Bertsoz jantzita iritsiko da maiatza Bilbora. 27. Udaberriko Bertso Saioak izango dira Karmelo plazan, Santutxuko Bertso Eskolaren eta Bilboko Udalaren ekimenez. «Puntako bertsolariek» kantatuko dute «aurten ere», Nagore Zuazo antolatzaileak nabarmendu duenez. Euskal Herriko azken txapelketako finalari begiratuko diote maiatzaren 7an izango den saioan: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze izango dira elkarrekin kantuan.
Aldiz, Euskal Herriko txapelduna, alegia, Maialen Lujanbio maiatzaren 28an ariko da, Sustrai Colina, Jon Maia eta Unai Iturriagarekin. Maiatzaren 14an izango den emanaldiak, berriz, iragan abenduan Bizkaian izandako zortzi finalistetatik lau bilduko ditu. Arkaitz Estiballes txapelduna eta Etxahun Lekue —harekin batera buruz burukora iritsi zen— izango dira, baita Onintza Enbeita eta Beñat Ugartetxea ere, hurrenez hurren laugarren eta bosgarren sailkatutakoak.
Txotxongiloak, bertsotan
Maiatzaren 21ean umeentzako saio berezi bat izango da. Kontakatillu taldeak Katillukadak eskainiko du, bertsoa eta txotxongiloak uztartzen dituen emanaldia,Begoñako auzo etxean, 12:00etan. Aitor Ormaetxeak eta Mikel Ibarzabalek osatzen dute taldea. Lau ipuin kontatuko dituzte, beraiek sortutako txotxongiloen eta Estiballesek onduriko bertsoen bitartez. Katillu pertsonaia izango da denetan gidari. Erretiratutako bertsolaria da, baina sasoiko dago, emanaldiaren amaieran erakutsiko duenez. Zuriñe Iarrituk jarritako erronkari erantzungo dio. Katillukadak antzezlana salbu, 13:00etan izango dira saio guztiak, eta sarrera doakoa izango da. Santutxuko Bertso Eskolak jarriko ditu gaiak.
Bertsoz jantzitako udaberria izango da Bilbon
Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Jon Maia, Amets Arzallus eta Andoni Egaña ariko dira Santutxuko saioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu