren heriotzei egin behar izan zien aurre. Bizipenak poetikaren lehengai izan zitzaizkion, baina jazoera horietatik kontsolatzeko tresna gisa baliatu zuen orobat jardun literarioa. Poesiaren alde hori aldarrikatu zuen 2019an, Cervantes saria irabazi berritan: «Jende bakartia kontsolatzeko egiten dut lan».

Espainiako sari prestigiotsuena izan zen irabazi zuen azkena, baina aurretik trumilka zituen bereganatuak. Jatorrian, 1980ko hamarkadatik ari zitzaizkion aitortza egiten, eta, XXI. mendean, Kataluniako sariei nazioartekoak batu zitzaizkien. Instituzioen eta irakurleen oniritzi ukaezina lortuta hil da Margarit, eta, Ulises en aguas de Ítaca olerkian heroiaz esan zuen bezala, berak ere «salbatzen jarraituko» du behin eta berriro, irakurleengan bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.